Mari Luz Esteban.

'Ahalduntze' terminoaren elastikotasun kezkagarria

2016ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Emakumeen Ahalduntzerako Eskolak Euskal Autonomia Erkidegoko Udalerrietan izeneko sarrera daukagu 2015eko azarotik Wikipedian, non eskola horien historia, ezaugarriak eta webguneak biltzen diren. Lehen eskola Basaurin (Bizkaia) sortu zen, 2003. urtean, emakumeen formakuntza eta parte-hartze soziopolitikoa sustatzeko helburuarekin. Horrela inauguratu zen urtero zientoka parte-hartzaile erakartzen dituen, eta udaletatik harago ere hedatu den, formula berri zein arrakastatsu hori.

Ahalduntze kontzeptua Latinoamerikako emakumeei mailegatu genien XXI. mende hasieran, feminismoa zabaltzeko jarduteen eraberritze beharraz kezka zabalduta zegoen garaian, non (bakoitzari berea) begirik ezin zorrotzagoa ohi duten Bizkaiko zenbait berdintasun-teknikari feministak proposamena egin eta bete-betean asmatu zuten.

Urteen poderioz hitz izarra bihurtu da feminismoan eta feminismotik kanpo ere bai. Guztiok izango dugu gogoan, esate baterako, iazko Korrikaren leloa, euskahalduntzeko gonbita eginez. Baina herri mugimenduetatik at ere (osasuna, hezkuntza, enpresa... ) topa daitezke emakumeak, langileak, gazteak… ahalduntzeko deiak/asmoak, nazioarte mailan diren bankuek, korporazioek eta erakundeek ere bere egiteraino. Andrea Cornwall garapenean eta generoan adituak zabalpen horren inguruko kezka agertu du esanez hitz hori dela modan daudenen artean elastikoenetarikoa. Egia esan, zer pentsatua eman beharko liguke ez feminismoarekin ezta eraldaketa sozialarekin ere bat ez datozen erakunde edo sektoreek horren samur erabiltzeak.

Feminista latinoamerikarrak eta afrikarrak munduan diren botere ezberdintasunen gaineko jabetzetik abiatu ziren termino hori berregokitu zutenean, eta gogoeta eta kontzientzia, antolatzeko beharra, eta nork bere boterea handitzea bateratu nahi izan zituzten, dimentsio kolektibo eta politikoaren nahitaezkotasuna azpimarratuz.

Zeintzuk lirateke termino horren gaurko erabilerak planteatzen dizkigun arazoetako batzuk?

Larriena, nire ustez, emprendimiento hitzarekin berdintzen/parekatzen ari dela. Egunotan aspertzeraino errepikatzen zaigun hitz horren bitartez, ohartu gabe, sistema neoliberalaren ideologiarik makillatuena eta ezkorrena barneratzen ari gara, norbera edozein proiektu erdiesteko gai dela edo izan beharko lukeela konbentzitu nahi baikaituzte, edozein direla gure baldintza sozialak edo ekonomikoak.

Baina ahalduntze hitzak badu beste arrisku bat: anbiguoegia/lausoegia dela. «Abortatzeko eskubidea», «lan berdina, soldata berdina» edo «zaintza-zerbitzu publikoak» aldarrikatu eta argi gelditzen zaio entzuleari zertaz ari garen, ados egon ala ez. Baina «emakumeon ahalduntzea» esan eta zer ulertzen du gutariko bakoitzak? Elhuyar hiztegiak hitz horri dagokion sarreran dakarren adibidea aproposa da muga eta anbiguotasun/polisemiatasun horiez hausnartzeko: «Zenbait enpresatako buruzagiek emakumeen ahalduntzearen aldeko hitza eman dute». Ez dakit enpresetako buruzagiek eta nik irakurketa bera egingo dugun emakumeen ahalduntzeaz... esango nuke ezetz. Ahal dela, aldarri argiak eta zehatzak erabiltzea lehenetsiko nuke, horiek baitira adostasunak edo desadostasunak adierazten, gogoeta sakontzen eta irtenbideak topatzen, benetan, ahalbidetzen gaituztenak.

Horrez gain, ahalduntze prozesuak berez dinamikoak eta konplexuak direla ulertu beharko genuke. Esaterako, une batean ahalduntzen zaituen jarrera edo erabaki berak desahaldundu zaitzake hurrengoan. Maitasun erromantikoaren gaia aproposa da hori azaltzeko. Munduko zenbait testuingurutan maitasuna baliatzen ari dira emakume (eta mutil) gazteak gurasoen gehiegizko boterearen aurka, norekin ezkondu erabaki ahal izateko, adibidez. Baina soberan ezagutzen ditugu erromantizismoaren arriskuak.

Beste aldetik, ahalduntzea hitzetik hortzera darabilgun bitartean, ahaztu ohi gara ahalduntzea eta desahalduntzea batera doazela, txanpon beraren aurkia eta ifrentzua direla; hau da, norbait ahalduntzeko beste norbait desahaldundu behar dela, emakumeen ahalduntzea aldarrikatzen duten pertsona/erakunde horietako askotxo ere bai.

Laburrera ekarrita, ahalduntze terminoaren erabileraren murrizketaren alde egingo nuke nik, edota garbi uztea zertaz ari garen erabiltzen dugun orotan.

Azken iruzkina ere egin nahi nuke botere hitzaren balizko adierez. Behin eta berriro errepikatu ohi da ahalduntzeari dagokion boterea ez dela besteen gainean obratzen dena, besteak zure mende jartzen dituen hori, baizik eta elkarrekiko boterea, besteekin partekatzen/ekiten dena. Zuzentasun politikoa praktikatu nahi badugu, konforme, baina nago besteen gaineko boterea ikastea eta gauzatzea ezinbestekoa dugula emakumeok, oraingoz behintzat.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.