Egurra Ta Kandela baserritar ekintza kolektiboaren izenean

Agroekologian gabiltzan baserritarrak

Miguel Arribas
2024ko otsailaren 15a
15:00
Entzun

Nekazari-sektorearen aurrean Gipuzkoako mugimendu agroekologikoari urgentziazko deia.

Nekazaritza eredu neoliberalak bere mugen kontra egin du talka; eta nekazari-patronala eta bere sindikatuak ari dira mobilizatzen, Europa osoan zehar, behin betiko hondamena gertatu baino lehen, azken apurrak salbatzeko.

Eredu agroindustrialak eraso egiten die bere existentzia posible egiten duten oinarri materialei: ingurumenari eta bertan bizi den herriari. Eta, gainera, berriki modu nabarmenagoan egin behar die aurre berak larriagotu dituen nahas-mahasei:

  • Ekonomia neoliberalaren oinarrian dauden merkataritza libreko itunak, zeintzuek sustatzen duten mundu osoko nekazarien arteko lehia gupidagabea.
  • Erregai fosiletan oinarritutako eredua izanik, horien prezioen igoerak dakar erregaien, sintesiko ongarrien eta fitosanitarioen garestitzea. Eredu agroindustrialak martxan jarraitzekotan, prezioak baxu mantendu behar dira, eta hori lortuko da inperialismo bihozgabearen bitartez —adibideak soberan ditugu Ukrainan, Gazan, Sirian, Yemenen edota Sahelen—.
  • Ur-eskasia. Are gehiago kontuan hartzen badugu nekazari-eredua diseinatu zela ura agortezina balitz bezala, bere erabilera edozein izanda ere.
  • Azalera handiko supermerkatuen eta elikagaien banaketaren oligopolioa. Nekazariek beraien produktuen salmenta prezioan ezer gutxi esan dezakete, askotan ekoizpen prezioetatik behera salduz.
  • Berotze globalaren ondorioz dugun klima ezegonkortasunak modu zuzenean eragiten ditu kalteak nekazaritzan eta abeltzaintzan.

Zentzugabekeria horren aurrean, eredu agroekologikoa izan da kapitalismoaren krisiak hobekien jasan dituena, eta inoiz sustatu ez zuen desastre ekologikoari irtenbideak ematen jarraitzen duena.

Ez gure pankartetan bakarrik, baizik eta, bereziki, gure eguneroko lanean: familiei lan duina eta komunitateari kalitatezko elikagaiak eskaintzen dizkieten baserri proiektuak mantenduz, bertako kontsumoa sustatzen duten zirkuitu laburrak sortzen, ekoizle txikien kontsumo- taldeetan edota kooperatibetan sareak josten, herrietako baserritarren azokak indartzen, landatutako bioaniztasuna eta bertako arrazak berreskuratzen eta gordetzen. Bizitzarekiko eta ingurumenarekiko errespetutsua den abeltzaintza eta nekazaritza errealitate egiten. 

Urteak dira Nekazaritza Politika Bateratua sektore agroekologikotik ere kritikatzen dugula. Baina ez bere ingurumen-neurri zorrotzengatik, baizik eta erakusten duen epelkeriagatik. Baita esportaziorako nekazaritza bultzatzeagatik ere, eta mendebaldarrak ez diren herrialdeetako nekazarientzat dumping-erako tresna delako. Edota lur-jabe handien kapitala sustengatzeagatik eta gainontzekoontzat hondarrak uzteagatik.

Dena den, badago zer kritikatu gertuko instituzioen nekazari-politiketan. Izan ere, gure proposamenak gutxiesten dituzten neurri berean, eredu industrialaren zutabeak dira. Ito egiten gaituzte haien eskakizun burokratikoekin. Elikagai sintetikoen industria bultzatzen dutenean, edo nekazal-megaproiektuetan diru publikoa gastatzen dutenean, nekazaritza familiarra alboratzen dute. Trantsizio Energetikoaren lege berriarekin gure mendiak ustiatzeko bideak irekiko dizkiete multinazionalei eta inbertsio funtsei. Hainbat eskualdetan nekazaritzarako eta abeltzaintzarako geratzen diren lur-sail apurrak eureganatuko dituzte enpresa horiek eta herri txikietako bizitza agortuko da, ezinbestean.

Arrazoi horiek guztiak direla eta, testuinguru honetan, Gipuzkoako baserritar agroekologikook ere gure ahotsa entzunarazi nahi dugu; baina nekazaritza-industriako lobbyaren eta haren alde dauden nekazaritza- sindikatuen eredu suizida aldezten dutenak albo batera utzita.

Nekazaritza eta abeltzaintza eredua errotik aldatuko duen trantsizio agroekologikoa eskatzen dugu. Elikagaien prezioen erregularizazioa, merkataritza libreko itunen amaiera eta janari sintetikoen debekua. Betebehar burokratikoak arindu nahi ditugu. Belaunaldi-erreleboa ziurtatu. Elikadura osasuntsua izatea eskubide sozial bat da.

Azken finean, gure lanarekin jarraitu nahi dugu, beranduegi izan baino lehen.

Horretarako, gipuzkoarrei dei egiten diegu eredu agroekologikoaren alde egiteko, ostiralean, hilaren 16an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, eguerdiko 12:30ean.

Agroekologia bide bakarra delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.