Albak abuztuan EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusiaren ardurak utziko zituela iragarri zuen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zirkuluen %38k alderdia «berrasmatzeko» batzarra eskatu eta hurrengo egunean. Horrela, abendu erdira bitarteko prozesua zabalduko zela iragarri zuen. Eztabaida alderdi barruan eman eta zuzendaritza berritzeko tenorean daude, beraz.
Gezurra badirudi ere, Podemos 2014an sortu zen, orain hiru urte besterik ez, eta EAEn izan duen ibilbidean denetarik egon da. Elektoralki arrakasta itzela izan zuten aurkeztu ziren lehen aldietan (Europako Legebiltzarrerako eta are gehiago Madrilgo Kongresurako hauteskundeetan). Baina, Madrilgo itzala txikitu eta hauteskunde eremua Araba, Bizkai eta Gipuzkoara murriztu ahala, objektiboki emaitza oso onak jaso arren, dezepzioa gailendu zitzaien. Ez zituzten lortu espero edo nahi zituzten emaitzak.
Dezepzio elektoral hori alderdi barruko liskarrekin gurutzatzen joan da hainbatetan. Idazkari nagusi zenaren, Uriarteren dimisioa zela, Arabako kritikoak zirela, Bilboko zinegotzien dimisioak... Alba bera EAEko idazkari nagusiaren ardurarako lehian zegoela, liskarretan nahasia agertu zen, bai bera bai lehiakideak, barne estatutuen aurka Madriletik jasotako babesengatik. Beranduago ere, EAEko Ahal Dugu-rentzat garrantzitsuenak ziren hauteskundeetan, lehendakarigai Pili Zabala hautatu zenean, alderdi barruko ezinegonak azaleratu ziren. Hau da, alderdia ez da gai izan bere barne aniztasuna modu ez gatazkatsuan kudeatzeko, ezta gatazka horiek alderdiaren barruko bizitzan geratzeko. Hasieran aniztasun eta eztabaida horiek aberastasuna izan ziren. Gerora ahuldade bihurtu zitzaien.
Baina jendarteratutako liskarrak pablismo eta errejonismo bezalako etiketekin edo karikaturizazioekin batailatu dira. Botere borrokak eta izenen lehia bezala agertu izan dira eta horiek proposamen politiko ezberdinak estali ditu.
Badirudi orain emango duten eztabaidan bi dinamika gurutzatuko direla: Vistalegre II-ko emaitzen ondorengo alderdiaren zentralizazio prozesua batetik, eta Kataluniako prozesu subiranistak eragindakoa bestea. Bi dinamika horiek kontrajarriak direla esango nuke. Batak zentralizazioa eta hierarkizazioa bultzatzen badu (Madril erdian jarriz), besteak deszentralizazioa eta horizontaltasuna. Bi dinamika horiek momentu eta liskar ezberdinetan modu batean edo bestean agertu izan dira. Ardurak hartzeko lehian ibili direnak bi ikuspegi horiek agertu izan dituzte hainbatetan, are gehiago erabakitzeko eskubidea edo Euskal Herria subjektu politiko gisa ulertuta hizketa gai izan dutenean.
Horrek erakusten du aipatu alderdi barruko aniztasuna erreala dela. Alderdikideen artean ez ezik, beren hauteslerian ere. Hauen artean, esaterako, erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera nabarmen zabaldua dago. Lehendakaritzak 2014ko Soziometroan argitaratutakoaren arabera, Euskadi eta Espainiaren arteko harremanari buruz euskal herritarrei kontsulta bat egitea nahiko luke Ahal Dugu-ko hautesleriaren %79k. %15a ezezkoan zegoen. Baiezkoen artean, baina, ikuspegi ezberdina dute. %26k bakarrik Espainiako Gobernuak onartuko balu onartuko lukete kontsulta hori. %53k edozein kasutan. Alderdiaren soziologian dagoen errealitate bat da, barruan eta kanpoan. Hori kudeatu beharrean aurkituko dira alderdiaren eztabaida prozesu horretan eta baita aurrerantzean ere: Katalunian emango diren urratsekin, horri lotuta Estatutik etorriko diren erantzunekin, Euskal Herrian sortu daitekeen egoerarekin, edo zehatzago EAEko legebiltzarrean eztabaidatuko den Autogobernu ponentziarekin.
Horiek guztiek alderdiaren barruan tentsioak sortuko dituztelakoan nago, orain artekoak baino polarizatuagoak. Haien soziologian multzo nagusia, ikusi den bezala, erabakitzeko eskubidearen aldekoa da, Madrilgo baimenarekin edo gabe, baina orain arteko alderdiaren bilakaera kontrako norabidean joan dela esango nuke. Bai alderdi barrukoan, zentralizazioan sakonduz, bai Kataluniari begira, prozesuan urratsak eman ahala alderditik praktikan erabakitzeko eskubidearen kontra emandako erantzunetan. Polarizazioa areagotuko da eta EAEtik galdera horiei zein erantzun ematen zaien, bai alderdia ulertzeko moduari dagokionez, bai Hego Euskal Herriari egingo dioten eskaintza politikoari dagokionez, oinarrizko garrantzia izango du alderdi gisa eduki dezaketen etorkizunean.
Ahal dugu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu