Kontrakoa badirudi ere, hau sinatu dugunok ez dugu baten edo bestearen alde egiten. Gure asmo bakarra da alternatibak aztertzea eta ahalik eta ibilbiderik onena aukeratzea.
Nafarroako talde politikoek, ordea, bai, haiek eman zuten iritzia gai honen inguruan, joan den irailaren 3an, Salvemos Iza-Gulina Bizirik auzo elkarteak aurkeztutako mozio bat eztabaidatzean —nahiz eta hori ez izan mozioaren helburua—.
Lurralde Kohesiorako Batzordeak joan den abenduaren 13an egin zuen bilera batean izan zuen jatorria honek guztiak: talde parlamentarioek arretaz entzun zituzten Kimetz Munitxa ingeniariaren eta Juan Carlos Valerio arkitektoaren azalpenak, trazadura ofizialari alternatibak planteatuz Iruñetik euskal Y-arekin lotura egiten duen zatiraino.
2024ko lehen hilabeteetan bilerak egin ditugu talde desberdinekin eta hortik sortu zen mozio parlamentarioaren proposamena. Ekainean onartzekoa zen, baina azkenean irailera arte atzeratu da eta ez da aurrera atera.
Guretzat garrantzitsua zen Nafarroako Parlamentuak adierazpen hau egitea: gobernu zentralari eskatu «elkarrizketarako bide bat ireki dezala, proposamen alternatibo bat lortzeko... Iruñetik euskal Y-arekin lotzen den tartera». Era berean, Nafarroako Gobernuari elkarrizketa prozesu horretan parte hartzea eskatzen zitzaion, kaltetutako udalen eta adituen iritziak kontuan hartuz. Hori guztia, gure ustez, logikoa eta arrazoizkoa da.
Baina mozioa ez zen aurrera atera. Bilera eguneko bezperan, Geroa Bai parlamentuko adierazpena aldatzen saiatu zen, gainerako alderdiek Ezkiotik igarotzen den aukeraren alde egitea planteatuz. Asmo hori ez zen onartu eta, orduan, Geroa Baik kontra bozkatu zuen, eta, ondorioz, PSN abstenitu egin zen. Hori da gertatutakoaren laburpena.
Guk aurrera jarraituko dugu, Nafarroako Gobernuaren aurrean eta gai honetan eskumena duenaren aurrean (Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioa). Lehen, Ministeriora jotzeko asmoa genuen mozioa eskuetan hartuta; orain, mozio hori gabe joanen gara, baina argudio berberekin: trazatu alternatibo bat aztertzea eta, ahal den neurrian, lurraldea eta paisaia salbatzea; ahal den guztietan, egungo trazatua erabiliz.
Oscar Puente ministroak azken elkarrizketetan aitortu du arazo larria baduela, kaltetutako hamasei udaletatik bakar batek ere ez duelako zundaketak egiteko baimenik eman. Bada, aurretik esandakoaren ildotik, ministroari eskaera egiten diogu, eraginpeko erakundeekin eta udalekin elkarrizketarako bidea ireki dezatela, gero eta enkistatuago dagoen gai hau konponbidean jartzeko.
Bestalde, talde politikoei abenduaren 13ko saio hartan entzun genizkien hitzak esanguratsuak dira:
- «Gauzak ongi egin behar dira. Guk esaten dugu: egin behar da, baina ongi egin behar da. Egin dituzten azalpenetatik ez da beste ondoriorik ateratzen: aukera oso interesgarriak daudela eta, gainera, ez dutela arriskuan jartzen edo zalantzan jartzen guk babesten dugun proiektua» (PSN/PSOE).
- «Tarte batez ari gara, eta, zorionez, oraindik Ministerioak ez du behin betiko erabakirik hartu. Nik espero dut zailtasun ekonomikoek eta bestelakoek Ministerioa birplanteatzea eragingo dutela, egungo ibilbide horri buruzko hausnarketa egiteko aukera emanen dietela, eta irtenbide arrazionalagoa emateko gai izanen garela, ingurumenari dagokionez planteatua eta ekonomikoki bideragarriagoa» (EH Bildu).
- «Nola konpontzen dugu ezkutuko gizarte-arazo hori? Irtenbide bat eman behar zaio: hitz eginez, hitz egitera eta negoziatzera eseriz, irtenbide bat emateko. Zergatik ahazten dute Ministerioko ingeniariek egungo ibilbidea? Zentzu osoa izango luke duela hainbeste urtetan erabili diren trazatu horiek baliatzen saiatzeak» (Geroa Bai).
- «Bi azterketen ondorioak oso hurbil daude beti defendatu dugunetik: tren sozialaren aldeko apustua. Argi ulertu da proposamenaren kostua, bideragarritasuna eta arrazionaltasuna Ministerioak berak berraztertu beharko lukeela» (Contigo Zurekin).
- «Aurkezpena serioa, zorrotza eta oso argigarria dela uste dugu, egiten ari garena ongi egiten ari garen ala ez planteatzeko. Abiadura handiko trenaren alde gaude, baina prest gaude beste aukera batzuk aztertzeko, gai sozialak, ingurumenekoak, ekonomikoak eta aukera hori aztertzeko aukera emanen luketenak» (Alderdi Popularra).
- «Andia eta Urbasa mendilerroaren magaletatik joanen dela komentatu dute. Harrigarria da, hasteko, errazenetik joan beharrean eta daukaguna aprobetxatuz, mendi-hegal horretatik joatea. Garrantzitsuena da ahalik eta gutxien eragitea, bai gizarteari, herriei, udalerriei, bai naturari» (Vox).
Kimetz Munitxak eta Juan Carlos Valeriok aurkeztutako proposamenen abantailak, proiektu ofizialarekin alderatura, ukaezinak dira. Azken horrek bildutako batzuk baino ez ditugu aipatuko: %80 igarotzen da lurralde naturaletik (hamar aldiz gehiago); ia ez du lubakirik; tunelak %40 murrizten ditu, eta desjabetzeak %75; abiadura handiko tarte zuzenen bikoitza du; abiadura bikoiztu dezake edo ibilbidea %40 murriztu. Gainera Oltza-Iza eta Sakanako lurrak salbatuko lituzke. Datu horien aurrean, galdera sinple bat sortzen zaigu: zergatik ez dira alternatibak aztertzen?
Gure aldetik, lurraldea defendatzen jarraituko dugu. Duela ia urtebete jakin genuen Nafarroako Gobernuak ez zuela baimenik emanen Orderizko eta Aldabako lurretan makroplanta fotovoltaikoa jartzeko. Aurreko maiatzean berretsi zen ukapena, eta enpresari abala itzuli zitzaion, 64.000 eguzki-plaka baino gehiago zituen proiektuarena.
Eta gure jarduerekin segituko dugu: datorren urriaren 5ean II. mendi-martxa eginen dugu, Otsobitik Aritzerako joan-etorria, eta iazkoa bezain ederra izatea espero dugu.