Edurne Ugalde Zubiriren semea

Agur, amatxu

Urtzi Ugalde
2025eko urtarrilaren 11
05:00
Entzun

Hauek izan ziren nire azken hitzak zure lo arnas sakonean eskutik helduta ginela joan zinenean. Aparteko minik gabe, xume, duin, geratu zen betiko zure bihotza. Zuk nahi eta eskatu bezala. Guk nahi eta errespetatu bezala. 

Ia hilabete bat, neguaren atarian, gaurik luzeenak diren azken egunetan, ama lurra poliki esnatzen hasi baino lehen, goxoki hartu zintuen magalean, betikotasunean. Arinegi joan zara, jubilatu berri, familia, lagun, auzo, batukada eta abarrez aski gozatu gabe. 

Baina heriotzari aurrez aurre begiratu zenion hasieratik, zetorrena onartuz, tabuaren gainetik agurtzeko denborari zukua ateraz, azken minutura arte eredugarri, azken segundora arte eskuzabal, ingurukooi bidea oso erraza eginez. Ezin genizun gehiago eskatu, ezin gara zutaz harroago egon, amatxu. 

Min biziari eta mendekotasunari beldur zenion. Segur aski zure eskutik joan ziren hainbat senide eta lagunen zaintzan horrenbeste inplikatu izanagatik. Elene, Amama, Martita, Karmen, Marisol,... doazkie beraientzat muxu eta oroitzapen gordeak. Galera horiek argitu zuten hein batean zure-gure bidea. 

Lau-bost hilabete igaro dira albistea harritzar bat bezala gainera erori zitzaigunetik. Baina zelako adorea eta erresilientzia izan duzun gaixotasunaren aurrean, ironia, jenio eta burugogorkeria pixka batekin nahastuta noski. Aupa zu, txapelduna! 

Hasieran surrealista iruditzen zitzaidana naturaltasunez hiper-errealista bilakatu dugu. Ze polita izan den zurekin azken bidea lasaitasunez eta goxo egitea. Konplexurik gabe, eskela, kartela, gutuna, beila, musika, argazkiak,... amaiera elkarlanean antolatzea. Egia esan, ez dut agurtzeko modu ederragorik ikusten orain. 

Eta Osakidetzari zer esango diogu ba, ama? Denaren gainetik eskerrik asko bihotzez heriotza duinaren bidean konplize izan zaituztegun profesional guztiei, badakigu eutanasiaren gaia ez dela erraza, berriegia agian, baina hor egon zarete, eskutik eskura mina denon artean baretuz. 

Hala ere, kale egin dizutenak ere badira. Badakit, hau ez da zure estiloa, beti umila, isila, txikitasunean handia izan zarelako. Baina esan beharra dut eta badoa: Bai, zuetaz ari naiz, prebentzioan, lehen arretan, onkologikoan edo psikologian izan badirelako oztopoak, inbertsio eta formakuntza falta, enpatiarik edo profesionaltasunik eza duten pertsonak, arduradunak, programak, sistema puskatua. 

Zoritxarrez, ama, ez zara izan lehena, ezta azkena izango ere. Amorrua tristurarekin korapilatua dut egun zail hauetan. 

Auzo lotsa ematen dit minbiziaren aurkako elkarteak musu truk eskaintzen dituen hainbat eta hainbat zerbitzuk nola betetzen dituzten gure osasun sistemaren hutsuneak, dramak. Nola heldu gara egoera honetara? Oso eskertuak gauden arren, ez da zilegi pertsona eta erakunde pribatuek finantzatzea gure beharrizanak. Eta hau ere ozen esan beharra dago. 

Bestalde, azken asteetan jaso ditugun ehunka mezu, muxu eta besarkada horien igorleei zer esan? Itzela izan dela benetan jasotako maitasun zirimiria. Hunkiturik, zuen berotasunez blai eginda, laguntza eskaintza bakoitzarentzako erantzun bakarra otu zait: Segi mesedez amak amestu zuen Euskal Herri feminista eta errebeldea eraikitzen, zaintzen. 

Eta bide batez, berandu baino lehen, jarrai dezagun heriotzaz ere mintzatzen, jaiotzarekin batera, ez baita gauza naturalagorik. Sentimenduak askatu, idatzi, marraztu, dantzatu, hanka sartu, laztandu eta ondokoekin gozatu, Edurnek nahiko lukeen bezala. 

Agur, sorgin, ilargipean eguzki lore lagun eta babesle fin. Mafaldak ere ez zaitu ahaztuko!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.