Espainiako Erresumako, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko gobernuak aurrera doaz tramitazio, propaganda, lan eta gainontzeko eginbehar administratiboekin, irudimen kolektiboan finkatu nahian euskal Y eta Nafarroako korridore deritzen horiek ez dutela atzera-bueltarik, ez eta alternatibarik ere.
Madril-Sevilla AVEak martxan egin dituen 25 urteotan, jada 60.000 euro eman zaizkio; urte hauetan guztiotan, oraindik ez du salgairik garraiatu, ezta garraiatuko ere, hainbat autonomia erkidego zeharkatzen dituzten bideetan barrena. Biztanleko, Espainiak du munduan abiadura handiko kilometro gehien eraikita eta martxan, eta hark garraiatzen du bidaiari gutxien eraikitako kilometroko.
Gaur egun, Espainiako Erresuman doi-doi garraiatzen ditugu trenez merkantzia guztien %5; duela hogei urte %10 zen. Atzerantz goaz. Europako beste herrialde batzuetan, adibidez Alemanian, lehengo azpiegiturak hobetu eta berrerabiltzeko erabili dira trenbide sareko inbertsioak. Espainian, berriz, diru publiko mordoa xahutu dute abiadura handiko trenean. Azken hamarkadetan, trenbideen inbertsioen %90 AVE, AHT edo TAPen —gauza bera baitira— iruzur faraonikoetara bideratu dira; aldiz, izugarri murriztu diete aurrekontua, edo guztiz ezabatu, aldirietako eta eskualdeetako trenen, gaueko trenen, merkantzia trenen eta ohiko ibilbideetan distantzia luzeetan aritzen direnen sareei. Besteak beste, Castejon-Soria lineak itxi dituzte horretarako, eta, batez ere, gaueko trenak eta ibilbideak ezabatu.
Renfeko hainbat goi kargudunek, modu batera edo bestera, zera esan dute, agerian edo zeharka: azken 25 urteetan eraikuntza, ingeniaritza eta teknologia enpresa handiek diseinatu dutela trenbide sarea Espainian, beren interesei jarraikiz. Eta ezinezkoa da abiadura handiko tren bat egitea probintziako hiriburu guztientzat; guztiz ezinezkoa da, maila guztietan. Denontzako kafeak hemen ere ez du balio.
Espainiako abiadura handiko ibilbide bakar bati ere ez zaio bideragarritasun azterketarik egin. Hainbat ikertzailek egindako azterketen arabera, Espainian ez dago abiadura handiko trenbiderik ekonomia, gizarte eta ingurumen aldetik bideragarria izateko gutxienekoak betetzen dituenik. Argi dago diru publikoa xahutu egiten dela, eta asko alderdien finantzaketara bideratzen dela, edo zenbait goi kargudunengana (Filesa kasua, Barcenas-PP finantzaketa). Ustelkeria ekonomiko eta politikoari gezur bat gehitzen zaio, etengabe errepikatutako «aurrerabide» ekonomikoaren eta lan sorkuntzaren gezurra; trenbideko sektorean soilik, kalitatezko milaka eta milaka lanpostu suntsitu dira pribatizazioengatik eta zerbitzuen azpikontratengatik, eta, trukean, kontratazio prekarioagoak eta kaskarragoak egin dira.
AHTa eliteentzako garraio bat da; erosteko ahalmen handiena dutenek erabiltzen dute gehien, eta haiei egiten die mesede. Gizartearen gehiengoari, oro har langile klaseari, murriztu edo ezabatu egin zaio eskubidea prezioz eskuragarria den garraio egoki eta gizarte eta ingurumen aldetik jasangarri bat izateko.
AHTaren beste iruzurrak porlanaren urbanismoarekin eta higiezinen burbuilarekin du zerikusia. Iruñean eta Tuteran hobekuntzak egin nahi dituzte geltokietan, nahiz eta ez diren beharrezkoak tren garraioa hobetzeko, ezta lehentasunezkoak ere; jabeen, bankuen eta bultzatzaileen interesei bakarrik erantzuten diete. Europa aurreratuagoan, tren geltokiak hiriguneetan mantentzen dira; hemen, berriz, udalen eta gobernuen buru ditugun argi iturriek ez dute etorkizunerako propagandako argazkian beste ezertan pentsatzen, eraikin «modernoak» inauguratzean. Tafallako, Altsasuko eta Castejongo herritarrek ahatz dezatela bidaiarientzako trena; ez da halakorik kabitzen AHTaren iruzurrezko aurrerabidean.
AHTaren iruzurraren aurka, bada alternatibarik trenbide publiko, sozial eta jasangarri bat eraikitzeko: alternatiba horiek defendatzeko, bai Nafarroan eta bai Estatuaren gainontzeko eskualdeetan, argudio eta proposamen ekonomikoki bidegarriagoak, sozialki aurreratuagoak eta ingurumen aldetik jasangarriagoak egiten dituzte talde ekologistek, sindikatuek eta gizarte eragileek, boterea duen gutxiengo horren interesetatik kanpo. Hain zuzen, botere horren mendekoak dira hasieran aipatutako gobernuak.
( Erredakzioan itzulia )
AHTaren iruzurra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu