Itxialdiaren hasieran beste iritzi artikulu bat idatzi nuen egunkari honetan bertan. Orduan gauzak nahiko argi nituen, «agintzen digutena bete behar dugu, zahar zein gazte».
Iritzi artikulu hori idatzi nuenetik, ihes egin didate etxetik bai semeak, bai amamak. Edade oso bestelakoak dituzte, jakina, batak urte 2 eta besteak 88, baina kalera ateratzeko arrazoia bera, agobiatu egin ziren. Ez da gutxiagorako, egoera ez baita batere erraza.
Itxialdiaren hasiera hartan oso baikor nengoen: «Gauzak ondo eginez gero, laster amaituko da hau». Agian horregatik, oso kritikoa nintzen arauak betetzen ez zituzten horiekin. Baikor jarraitzen dut zientzian sinisten dudalako, baina ez dut uste egoera hau laster amaituko denik.
Umeek lan ederra egin dute —egiten ari dira—, eta aitona-amonak ikaragarria, baita helduok ere, guztiok, eta agian gauzak ondo egin ditugulako, azkeneko asteetan kalera ateratzeko baimena daukagu. Hori bai, ordutegi bat eta arau batzuk bete behar ditugu. Nire kezka da arau eta ordutegi horiek guztiak ulertu egiten ditugun edo ulertu egin nahi ditugun.
Auzokide batek esaten zidan aurreko egunean: «Inoiz baino kirolari gehiago ikusten ditut orain». Arauak dio etxetik kanpo kirola egiteko baimena badugula; beraz, alde horretatik arazorik ez dut ikusten. Baina...
Think globally, act locally esaten zuen aspaldiko esaldi hark, eta horrela izaten jarraitzen du. Ez dakit gure herrian jarri dizkiguten arauak egokienak diren edo ez, baina jarri dizkigutenak dira, eta oinarrian gauza bat dago: «Kontuz ibili, hau ez da amaitu». Eta horrela da, hau ez amaitu, eta ez da amaituko itxialdia bukatu arren. Oraindik ezer gutxi dakigu COVID-19ari buruz. Adibidez, ez dakigu noiz arte kutsatzen duen gaixorik egondako pertsona batek; ez dakigu behin gaixotasuna gaindituta arrastorik utziko duen edo ez; ez dakigu antigorputzak izan arren berriro hartu dezakegun edo ez. Horregatik guztiagatik, oraindik ere, nahiz eta egoerak hobera egin, kontuz ibili behar dugu.
Eta kontuz ibili behar dugu ez bakarrik gugatik, think globally, kontuz ibili behar dugu gizarte guztiagatik, eta ez bakarrik osasuna zaintzeko, egoera eragiten ari den ezberdintasun sozial guztiak gelditu ezin baditugu ere, murrizten laguntzeko. Hezkuntzaren adibidea jarriko dut. Giza eskubideen aldarrikapen unibertsalak dio: «Pertsona orok du hezkuntza eskubidea. Hezkuntza doakoa izango da oinarrizko ikasketei dagokienez behintzat». Ez badugu lortzen kutsatutakoen kopurua kontrolatzea, zaila izango da eskoletara bueltatzea, eta eskoletara bueltatzen ez bagara, ume askok ez dute eskubide hori bermatua izango, Euskal Herrian ere badirelako Interneterako sarbidea edota ordenagailua ez duten familiak.
Areago, guraso askok, zorionez, lanean jarraitzen dute, baina nola zainduko dituzte haien seme-alabak lan egiten duten bitartean umeek eskolara joan ezin badute? Aitona-amonekin uztea ez baita aukera egoera honetan. Eta behar bereziak dituzten umeen kasuak? Haiekin zer egingo dugu?
Hezkuntzarena adibide bat baino ez da; zer geratzen da dendariarekin, tabernariarekin, masajistekin...?
Suposatzen da lehenengo fase honetan tabernariek eta dendariek ireki ahalko dutela, eta gu joan ahalko garela lagunekin kafea edo garagardoa edo nahi duguna hartzera, baina, benetan momentua al da tabernara joateko lagunekin? Joan naiteke, bai, baina benetan joan nahi dut? Joaten banaiz araua betetzen ari naiz, baina ez banaiz joaten ere bai.
Iruditzen zait mezua txarto zabaltzen ari garela. Kontua ez da dena ireki ahal izatea ahalik eta lasterren jende hori diru sarrerak izaten hasteko berriro. Kontua da birusak jarraitzen duela hor, eta birusak jarraitzen duen bitartean, txertorik edo bestelako sendagairik gabe, jarraituko du jendea hiltzen. Zabaltzeko mezuak izan behar du: instituzioek aztertu ditzatela dituzten aurrekontu ekonomiko guztiak eta beharrezkoak ez diren proiektuak atzeratu edo bertan behera utzi ditzatela diru sarrera barik geratu diren familia horiek laguntzeko; umeen eta gazteen heziketa bermatzeko; lana eta familia bateragarri egiteko laguntzak bermatzeko...
Badakit oso argumentu arriskutsua dela; azken batean, zeintzuk dira «beharrezkoak diren eta ez diren proiektuak?». Baina ulertu nahi duenak ulertuko du esan nahi dudana.
Kostatzen bazaigu aditzea kalera atera ahal garela kirola egiteko edo paseo bat emateko, baina ordutegi baten barruan eta jendearekin elkartu barik, nola ulertuko dugu tabernara joan ahal dugula, baina metro bateko distantzia hartuta eta elkar ukitu barik?
Arriskuak jarraitzen du hor, eta mundu guztiaren egoera ez da berdina. Berriro ere, think globally, act locally. Ikertu egoera, zehaztu beharrak, eta, hori behin zehaztuta, pentsatu mezua. Zer behar dugu orain, garagardo bat hartu terraza batean, edo sano mantendu pixkanaka-pixkanaka egoera kudeatzen ikasteko?
Arazoa ez da bigarren gorakada bat izatea. Arazoa da sistema, eta helburuak zehazten ez baditugu sistema arduratuko da ezberdintasun sozial horiek areagotzeaz. Nik ez dut tabernara joan nahi, sistema justuago bat nahi dut, COVID-19arekin edo COVID-19rik barik.
Ahal dut, baina agian ez dut nahi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu