Abokatua

Ahuntzaren kumeak, antxume

2024ko ekainaren 11
05:00
Entzun

Gaur, ekainaren 11n, hamar urte betetzen dira Madrilgo Kongresuko Osoko Bilkurak Juan Carlos I.a erregearen abdikazioari buruzko lege organikoa onetsi zuenetik. Egun batzuk geroago, ekainaren 19an, toki berean, Espainiako errege aldarrikatu zuten Felipe Juan Pablo Alfonso de Todos los Santos de Borbon y Grecia, Felipe VI.a izenarekin. Bere aita Juan Carlos I.a izenduna ez zen biltzarrera bertaratu. Joan izan balitz, gora erregeaz, gora Espainiaz beteriko ekitaldiaren distira lohituko zukeen.

Inor izatekotan Guiness izandako komisionista eta iruzurgile erreal haren abdikazioaz egindako botazioa honakoa izan zen: aldeko 299 boto (PP, PSOE, UPyD, Foro Asturias eta UPN), 23 abstentzio (CiU, EAJ eta Coalición Canaria) eta kontrako 19 (IU, ERC, BNG eta Compromis). Gure aldetik, Amaiur taldekook, erabaki genuen botazioan ez parte hartzea, gure irudiko ikaragarrizko iruzurra baitzen. Gauzak horrela, nire esku-hartzearen ondotik (niri egokitu baitzitzaidan taldearen izenean mintzatzea) eta oholtzatik ikurrina astindu eta gero, hemiziklotik atera ginen «kanpora, kanpora!», «zer lotsa!» oihuen eta epiteto aski lodiagoen artean (putakumeak!, terroristak!). Horiek ez zituzten bildu Kongresuaren Aldizkari Ofizialean, baina gogoz oihukatu zituzten.

Monarkia borboitarraren lifting operaziotzat hartu genuen ekintza hura. Honetan zetzan, alegia, jendeari sinetsaraztea une hartatik aitzina puntu eta bereiz izanen zela leinu erreal baten ibilaldian, Juan Carlos I.a abdikatuaren ibilerak salbuespena izan ez baziren ere, errepikatutako araua baizik. Gainera, horrekin lurzorura botatzen zen Franco genozidak bere oinordeko izendatu zuenaren irudia, nahiz eta, trantsizioan, bizitza osoko demokrata bihurtu zuten. Adostasun demokratikoa deitu zuten.

Gure esku-hartzean azaldu genuen botazioa trukatuta zegoela, zeren eta karta-sortatik edozein karta aterata ere, beti errege bat irteten baitzen. Errepublika batekin zerikusia izaten ahal zuen ezeren alde egiteko hauturik ez. Horregatik aipatu genuen Bertolt Brecht, honakoa idatzi zuena: «Jauntxo aunitz izan genituen. Hienak, tigreak, arranoak eta zerriak izan genituen eta denak elikatu genituen. Hobeak edo txarragoak, gauza bera zen: zanpatzen gaituen bota, beti da bota bera. Ulertzen duzue zer erran nahi dudan: ez bota aldatu, botarik ez izan baizik». Eta guk gehitzen dugu: «Ez erregea aldatu, erregerik ez izan baizik. Ez aita, ez semea, ezta Francoren espiritua ere, biengan habia egina baitu». Eta aurrekoa erranda, hemiziklotik alde egin genuen.

Felipe VI.a errege berria ez zen arotan jostetan zebilen haur horail inozente hura, bere aita erruz prebarikatu eta Persiar golkoko petrolio-monarkiekin (satrapak, misoginoak eta giza eskubide ororen urratzaileak) tratua izaten zuen bitartean. Orobat, ezin erran lurralde horietara egindako bidaien berririk ez zuela, horietan aita bankero eta enpresari andanarekin joaten zenean haien negozioak handitzera satraperri haietan eta haiengatik komisio mardulak kobratzera. Ez zen kaikua ere Urdangarin koinatua eta Cristina arreba ustelkeriatan ibiltzeko zuten zaletasunagatik ikertuak izan zirenean, lehendabizikoa kondenatua gainera. Ez. Felipe Juan Pablo Alfonso de Todos los Santos-ek 40 urte zituen orduan eta hagitz ongi bazekien zein girotan hazia zen eta bere inguruan zer ari zen egosten.

Felipe VI.a, bere aitak Corinna zu Sayn-Wittgenstein enpresari alemanarekin (Corinna Larsen gisa ezagunagoa) zituen azpijokoen jakitun zen. Orobat ezagutzen zuen offshore funts bateko bigarren onuraduna zela. Funtsak Mirabaud banku suitzarrean zuen kontua eta bertan sartu ziren 100 milioi dolar Saudi Arabiatik, Medina eta Mekaren arteko AHTa eraikitzeko esleipenagatik enpresa-partzuergo espainiar batek ordaindutako komisioarekin zerikusia zuen kopurua. Felipe VI.ak azkenean errekonozitu zituen ekintza horiek, baina soilik The Telegraph egunkari britainiarrak argitara eman ondoren.

Bertze lifting operazio bat. Orduan, Felipe VI.ak iragarri zuen bere aitaren jaraunspenari uko egiten ziola eta hark Estatuko Aurrekontuen kargura urtero hartzen zuen diru-kopurua erretiratzen ziola. Itxurakeria hutsa, jakitun baitzen uko egite horrek ez zuela inolako balio juridikorik, Juan Carlos I.a hil ondoren soilik gauzatu ahal zuelako. Eta aurrekontuetatik urtero hartzen zituen 198.845,10 euro-kopuruari dagokionez, huskeria zen, 2.000 milioi euro inguruko ondasunak zituenarendako.

Koroatze ondotik, Felipe VI.ak bere aitaren oinatzei jarraitu die. Persiar golkoko herrialdeetara egindako bidaiak eta bertakoekiko harremanak (Saudi Arabia, Dubai, Kuwait, Abu Dhabi, Qatar, Oman...) lehentasun nagusietakoak ditu. Azpimarratzeko Marokorekin dituen adiskidetasun estuak ere (Sahara monarkia alauiaren esku betiko abandonatzeak ere badu horrekin zer ikustekorik, jakina), errege gisa lehendabiziko bisita ofiziala hara egin baitzuen. Errandakoa, zaharrak berri. Agian, hemendik hamar urtera jakinen dugu zer zegoen bidaia horien guztien atzean. Adi egon!

Bukatuko dut. Felipe VI.a errege aldarrikatu zutenetik hamar urte pasatu diren honetan, badira mintzatzeko moduko gai aunitz eta garrantzizkoak. Horien artean azpimarratzen ahal da 2017ko urriaren 3ko hitzaldi suntsitzailea, «Santiago y cierra España» gisara, erreferendum katalana gauzatu eta bi egun beranduago bota zuena. Baina momentuz utz dezagun hori eta itzul gaitezen berriro monarkarengana eta bere finantzetara. Familia errealaren kontuak, diru-sarrerak eta ondarea ikertzeko Kongresuko Mahaiari batzorde bat eskatu zaion aldiro, zergatik eragotzi dute PSOE, PP eta Voxen botoek, denek batera, eta ezin izan da deus ezta eztabaidatu ere egin? Zer dela eta horrenbertzeko babesa Borboiendako?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.