Agur t'erdi, Sabin

Gontzal Mendibil<br /><br />Kantaria
2011ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Sabin, gaurko honetan bihotz barruko sentimentuak adierazi gura deustazat, geure betiko euskerea erabiliz.

Abenduaren 29an, heu agurtzera jendetza etorri zoan egunean, hiru argi izpi somatu ñoazan bizirik hagoalakonturatzeko. Eguerdi aldera, heugaz pentsetan ñengoan eta txoriek kantuan jardun zoazan heu jaio hintzen neure etxe aurrean, Zeaniko plaza barrenean.

Bigarrenik, heuri agurra emokeran, asko eta asko egon gitzoazan negar anpulluei ezin eutsirik, eta Malkoak euri balitzozak irakurri neunstan heure hileta elizkizunean.

Eleizatik urten ahala eurie ari zoan. Bigarren señaletzat hartu ñoan. Inguruan egoan bion lagun urko batek, zera esan jeustan, beitiok hi, «Sabinek entzun doa!».

Arkaitz Estiballes heure omenezko bertsotan hasi zoan eta heu ibilitako Zeaniko abesbatzak kantauz batera atertu joan, gorantza begitu ñoan eta izar bakar bat ikusi ñoan Gorbeia gaiñeko zeruen. Hirugarrenez sentitu ñoan inoiz baino biziago hengoala. Hantxe ikusi hinduan irribartsu, malkoak botau ez daiguzan esan gurean, geuri begire. Laugarren señalaren baten aiduru segiduko joat, heuk ikusi ze moduten bidali gura doken, esango doat hartzen badoat.

Ikusi hindun Sabin, era askotako eta eritxi guztietako jendea bildu zoan heu agurtzera. Benetan be, gitxik lortu jabek eta lortuko jabek hik lortu izan dokena. Itxi doken lorratza handie eta sakona dok Sabin, eta hire benetako ametsa, aspaldion guztion arnasean darabiljogukeena lortzen jogukenean, heugaz akordauko gozak.

Heuk esan eustan bizitzak bere neurriek jaukozakeela eta gure nahierak neurtu behar joguzekeela, mugatuegiak gozakeelako hemen, baina hire nahiak mugatuak baie handiek zoazan Sabin eta azken uneotan pozarren eta lasai ikusten hinduan, inoiz baino sentikorrago eta errukiorrago.

Gogoratzen nok, zelan bialdu eustan mezu bat oraintsu, Agirre lehendakariaren Zin egite antzezpena egin giñoanean, Zorionduz eta, benetan be ederra eta hunkigarrie zoala esanez. Sabin, parkatik baie heu be erromantiko bat hintzan eh. Griña eta ilusiñoa erakusten hinduan nahinon.

Heure arraba kutuneri, andre eta seme-alabei esaten ñabikiek bajaukeela horko goiko zeruetan zer edo zer, beheko ibilbide hau arinduko jauskuekeena. Aiztu ezingo gozakeen arima izpiek jazak bidean lagun eta lagungarri dozakeenak, hik ondo dakik oin hori.

Esan neunstan lehengoan, leku handi bat daukakeela gure memorian. Leku handiago bat sendi eta herritarron bihotzetan.

Ez jakiat ze filosofok esan ei joan, heriotz biologikoa jaukeela eta memoriaren heriotza. Eta azken hau, geugaz jabikeela eta geugan jaukeela. Inoiz baino biziago hagolakoan ñagok herritar askoren bihotzetan. Betiko geratu haz geugaz Sabin.

Bai, esaerak diñok: «Heriotza ez dok azken berbea, lehenengo galdera baino». Ba, itaunketan segiduko joguk, baie esandakoa, noz edo noz botaixek argi izpiren batzuk geure ibilbidea erreztuteko.

Bueno Sabin, hemen joatak hileta egunean irakurri neustan olerki hau, ea gure malkoak frutuek emoten jauriekeezan.

Haize epela jauk kanpoan eta

[tristura bihotzean.

Malkoak euri balitzozak Sabin

Bustiko balleukiek gure samina

Hazi barriek beteko balleukiek

Bizi poz barri batez gure arima.

Malkoak euri balitzozak

Garbituko balleukiezak aldean

[ jaroaguzeken penak,

Malkoak euri balitzozak

[arinduko balleukiezak sikeran

Maite hauten ezinegonak eta

[minak.

Malkoak euri balitzozak

Ureztatuko balloskuezak gure

[barruak

Malkoak euri balitzozak Sabin

Beteko balleukiek hire hutsunea

Sustraituko balloskuek gure

[geroa.

Malkoak euri balitzozak Sabin

gure ezintasunak amaituko

[balleukiezak

eta frutu goxoak hasiko

[balitzozak hire etze ondoan

Malkoak euri balitzozak Sabin

Argituko balleuskuezak bideak.

Bueno Sabin, egongo gozak.

Ibili hadi ondo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.