Aisialdia feminismotik eraikitzearen garrantzia

2012ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Urtxintxa Eskolak 25 urte bete ditu eta urtxintxakide batzuk askoz gehiago. Urte hauetan guztietan, emakumeon egoeraren inguruko hausnarketa asko burutu ditugu, eta ondorio argi batera heldu gara: feminismoa aisialdia eta astialdia bizitzeko eraren oinarrietako bat izan behar dela.

Botere harremanei aurre eginez, bestelako jendartea sortu nahi duen bizitzeko modua eta ideologia da, feminismoa. Urtxintxa Eskola osatzen dugunok feminismoaren aldeko hautua egina dugu, eta proposatzen dugun hezkuntza proiektua feminismoaren balioetan oinarritzen da.

Emakumeon egoeraren inguruan aritzen garenean, berdintasun garaian bizi garela dioten esakuneak sobera ezagunak zaizkigu egunerokoan, baina emakumeok bigarren mailako herritarrak izaten jarraitzen dugu, eta gure eskubideak, formalak eta arautuak badira ere, ez dira errealak.

Etengabeko prekarietatean bizi gara. Krisi garai honetan, emakumeen egoera kaskartu dela esan dezakegu, emakumea egoera txarrean beti bizi izan dela jakinik ere. Emakumeon lan baldintzak prekarioak dira;erregimen bereziek indarrean jarraitzen dute, eta ekonomia ezkutuetan presentzia nabaria da. Zaintza eta etxeko lanak ez dira sozialki beharrezkotzat hartzen, eta emakumeon esku gelditzen dira oraindik ere, eta azkeneko neurri instituzionalek egoera mantendu besterik ez dute egin.

Bestalde, emakumeon kontrako indarkeria egiturazkoa da, sistema kapitalista mantentzeko tresna nagusia. Instituzioetatik bideratzen diren politikek konpromiso falta eta aurrekontu falta argia azaleratzen dute. Modu isolatuan lantzen dituzte erasoak, eta ez dituzte benetako neurriak proposatzen. Prebentzioa oso gutxi lantzen da, eta egiten den apurra ez da lehentasun gisa jorratzen.

Momentua larria da, eta lehentasunak argiak dira. Urtxintxa Eskolatik aisiaren eta astiaren inguruan irakurketa propioa egiteko beharra ikusi dugu; emakumeenganako diskriminazioa nola gertatzen ari den aztertuz, eta hezkuntza ez-formalean egitekoen zerrenda zein izan behar den planteatzeko asmoarekin.

Hezkuntza formalean gertatzen den bezala, hezkuntza ez-formalean ere, genero sistema presente dagoen mamua da, bizi-bizi. Horren adibide ditugu astiaren ulerpen androzentrikoa (lanaren kontzeptuari jarraiki, gerora azalduko dugunez) eta aisialdi jardueren arteko gutxiespen egoerak, besteak beste.

Astia kontzeptua ulertzeko, testuinguru soziokultural batean kokatu beharra dago. Astia sistema kapitalistaren barnean lan eremutik kanpo dugun denbora gisa definitu da. Abiapuntu horren gakoa, lana bizitza pribatutik at, eta denbora, espazio publiko zehatz batera mugaturik ulertzearen ondorioa litzateke. Ikuspegi horren arabera, lanaren eta «ez-lana»-ren arteko muga, logika patriarkalaz eraiki izan da. Era horretara, historikoki eremu feminizatua izan diren birsortzearekin loturiko lanek edota esparru pribatuko jarduerek astiaren zentzu honi ez diote erantzuten; eta, beraz, emakumeen astia kolokan jarri da.

Baina denborarena ez ezik, astiak askatasunaren kontzeptua ere bereganatzen du denbora hori «librea» dela esanez, ideologia liberalaren beste ondorio bat. Astiaren erabilpena modu askean ematea zalantzan jarri beharra dago. Izan ere, hainbat arrazoik baldintzaturik, aisia historikoki genero dikotomiak baldintzatu izan du. Maila sinbolikoan zein praktikoan, esparru publikoarekin eta pribatuarekin loturiko aisialdi jarduerek maskulinoaren eta femeninoaren banaketari erantzun diote, hurrenez hurren.

Aisialdiko praktikak genero identitatearen ondorio bezala azaldu izan dira, balioek, jokaerek, sentimenduek zein gorputzaren ezaugarriek bultzaturikoak bailiran. Honen adibide, emakumeen aisialdia intimitatearen zein afektibotasunaren garapenarekin lotu izana, gizonena jarduera fisikoarekin eta lehiarekin lotu den bitartean. Sistema natural baten erantzuna izango bailiran.

Botere harreman horiek egoera naturalen erantzuna baino, eredu kultural-normatibo baten ondorio dira. Era berean, aisialdi jarduera horiek, genero jendarteratze prozesua bermatzen dute. Hauek, genero-arau sistemaren baitan barneratzeko gidariak dira, genero arteko botere harreman asimetrikoak bultzatzen dituzten bitartean.

Gaur egungo haurrak eta gazteak, lehen esan bezala, berdintasun formalean heziak izan dira eta izango dira. Balio feministak oinarri hartuz, bestelako hezkuntza baten alde ari bagara, oso garrantzitsua da sozializazio prozesua beste modu batean planteatzea harreman parekideak sortzeko; jaiotzen garen unetik hasita.

Bide honetan, aisialdian, eta nola ez, hezkuntza formalean ari garenok, gure betiko eskema patriarkala alde batera utziz eta egoera eraldatuz, beste mota batzuetako jarduerak garatu behar ditugu. Egun erreferente diren eredu tradizionalak apurtuz eta feminismoari behar duen tokia emanez,aisialdia eraldatu behar dugu.

Astialdiaren eta aisialdiaren kontzeptuak zein jarduerak eraldatzeko beharraren aurrean, hezkuntza ez-formalari aktiboki helduz, Urtxintxa Eskolak, astialdian hezkuntza hezkidetzailea proposatzeari eta antolatzeari ekin dio, eta ekingo dio. Feminismoari helduz, eta eraldaketaren beharra ahalik eta esparru zabalenera hedatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.