Agur, lagun!

2013ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Kaixo, Igor! Ostirala da, azaroaren 29a, eta, eguerdiro bezala, bazkaldu ondoren berehala txabolora joan naiz, eguneko azken berriak ezagutzeko asmoz. Ohitura izaten dut informatiboren bat entzuten ari naizen bitartean teletextoko aipamenak arakatzeko. Bat-batean, inoiz ikusi nahi ez nuen berri bat azaldu da: «Fallece el Responsable de Relaciones Internacionales de LAB Igor Urrutikoetxea». Astindua jaso dut, gorputz osotik deskarga elektriko baten antzeko zerbait pasatu zait, eta, aldi berean, buruan arrapaladan azaltzen hasi zaizkit zurekiko oroitzapenak eta bizitako une asko.

Banekien, duela aste batzuk izaniko istripu madarikatu baten ondorioz, egoera larrian zeundela, baina konfiantza neukan hortik ateratzeko gai izango zinela. Azkenean, ez, entzun nahi ez genuena etorri da. Joan zara. Brasilera joan zinen, langileen eskubideak eta ametsak sustatzeko ahaleginetan FSM erakundean zenituen ardurak direla eta; eta, orain, ezezaguna den nonbaitera hasi zara bidaia berria egiten.

Zure gutunaren zain nengoen duela hilabete pare bat ingelesez bidali nizun nire aurreneko idatziaz ea zer iruditzen zitzaizun jakiteko. Erakutsi nahi nizun nola nindoan hasitako ikasketan. Azkenean, eskutitz hori jaso gabe, erantzunik gabe joan zara. Seguru aski zure etxeko buzoian edo familiaren eskuetan izango da. Zurekin izandako azken «solasaldia» izan da. Gustura gordeko dudana, zutaz oroitzeko.

Espetxean nagoenetik, harreman ugari izan dugu gutun bidez. Erronkaz betetako kidea zinen, nekaezina harremanetan, arduratsua eginkizunetan, sentikorra injustizia eta eskubideen urraketa guztien aurrean... Abertzale zintzo eta ameslari sozialista.

Azkenaldian frantsesa ikasten zenbiltzala esan zenidan, eta zenituen beste arazo zein helburuez iritziak ematen zenizkidan, gustura jasotzen nituen eskutitzetan. Lehenago aipatutakoa. Ingelesezko gutun horretan, irakurri gabe utzitako horretan, eskerrak ematen nizkizun Bartzelonako nazioarteko sindikatuen arteko jardunaldietan nire egoerarekiko erabaki zenaz eta, aldi berean, animoak igortzen nizkizun zure erronkei begira. Horretarako zeunden Brasuken, FSMk (Munduko Sindikatuen Federazioa) antolatutako metalgintzako batzarrean.

Joan zara, Igor. Pena handia hartu dut. Malko batzuk ere isurtzen ari zaizkit hau idazten ari naizen bitartean. Ziur nago une honetan daukadan samin berbera izango dutela azken urte hauetan munduan zehar izan zaren toki askotako lagunek, zure heriotzaren berri jakitean. Eta, nola ez, gure sindikatuan kolpe handia izan da denontzat.

Asko eman duzu, Igor, Euskal Herriaren alde, langileen alde, sozialismoaren alde. Hutsune handia utzi duzu LABen eta FSMn. LABeko historian eta nire oroimenean oso itsatsita geratuko dira zure lana, ekarpena, jarduera eta jatortasuna.

Bueno, Igor, banoa. Beste kasu askotan esan ohi dugun bezala, Euskal Herriko zeruan beste izar gorri eta distiratsu bat azaldu zaigu. Zauden tokitik segi gure herria eta herri guztien borroka bultzatzen. Mila esker, Igor.

With these lines I just wanted to thank you, Igor. Farewell, my countryman and friend.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.