Amaitu dugu, baina ez etsi. Testu honen bidez AHTaren Aurkako Asanblada orokorra osatzen dugun taldeok urte luzeetan alboan izan zaituztegun guztioi borroka koordinazio tresna hau amaitutzat jotzen dugula jakinarazi nahi dizuegu. Erabaki honek gure indarren eta borrokaren egoerari buruzko hausnarketan du oinarria. Hala ere, herrietako taldeok, pertsonok eta beste kolektibo batzuk AHTari ez oihukatzen eta beste jendarte eredu baten alde lanean jarraituko dugu. Eta AHTaren Aurkako Asanblada orokorraren izena oraindik ere erabiliko dugu, pendiente ditugun epaiketa guztiak bukatu arte.
Historia pixka bat egin dezagun. AHTaren Aurkako Asanblada 1993an jaio zen, eta, haren sorrera ulertzeko, Leitzarango autobiaren aurkako mugimendua, Itoitzekiko Solidarioak, garai horretako zenbait borroka antikapitalista eta beste hainbat kontuan hartzea ezinbestekoa dugu. Hortik datozkigu zenbait ezaugarri, adibidez, asanbladaren izaera autonomoa, sasi-alternatibarik ez onartzea, geure buruak antikapitalista, antidesarrollista eta asanbleario moduan definitzea eta era horizontalean antolatzea.
Hastapenetan, Asanbladak proiektuaren eragin sozial, ekonomiko eta ekologikoei buruzko informazioa zuzenean (mendi martxak, hitzaldiak, txostenak, esku orriak) zabaltzeari ekin zion, desobedientzia eta ekintza zuzena bultzatuz eta proiektuaren muina eta horren arduradunen asmoak salatuz. Horrekin batera, erreferentzia garrantzitsua bilakatuko diren AHTaren aurkako udako kanpaldiak martxan jarri ziren; aurrenekoa, 1996an.
Urteak aurrera joan ahala, gero eta sektore sozial zabalagoak agertu ziren AHTaren aurka, eta, horren ondorioz, 2001. urtean—Y grekoa behin betiko onartu eta gero— , AHT Gelditu! Elkarlana plataforma osatu genuen guztion artean.
Obren hasierari lotuta (2006an) hainbat une erabakior izan genituen: hasiera bera, horri erantzuteko Urbinako erresistentzia gunea, obretara egindako martxak, errepresio polizial zein judiziala eta ekintza irudimentsu eta aniztunak (helegiteak, desjabetze kontrako plantoak, sabotajeak, manifestazio jendetsuak, kateatzeak, zuhaitzetan egindako ekintzak...).
Horiek izan ziren borrokaren une indartsuenak. 2009. urtetik aurrera mugimendua nabarmen baretu zen bailara askotan, eta zenbait talde desagertu ziren. Beherakada hori ulertzeko hainbat faktore aipa ditzakegu: proiektua oso aurreratua ez egon arren, tokian tokiko suntsipenak sortutako etsipena; errepresioa; gatazka urte askotan luzatzea; taldean izan ditugun barne arazoak eta Euskal jendartean bizi dugun desmobilizazio orokorra. Ahuldade egoera horretan asanblada orokorrak bere koordinazio funtzioa galdu du, eta bertan behera uztea erabaki dugu. Horrek ez du esan nahi borroka amaitutzat jotzen dugunik. Alde batetik, AHTaren aurkako herrietako asanbladek, talde antidesarrollistek eta borrokan ibilitako norbanakoek lanean dihardute. Bestetik, AHTaren aurka ari diren hainbat kolektibo badira: AHT Gelditu! Elkarlana, Mugitu! mugimendua eta CADE, besteak beste. Horrez gain, borrokaren ondorioei aurre egin behar diegu, eta baditugu amaitu gabeko zenbait auzi, hala nola Txingudi eta Megaparken burututako ekintzak eta Itsasondoko meategiaren okupazioa, eta etor litezkeenak.
Asanblada orokorrak beste borroka batzuen ikasketak jaso zituen bezala, espero dugu jarraituko duten borrokari guk ere hainbat ekarpen egin izana. Alferrikako negoziazioetan sartu gabe, AHTari ezezko borobila eman genion (AHTrik ez eta kito!); horren jarraipen gisa, Ez hemen, ez inon leloa bere egin dute hainbat mugimenduk. Gure jardueran ere arazoa AHTan kokatu beharrean, jendarte ereduan kokatzen dugu, AHTa horren ikurra dela. AHTa sistema kapitalistaren ardatzetako bat izanik, urte askoan proiektu honi aurre egiteak eta kontran borrokatzeak sistemari mina eragin dio. Sistema honek beste hainbat adibide ematen dizkigu: autopistak, harrobiak, fracking-a, industrialdeak, parke eoliko erraldoiak, transgenikoak, pinudiak, goi tentsioa eta abar eta abar. Proiektu horien kontra ari diren askok desarrollismoa osotasunean ulertzen dute gaur egun, eta guztion arteko truke eta laguntzarako zubiak sortu ditugu.
Gure artean ikasitakoa ere oso aberasgarria izan da. AHTaren proiektua oraindik ere martxan egon arren asanbladaren borroka ez da antzua izan (obren atzerapenak, gure artean sortutako sareak, kanpaldietako esperientziak, eztabaida mamitsuak, desobedientzia eta ekintza zuzena; ikaspen ugari eta aniztunak).
Hori guztia esan ostean, gure partetik, maila pertsonal zein lokalean, AHTaren kontra eta txikizioaren aurka jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu. Eta sistema hau suntsitu arte eta lurra kapitalaren hatzaparretatik askatu arte kalera eta borrokara ateratzeko deialdia egiten diogu euskal jendarteari.
AHTrik ez! Ez hemen ez inon! Txikizioa gelditu!
Artikulu hau ondorengo hauek sinatu dute: Esti Redondo, Ainara Mujika, Eider Ezeiza, Marta Luxan, Alberto Gil, Jaxone Usandizaga eta Imanol Madariaga,AHTaren Aurkako Asanbladaren izenean.
AHTaren Aurkako Asanbladak agur dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu