Patxi Zabaleta

Agur nafar gobernu zeharkakoari

2019ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Agur euskal hitzak esanahi bat baino gehiago du. Nafarroan euskaraz dakitenek ez ezik, ez dakiten gehien- gehienek ere badakizkite agur hitzaren bi esanahi garrantzitsuenak. Besteak beste, «Agur, jaunak»(... eta andreak) abestia oso ezaguna eta entzuna delako gure artean. Iruindar gehien-gehienek badakite agur ez dela soilik adios adierazten duen hitza, baizik baita ere diosala egiteko eta begirunea adierazteko erabiltzen dena. Egia esan, jakinduria apur hau ez da oraindik Iruñeko zinegotzi den Esporrin andrearenganaino iritsi, bere «Agur, Asiron!» oihu tamalgarria entzun genuenok ederki ulertu bezala. Are gehiago, proba egiten baduzue Iruñeko edozein karrikatan eta edonori galdetu ea Esporrin zein den, hamarretatik bederatzitan erantzungo dizue hauteskunde gaueko beroaldian «Agur, Asiron!» oihua bota zuen hura dela, nahiz Esporrin andreak hogeita bost urte luze daramatzan nafar politikan.

Artikulu honen izenburuan euskal jatorrizko abizena duen Txibite andrearen gobernuari diosala eta begirune adierazpena dira agur hitzaren xedea. Ongietorri bat ematea alegia, gizalegezkoa eta heziera onekoa den bezala. Poztekoa da Nafarroan izaera anitzeko gobernu zeharkakoa osatu izana, bazterketa guztiak —bereziki ahalegin eta eginkizunetan kide beharko direnekin egindakoak— okerrak, atzerakoiak eta txarrak direlako. Txibite andreak gobernu hau osatzeko egindako jokabidean asmaketa bat eta bi hutsegite daude nabarmentzekoak; asmaketa da gobernu aurrerakoiaren hautua; hutsegiteak, berriz, EH Bilduren bazterketa eta Navarra+koekin ez hitz egitea. Hitz egin denekin hitz egin behar da, herritarren ordezkari diren heinean. Hutsegite larriena EH Bilduren bazterketa da; jokabide zentzugabea. Etika, morala, ideologia eta printzipioak norberak zaindu beharrekoak baitira.

Gobernu akordioa oso eskasa da; asmoz, norabidez eta gogo onez hornituta dago, baina neurri eta zehaztasunik ez dauka. Inbestidurako hitzaldia bera ez zegoen egitarau eta xede zehatzez hornituta. Jakina da, ordea, dema ez zegoela horretan.EH Bilduren abstentzioko erabakia, berriz, asmaketa osoa izan dela mundu guztiak aitortu du; egoera ezin hobean utzi du indar politiko hau, lehen baino erabakiorragoa izan liteke eta bere helburu eta xedeak nortasun osoz markatzeko aukera izango du. Betiere, EH Bilduk egin beharreko lehen azterketa da ea zergatik udal hauteskundeetan jasotako 67.500 boz foru hauteskundeetan 50.400 bihurtu ziren, kasu batzuetan, hautagai zerrendak aukera gutxiago eskaini arren. Bestalde, gainera, eta entzuten direnak entzunda, EH Bilduk aurrean laster batean eduki lezakeen erronka da hauteskunde orokorren balizko aurrerapena; beharrezkoa da kongresuan Nafarroako abertzaletasunaren ordezkaritza lortzea, baita horretarako NaBai berri bat sortu beharko balitz ere.

Nafarroako gobernu berriari buruz hiru zehaztasun iruditzen zaizkit azpimarragarriak bere abierako une eta gunean:

Lehena da Nafarroako alderdi sozialistak, PSNk alegia, gainditu egin duela, ematen duenez, «abuztukadaren sindromea». Zeharkakotasun edo transbertsalitatearen apustua egin eta, batez ere, aitortu du. Erantsi du, gainera, Txibite andreak izaera horrek nafar gizartea irudikatzen eta ordezkatzen duela. Gobernuaren beraren osaketan eta egituran eta adierazitako jokabideetan hutsune nabariak daude, baina ekintzek erakutsiko dute, beste ezerk baino gehiago, gobernuaren sena. Nafar gizarteak beharrezkoa du zeharkako nortasun edo identitateko gobernua. Oraingo hau, koaliziokoa izanik, halakoa da, joan den legealdikoa ez bezala. Izan ere, koaliziorik eza izan zen, nire ustez, igaro den legealdiko hutsegiteetako bat.

Bigarrenik, azpimarratu beharrekoa da zeharkakotasunaren aldeko urrats hau arrazoi sendoetan oinarrituta dagoela. Ez da bakarrik hainbestetan errepikatu den bezala, gobernuan dauden alderdiek 23 legebiltzar kideren ordezkaritza daukatela; Navarra+ren 20koa baino gehiagokoa, alegia; baizik eta joan den legealdiko aldaketaren lau alderdien boz kopurua Navarra+ren kopurua baino handiagoa dela, nahiz Navarra+k 20 parlamentari lortu eta beste lau alderdiek 19. Nafarroako indar politikoen bilakaeran eskuina pixkanaka-pixkanaka jaisten ari da eta indar abertzale eta aurrerakoien kopurua hazten. Gogoan izan behar da Navarra+k eskuratu zituela hauteskunde foraletan eskuineko boz guztiak, Voxekoak barne, hauteskunde orokorretako edo europarretako bozen konparaketak azaltzen duen bezala.

Hirugarrenik, ezin da ahaztu Madrilgo politikak eta indar orekek nafar politikan duten eragina. UPN alderdiak eskuak lotuta dauzka edonolako adostasunak bilatzeko PSNrekin. Gainera, inoiz arrotzak izan ez zaizkion eskuin muturreko aldarriak ezin ditu dagoeneko ezkutatu nafar izaeraren defentsa irmoaren itxurarekin, foruen kontrako indarrekin bat eginda dagoelarik. Adibide eta lekuko bezala, hor daude Iruñeko Navarra+ko alkatetzak hartu dituen lehen erabakiak —Foixko Katalina erregina erbesteratu berriro eta txirrindularien eta ibiltarien eskubideak murriztu, autoen mesedetan edo euskararen ordenantza mugatua atzera bota—. Luze egingo zaio Nafarroako eskuin politikoari beste lau urteko epea agintaritzarik gabe. Navarra+k UPN desitxuratu du eta ez dio onurarik ekarri. Halere, antolatu den gobernuaren ondorioak bere ekintzen eta jokabideen ondoren neurtu beharko dira, beste indarren bilakaeran baino gehiago.

Laburbilduz, egoera berri batean gaude eta igaro den aldaketaren legealdiko balantzea eta kitapenak bere lorpen eta gabeziekin egiteaz gainera, etorkizunerako aurreikuspena arrazoitu behar dugu. Nire ustez, Txibiteren gobernuak lau urteak iraungo du eta aurrekontuak ere onartuko ditu, gutxienez urte batzuetan. Navarra+ barne arazo sakonetara zigortuta dago, orain arteko norabideak ez baditu sakonki aldatzen. EH Bilduk aukera ezin hobea du Erriberan hedatzeko eta berezkoak zaizkion ezaugarri ezkerreko, aurrerakoi eta abertzaleak bere osotasunean azaldu eta defendatzeko. Cintruenigoko euskal jatorriko abizena duen Txibite andreari, agur bere lehendakari karguan, eta ez adiorik oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.