Arnaldo Otegi.
IRITZIA

Agur, ama maitea

2014ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Beti pentsarazi izan dit gure Jon Idigoras ahaztezinak nola afanez esaten zuen bera Joanita Gerrikabeitiaren semea zela. Egiazki uste dut jarrera horrekin gure Jonek bere ama omendu nahi zuela, Herriak eskaini zizkion txalo, gorespen eta esker on guztiak beretzat baino gehiago zirela bere amarentzat eta familiarentzat.

Nire betiko Jon ahaztezinari gustatuko litzaioke, ziurrenik, berriro ere errepikatuko banu «balizko gizon handi baten atzean betiere emakume handi bat dago» esaldiaren ondoan guk nahiago genuela esatea gu pertsona duin eta miresgarritzat hartzen gintuztenek ez gintuztela zinez ezagutzen eta, edozein modutara ere, ziurra zela balizko edozein gizon handiren atzean edo ondoan emakume edo familia harrigarri bat egotea.

Horregatik, gaur Lolita Mondragon nire amaren seme lez hitz egin nahi dizuet. Tristuraren erdian, inoiz ahaztuko ez dudan haren bizitzako pasarte bat partekatu nahi dut zuekin: 4 edo 5 urteko umea zelarik Duesoko presondegira amarekin egin zuen bisita (Nieves, nire amama). Han zegoen preso Fidel nire osaba, tropa faxistek preso hartu ondoren. Tropa faxistak aipatzen ditut, 1940ko gertaeraz ari naizelako; gaur egun ez nituzke hala izendatuko, «bizitza guztiko demokratak» ziren tropak baizik.

Nire amak beti gogoratzen zuen presondegira sartzean agindu zietela han espainieraz hitz egin behar zutela; baita presoak lurrean etzanda eta pilatuta zeudela ere. Nire amama, negarra begietan, semearengana hurbildu zen, eta honela galdetu zion nire amak: «Zu zara nire anaia?». Eta musu bat eman zion.

Gaur, ia 80 urte geroago, agur egin ahal izan diot ordubeteko bisita batean Mendaroko ospitalean nire amari. Oso gogorra izan da, tristea baina baita ahaztezina ere. Aurretik inoiz ez bezala besarkatu eta ferekatu dugu elkar. Giro hura Kant-ek egingo lukeen bezala definitu nezake: edertasun sublimea… areago, han Macondoko lurretan Garcia Marquezi lagun egin zioten tximeletak ikusi uste izan ditut ospitaleko gelan.

Gaur, bere anaia anarko-komunista Dueson bisitatu zuenetik 80 urtera, Logroñon preso daukan semea, neu agurtu nau, eta bitartean han dabiltza joan-etorrian Kantabriako presondegi hartan Rafa Diez eta Isma Arrieta, eta beste ehunka aberkidek gauza bera egiten dute espainiar eta frantziar estatuetako hamarnaka presondegitan.

Gaur, ez dut hori ukatuko, mina, errabia eta ezintasuna sentitzen ditut; errazena, eta ulergarria ere bai, neurri batean, arrangura eta gorrotoaren amildegian jaustea litzateke, baina munduko minik zolienak ere ez dit adimena lainotuko. Ez, horretan ere ezberdinak gara, eta hala izan behar dugu… Izan ere, Che zenak iraultzaileei esan zien bezala, giza generoarekiko maitasun sentimendu handiak eta sakonak ditugu gidari.

Eta nik, iraultzan ikasle izateaz gain, maitasuna baino ez dut jaso nire amarengandik, eta bizi naizen artean izango dut bera nire pentsamenduan.

Beragatik eta seme-alabak Euskal Herri libre batean ikusi gabe hil ziren aita eta ama guztiengatik (Xabier, Garratz, Txoritxu, Santi, Garirenak, adibidez…), haien errautsen ondoan gereziondo bat landatuko dugu euskal lurrean. Izan ere, nahigabeak nahigabe, iritsi da gerezien sasoia! Lolita Mondragon nire ama maiteari zor diot, bizitza zor diodan bezala. Horregatik, gereziak gorriagoak izango dira datorren urtean.

Eskerrik asko, ama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.