Nafarroako Parlamentuko presidentea da Ainhoa Aznarez, gure komunitateko bigarren agintaria, beraz, baina, batez ere, adiskidea dut, duela hemezortzi urtetik hona.
Adiskidetasun hori PSNko militantzian landu dugu, eta arlo politikoan eta pertsonalean bat gatozen beste hainbat kontutan ere bai, gazte borrokalari baten eta politikako beterano baten artean izan litezkeen desadostasun logikoak gorabehera.
Arrunt garai biziak pasatu ditugu, garai zailak, gogor-gogorrak, PSN asaldatu horretan militante izan garen bitartean; beti toki berean egon gara, alde berean, PSNk jarrera dudarik gabe ezkertiar bat izan zezan lanean, eta haren bi arimek, hau da, estatalak eta euskaldunak bat egitearen alde.
Urte haietan, Ezker Sozialistan ere izan genuen gure esperientzia; babesa eman genion Jose Antonio Perez Tapiasen alternatibari, eta zubiak altxatzearen alde egin genuen ETAren indarkeriak sorturiko gatazkari zegokionez. Izan ere, indarkeria hark Ainhoa Aznarez ere ukitu zuen, ni bezala, berunezko eta suzko urte haietan; haietarik zortzitan bizkartzainekin ibili behar izateraino, burugabe haien erasotik babesteko.
Kontraesan horiek ere bizi izan ditut; are kontraesan handiagoak euskaldun izanda, eta euskal kultura eta haren sustraiak defendituta. Mehatxaturik egon eta, aldi berean, besteari ulertzen saiatzeko kontraesana, eta, bidezkoa zenean, babesa eta elkartasuna erakusteko kontraesana: horrek bidegabekeriak ekarri zizkigun, intolerantzia eta ezin ulertuak, haiekin edo haien kontra zaudela uste dutenen aldetik.
Emakume aparta, emakumearen eskubideen aldeko borrokalaria, berdintasunaren aldekoa; lagunartean esaten den bezala, langile porrokatua; herri xehearen zalea, zintzoa eta bere printzipioei leiala, zailtasun guztien gainetik. Ezin izan zuen presioa eraman Torquemadak menderaturiko PSN horretan; nik oraindik segitzen dut aukera bat eman nahian biok bizipenez oinordeko garen sozialismo horri, eta biok gaude ados hainbat gauzatan, nahiz eta orain zeinek bere erakundean militatu.
Eta orain, nire adiskideari, parlamentuko presidenteari, ETAk Berriozarren orain dela hamabost urte hildako Francisco Casanova omentzeko ekitaldi batean —han baitzen nire adiskidea, beste hainbatetan bezala, eta neu naiz testigu—, bere ausardia eta biktimei dien errespetua onartu beharrean, oihu egin zioten, eta irain, eta umiliatu, laster batean irtenarazteraino, alargunari doluminak eman ere egin gabe, astakirten haiek zer egingo ote zuten beldurrez. Bai baitakit erasoko zioten beldurrak egon zela.
Onartezina izan zen, gaitzesgarria, baina okerragoa izan da han ziren ordezkari politikoak, ustez, ezertxo ere egin gabe geratu zirela, eta okerrena: han zen Rajoyren gobernu ordezkaria ere, Carmen Alba.
Hori guztia gertatu eta handik gutxira mintzatu nintzen Ainhoarekin, eta, hura ezagututa, ohartu nintzen egoera larria izan zela: igartzen zen zein urduri zegoen, eta elkartasun handia sentitu nuen, baina baita sumin handia ere.
Sumina, bidegabekeria itzel horregatik, hori egiteko kapaz den jendeagatik, baina, batez ere, Carmen Albaren erreakzioagatik —antza denez, ikusi baitzuen han zer gertatu zen—. Non dago Mozal Legea halakoetan? Edo batzuei aplikatzekoa da, eta besteei ez?
Orain, hori guztia gaitzesteko garaia da, Ainhoari elkartasuna erakustekoa, baina baita erantzukizunak eskatzekoa ere. Carmen Alba, ekitaldi horretan, Mariano Rajoy ordezkatzen ari zen, eta, beraz, hark eskatu behar du barkamena eta neurriak hartu, justizia egin dadin.
Rajoy jauna bide arduragabe batetik dabil, ez baitu bururaino eramaten bake prozesua, zeina arriskutsuki geldirik dagoen. Mamu zahar batzuk hauspotuta, erabat okertzen ari da: jarrera burugabe horrek halako ondorioak izan litzake.
Ezin onartuzkoa da Berriozarren gertatua, baina, batez ere, modu horretan gertatu izana. Bide okerretik doaz, baina ea hori gertatu izanak ikusarazten dien beste alde batera jo behar dutela; edo beraiek, edo, gutxienez, atzetik datozenek.
Ez gaituzte kikilduko, adiskide, eta ez digute bidea aldaraziko; haiek ez zuten lortu, eta horiek ere ez, argi eta garbi baitauzkagu ideiak: eskuzabaltasuna, ausardia, elkarrizketa da hau konpontzeko modu bakarra.
Ainhoa, sumindurik, hona nire salaketa: nire babes eta elkartasun guztia duzu... beti bezala.
Ainhoa Aznarezenganako elkartasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu