Ez dira gutxi, beren gaiei euskal ukituren bat eman nahirik edo, beharbada, euskal kulturari lagundu guran, edo euskara ere badakitela erakusteko, beren erdal izkribuetan, aldizka, euskal hitzen bat tartekatzen duten idazleak. Eta horrela, «A Ainhoa, de sus aitatxus», «un musu para Mikel, de sus aitites» modukoak irakurtzen ohitzen ari gara. Beharbada, horrela idazten dutenek borondaterik onenagaz egiten dute, eta euskarari kalte egiteko asmo gaiztorik gabe, baina horrelako idazkien ondorioak, egia esan, tamalgarriak bezain negargarriak iruditzen zaizkit.
Hizkuntza zibilizatu guztietan gauza bat da, zerbait nola esaten den (edo nola uste dugun esaten dela) eta beste bat nola idazten den, eta, horretarako, ez da nahikoa izaten belarri hutsa, eskola eta ortografi arauak jakitea baizik. Esan, eta entzun, gaztelaniaz ere ven paquí, a la casal medio, alderredor, san ido palotro lao dabajo egiten dira, baina horrela idazten duenaz guztiok dakigu zer pentsa.
Izan ere, euskararekiko tratua oso penagarriagoa izaten da. Alde batetik,hizkuntzaren jendaurreko agerrera idatzia oraindik oso urria izaten da, eta,gainera, euskaraz zerbait agertzen den baterako, jende euskaldunak—haurrek batez ere— lehendik dakitenaren sendagarri izan beharrean, idatzizko testuek askotan nahaste kaltegarriak zabaltzen dituztelako. Jar dezadan adibide bat:
Espainolez, padre eta madre hitzez gainera, guraso biak adierazteko, bada forma plurala ere, hau da, padres, maskulinotik aterea, beste hainbat hitzetan bezala (hijos, tíos, nietos, amigos, herederos, conocidos...), aspaldiko ohitura tradizional horrek sarritan, sexista delakoan, feministen protestak erakartzen dituen arren. Beste hizkuntza batzuetan, ordea, gauzak ez dira berdin izaten. Horrela, maiz euskaraz ezin erabil daiteke maskulinoa sexu bien balioarekin, eta forma biak aipatu beharra dago nahitaez: aita-amak (edo gurasoak), seme-alabak, neba-arrebak, izeba-osabak, aitona-amonak... Europako beste kultura-hizkuntza garrantzizko batzuen antzera: frantsesez père/mère, ingelesez father/mother, alemanez Vater/Mutter baina les parents, the parents, die Eltern, pluralean, hurrenez hurren.
Horregatik, erdarazkoa barik, euskal eskema erabili nahi badugu, izen bi horiek justaposizioz jarri behar dira, bata bestearen ondoan: eta sus aitas, sus aitonas ez baina: su aita y su ama, su aitona y su amona esan eta idatzi behar da.
Halere, badira kasu batzuk, frantses, ingeles eta alemanez bezala, euskaraz ere pluralez aitak esan daitekeena. Bata kongregazio edo ordena bateko kideak direnean: aita eskolapioak edo aita jesuitak adibidez, hor zentzu figuratuan bada ere, aitak bai, baina amarik ez dagoelako. Beste kasu bat, gurean gutxitan erabilia eta, espainolaren eraginez maiz gaizki,Elizako Aitak litzateke. Esaterako fr. Les Pères de l'Église, ingl. The Church Fathers, alem. die Kirchenväter bezala, grezieraz Ekklesiastikoi Pateres deituak, hau da, Eliza katolikoaren hasierako apaiz, filosofo eta idazleak, gehienak apezpikuak, eta guzti-guztiak gizonezkoak, eskolapioak edo jesuitak bezalaxe. Eta ez dira ahanztekoak, noski, sexu berekoen arteko ezkontzak, horietan«ume baten aitak, edo amak» zehaztasun osoz esan daiteke eta.
Koofizialtasunezko aspaldiko hogeita hamar urteok ez dira alferrik iragan. Artean ikastolek, eskolek eta institutuek beren lana egin dute, eta euskara ona, arautua eta estandarra irakasten saiatu dira; eta horixe da gaurko haur eta gazte gehienek ikasia dutena. Gainera, aski da edozein euskal hiztegiri begirada egitea, bertan aitona, aitaita (edo aitita), aitatxi, edo aitajauna aurkitzeko, amona, amama, amatxi eta amandre-ren ondoan, baina hizketa maila hutsezko aite, aitxe, aitite, aitxita, aitxitxe eta amume bezalako aldaki arruntik ez, ordea, espainol idatzian ere pare, mare, agüelo edo güela-ren gisakorik topatzen ez den bezala. Bestalde, hiztegiek ez dute kosk egiten, eta ez dute hortz edo hagin zorrotzik. Aldiz, kontsultatzekoak izaten dira, behialako euskerabakisú-n gelditu diren lagun batzuk horretaz oraindino konturatu ez badira ere.
Senideen izenokin, hizkuntza estandarrean, idazterakoan, eskuarki aldaki erabilienak edo ezagunenak bultzatzen dira, (gurean aitona eta amona, adibidez) baina horrek ez du esan nahi bestelako forma zabalak baztertu eta gaitzetsi behar direnik. Hor, edozein Akademiaren erregelen gainetik, ohitura, sentimendu eta maitasunezko arauak daudelako. Horregatik, ama Bizkaikoa eta aita gipuzkoarra baldin baditu, normala izaten da umeak amaren partekoei aitita eta amama, eta aitaren aldekoei, aldiz, aitona eta amona deitzea, beste mintzaira batzuetan inoiz gertatzen denez.
Hizkuntzaren normalizazioak, neurri handiz, hizkuntzarekiko errespetua edukitzea esan nahi du. Eta maiz, ahoz behintzat, aitortzen dugun bezain euskaldun eta abertzale zintzo baldin bagara, euskararen tratamenduan ere inguruko erdara ofizialekin darabilgun seriotasun eta errespetua bera erakutsi beharko genioke guztiok etxekoari ere. Dena delako arrazoiagatik euskara ikasi edo landu nahi ez duen ezjakinak, gutxienez, ez dezala gure hizkuntza kakaztu eta erdarakadaz bete, aberrazio horiekin borondate oneko euskaldun jendea nahasi eta iraindu gabe.
Aita-amen eta beste senide izenen inguruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu