Agur, jaunak: agur, Artze; agur, Joxan

Andoni Salamero
2019ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Beti maitatu izan dutAgur Jaunak kantua,berezia da, badu berezko xarmarik, solemnitate halako bat. Emanaldi askotan abesten da bizi izandakoak, sentitutakoak, elkar hartutakoak partekatuz ekitaldiei amaiera bikaina emateko, eta, egia esan, guztiok gure baitan zerbait aparta sentituko dugu zutik jarriz seriotasun halako bat uneari ematen diogunean.

Agur hitza zein aberatsa den euskaraz harritzen naiz; batik bat, esanahi aldetik duen balio bikoitzaz ohartuta; izan ere, hasiera eta amaieraren adiera har dezake, batetik, diosal egiteko, eta norbaiti adio esateko ere bai, bestetik. Etengabeko joan-etorrian, diosal eginez eta adio esanez, zenbatetan ihes egin digun hitz honek! Sakonki eginda, kontzienteki eginez, hau da, barnean sentitzen dena azalduz, zein bete eta osoa den! Baina zein azalki gerta daiteken sentitzen duguna itxurakeria makurrean adierazit; hauxe ere biziaren alderdi eta keinu guztien antzera.

Urtarrilaren 12an, Joxan Artze, olerkari usurbildarra hil zela urte bat bete zen, eta hilabete horren 15ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak duen Tronu Aretoan, Joxanen omenaldian parte hartzeko aukera izan nuen Mixel Ducau eta Caroline Phillips-ekin egindako errezital poetikoan.

Ekitaldi fina izan zela iruditu zitzaidan, bakoitzak Joxanen balioa, pertsona zein artista gisa, gogoratzen eta goratzen jakin genuena. Gutaz gain, hantxe jardun ziren, besteak beste, Markel Olano, Denis Itxaso, Pio Perez eta Belen Oronoz, eta horiek saiatu ziren, bakoitza bere eremutik, Joxanen irudia bertaratutako jendeari gertuagotzen.

Orduan ere Joxani agur egitea egokitu zitzaigun, alegia, urte baten buruan adio esan genion bezala, haren irudia, berriro ekarri genuen gogora, hari diosal eginez, hari zor zitzaion miresmena birgogoratuz. Joan-etorrian, biziak oraingoan ere haren ateak zeharkatzeko aukera aparta eman zigun.

Egun horretako Joxanen omenaldian, agur esate horretan, banuen Agur Jaunak abesteko irrikarik, baina ez nuen abestu, eta bazegokidan, neurri batean, horren harira, lekukoa hartu eta abesteko aukera bideratzea, baina atzera egin nuen, emozioa, ausardiarik eza? Gaur, ekitaldia burututa pena dut, eta hitz hauexen bidez, nire agur apala eskaini nahi diot Joxan Artzeri eta Karmeni, haren alargunari, hala nola Joxanen etxeko guztiei.

«Agur , jaunak eta andereak; agur, jaunak eta andereak, agur t´erdi» Agur, bizi hatsari, gure ondoan bizi eta jardun den adiskide Joxani izateko aukera bikaina emanez bere balioa gureganatzeko egokiera eman digulako. «Denok Jainkoak eiñak gire, zuek eta bai gu ere», Jainkoak, Biziak, Energiak, Izarren hautsak, Misterioak, Izendaezinak... nahi duzuen bezala, Maitasunaren ondorio garela jakinda, Joxan, zeuk espiritualtasuna bera lantzeko ildoa urratuz, horretan ere aitzindari izanez, aukera ausarta egiteagatik, bejondeizula! Ondo dakizu kate berari erantsiak, lotuak gaudela guztiok, gogo eta gorputzaren zilbor-heste berari zuri atxikiak.

«e» eta ez nolanahi, gizaki bakoitzak, bizidun garenez, eta bizi eragile izan behar dugunez, izateko arrastoa egokiro urratzeko bidea aurkitu behar dugulako, alegia, zirenak, garenok eta izango direnak elkar batuta, Joxanek zion bezala, biziaren mezulari izanez, sorkuntzaren alorretik, ezinak gaindituz eta izanaren alde eginez, egoera bakoitzari taxuz eta tinko erantzunez.

«Hemen gire: agur, jaunak, andereak...»bai, hemen gire, gara eta gera, baina izanaren harian, zintzoki, zuzenki eta zuhurki bide egiteko, bide izateko gizakiari zor zaiona maitasun ekintza etengabea dela aldarrikatuz.

Hauxe da, nire agur apala, agur xumea, eta, nire ustez, Agur, jaunak abestia kantatuta, ekitaldi bakoitzaren azkenean,guztiok aretotik joaten garenean, areto hutsean, giroan antzematen dena: sentimen eta bizipenen ostean, hustasun betea, isiltasuna, Joxanek ondo askotxo barrura begiratuz lantzen jakin zuena, eta bere garaian jardunez, biziz, sentituz eta maitatuz lantzeko bidea urratu nahi izan zuena, bera denetik, IZAN horren ederretik. Bai, Joxan, Artze, agur t´erdi, Agur, jaunak horri, isiltasun horri atxikiak gauden honetan,zurekin bat egiten dugu; bai, hemen gire, zu agurtzen, zurekin bat eginda izana gurtzen, garen horretan, betero, betiro urtzen. Jaso besarkada handia zeuk eta etxekoek!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.