Zer ez da esan abiadura handiko trenaren inguruan? Progresuaren izenean Euskal Herrian egin den makroproiektuetan «makroena» eta aurkakotasun handiena piztu duena izango da, zalantzarik gabe.
Ondarearen babesteko ikuspuntutik, badaude zenbait gauza zehaztu daitezkeenak. Azkenaldian, iritsi izan dira gure eskuetara Ingurugiro Inpaktuaren Deklarazioak; obra publiko orok berarekin dakartzan dokumentu ofizialak, eta legez gauzak egin nahi badira, bete behar direnak. Deklarazio horietan, ingurugiroari obrek eragiten dioten alderdi ugari lantzen dira: fauna, landaretza, ibaiak, hotsa, hautsa eta kultur ondarea.
Lanak hasi aurreko azterketak eginda daude aspaldi, euskal y-aren hiru adar eta korapiloak marrazterakoan , aurretik zer-nolako ondare kultural eta arkeologikori eragiten zitzaion jakiteko. Horiek kontuan edukita eta behin obrak esleituta, ondarearen babeserako neurriak hartzen dira; kontrol soilak izaten dira batzuetan, edota, tokatzen den kasuetan, indusketa arkeologikoak ere bai.
Nik dakidan neurrira arte, trazaketak zuzenean ondare elementuren bati eragin badio, ohiko protokoloa martxan jarri etaindusketa arkeologikoak egin dira (ermitak direla, earobiak, teileriak...) beti bezala, presiopean eta eskabadoraren palaren arnasa kokotean sentituz, arkeologi kontrolak ari dira aurrera eramaten, mugitzen ari diren lur tonen artean zer edo zer agertzen bada ere, kautelazko neurri gisa.
Horrelako dimentsioak dituen obra batean, pentsa dezakezue arkeologo baten presentzia ia anekdotikoa dela. Hierarkia hain markatua duen eraikuntza erlauntz baten barruan pertsonaia ñimiñoa gara benetan. Nahikoa da ikustea nola bi urtez hilabetero obra gainbegiratzera joan eta halako egun batean obra buruak mesfidati galdetzen dizun ez nor zaren, nahiz eta bere mahai gainean hogeita lau txosten arkeologiko edukiko dituen (beste milaka paperen tartean edo azpian). Arazoak, ordea, arkeologoak zerbait bilatzen duenean datoz, administrazio publikoa tartean sartzen baita, eta obra gelditzeko «ahalmena» daukagula ikusten dute. Horrelakoetan jada ez dizute egiten ea dinosauroak bilatzera zoazen txistea.
Arkeologoaren duintasunetik aparte, abiadura handiko trena ondarea suntsitzen ari ote den erantzutea ez da erraza. Indusketa egin, erregistratu eta dokumentatu ostean, aurretik eramango dute ziurrenik baserri bat, edo zementuzko zutabe batjarriko dute baserriaren babes perimetroa errespetatzen duena. Bi kasuetan Euskal Ondarearen Legea bete da. Desagertu den baserriaz atera daitekeen informazio historiko guztia atera da, eta mantendu denak hor darrai, zutabe bat leiho parean duela. Hori al da ondarea babestea? Ondarea zer den galdetu beharko diogu orduan geure buruari; ondare arkeologiko eta arkitektonikoa bakarrik al da ondarea?Mendi baten erraiak aldenik alde zulatzea, lehen sakonunea zena tontortu eta lehen laua zena sakonune bihurtu, zubibideak eta hormigoizko pistak non-nahi, betelanak hondakindegietan... zementuzko mundu moderno bat sortu finean, non ondare elementuak neurri batean errespetatu diren, testuinguru edo mihisea ostu zaien objektu soilak bailiran, errotonda bateko lorategi bukolikoen gisara.
Hori, ordea, ez da esklusiboki abiadura handiko trenaren arazoa. Egiten diren autopista, saihesbide, eoliko, funtsean obra publiko guztiena baizik. Beraz, badira hainbeste zarata egin gabe gure bizitzetan instalatu diren azpiegiturak eta eroso asko hartzen ditugunak ahalik eta azkarren gure helmugara iristeko. Azken batean, hori baita azpiegitura guzti horiek bilatzen dutena: azkartasuna.
Behin ingeniari batekin hizketan esan zidan dena ez zela posible, ezinbestean inguruneari eragin behar zitzaiola progresua nahi bazen, azpiegitura ikusezinik ez dela asmatu oraino. Galdegin nion nik garesti ari zitzaiola ateratzen paisaiari aurrerabide hori, hormigoizko paisaia baten mesedetan, ganaduarentzako belardirik gabe geratuko garela martxa honetan. Berak, berriz, erdi txantxetan bota zidan ea zer nahi nuen Leitzarango autobiaegin zenean norbaitek proposatu zuena betetzea? Hau da, berdez pintatzea? Gainera, berari errepide eta zubibideak estetikoki gustatzen zitzaizkiola esan zidan, eta gaineratu hemendik urte batzuetara arkeologoek egun galtzada zaharrak eta zubi erromatarrak bezalaxe baloratuko genituela euren lanak. To! Emaiok horri buelta.
AHT: harri zaharrak eta zementu berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu