Agortu da pazientzia Saharan

Antonio José Montoro Carmona
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Agortu da pazientzia Mendebaldeko Saharan. Sahararrek 45 urte daramatzatesufritzen, ahaztuta. Orain, etorkizuna euren esku hartzea erabaki dute, egoeraren aurrean itsu, harroputz eta ezgai jokatzen duen nazioarteko komunitatearengandik ezer espero gabe. Pazientzia muturrerairitsi da. Nazioarteko komunitateak uste zuen hodeien seme-alabek epe mugagabean jasango zutela basamortuan bizitzea. Uste zuen statu quo-a amaierarik gabe luzatu zitekeela. Uste zuen Afrikako azken Lurralde Ez-Autonomoaren okupazio ilegalak aurrera jarraituko zuela historian, egoera atzeraezina bilakatu arte.

Amaitu da itxarotea. Hirurogei urte igaro dira 1960an Nazio Batuen Asanblada Orokorrean 1514 Ebazpena adostu zutenetik. Ebazpen horrek potentzia europarrek zapaldutako herriak deskolonizatzeko deialdia egiten zuen. Berrogeita bost urte igaro dira 1975ean Nazioarteko Justizia Auzitegiaren iritzi kontsultiboak frogatu zuenetik herri sahararrak ez zuela inolako loturarik monarkia marokoarrarekin. Hogeita hamabi urte igaro dira 1988an FrontePolisarioak eta Marokok akordio bat sinatu zutenetik, su-eten amaigabea adosteko. Hogeita bederatzi urte daramatza herri sahararrak Minurso Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioaren eraginkortasunik eza eta utzikeria jasaten. Haren eginkizuna herri sahararrak libreki bere nahia azaltzea zen, autodeterminazio erreferendum baten bitartez. Urte eta erdi baino gehiago igaro da eta oraindik ez dute Nazio Batuen Idazkari Orokorraren Ordekari Berezi berri bat bidali Mendebaldeko Saharara. Amaitu da itxaronaldia.

Nazioarteko komunitatearen baitan, Espainiak ardura berezia du, Mendebaldeko Sahararen egungo potentzia administratzailea baita. Izan ere, lurraldea Marokori eta Mauritaniari lagatzeko sinatu zuten 1975eko Madrilgo Akordioa baliogabea da. Beraz, inork baino kezkatuago egon beharko luke Nazio Batuen ebazpenak bete daitezen eta autodeterminazio erreferenduma antolatu dadin. Alabaina, espainiar estatuko garai demokratikoko gobernu guztiek, salbuespenik gabe, babestu dute monarkia alauiaren tesi espantsionista, inolako duda-mudarik gabe. Horrela, 1978. urtetik alderdi politiko nagusiek mantendu eta babestu dituzte herri sahararraren giza eskubideen urraketa, baliabide naturalen ustiaketa eta elkarbizitza baketsurako oinarrizko arauen haustea.

Zoritxarrez, botere politikoa ez da zapaltzailearen alde egin duen bakarra, gizartearen gehiengoa horren aurka badago ere. Ibex-35eko elite ekonomikoek (Siemens Gamesa, Indra, Repsol eta CEPSA bezalako enpresek edota Alantra bezalako inbertsio funtsek) Mendebaldeko Sahararen okupazio ilegala mantentzen dute euren enpresa-ekintzekin. Honako adibideek erakusten dute kapital espainiarra nahasia dagoela: hidrokarburo-hornidura, Phosboucraako meatzearen funtzionamendurako energiaren sorrera, herritarrak erreprimitzeko erabiltzen diren armen salmenta edota sahararrei dagokien arrantzaren etengabeko lapurreta. Kapital espainiarrak, tamalez, okupazioaren erregimenarekin bat egin du.

Maila europarrean, ez da nahikoa izan 2012an Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak egin zuen epaia: Marokorekin zegoen merkataritza akordioa ilegala zela adierazi zuen, Mendebaldeko Sahara bere lurralde gisa sartzen zuelako. Epaiak zioen bezala, Mendebaldeko Sahara ez dago Marokoren burujabetzapean. Zoritxarrez, akordio berri bat sinatu zuten 2019an baldintza berekin, eta PSOEko eta PPko eurodiputatuen babes sutsua izan zuen.

Horrela, horrenbeste etsipen eta iruzurren ondoren, herri sahararrak ez du traizio gehiagorik onartu. Guerguerat eremuko igarobide ilegalean era baketsuan protesta egiten ari ziren sahararrei eraso die Marokok. Horrek su-etenaren akordioa urratu du, eta hori izan da urak gainezka egiteko falta zen tanta. Marokoren erasoak eta nazioarteko komunitatearen eraginkortasunik ezak bultzatu du herri sahararra «tirania eta opresioaren aurkako matxinadaren baliabide gorena» erabiltzera, 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsaleko hitzaurreak dioen bezala.

Geroraezina eta larria da autodeterminazio erreferenduma antolatzea herri sahararraren adierazpen askatasuna bermatzeko eta bere aberriaren etorkizuna erabakitzeko. Horrek emango dio bidezko irtenbidea gatazka amaigabe honi, eta sufrimendua areagotzea eragotziko du.

Dena dela, azken tea, tradizio sahararraren baitan heriotzaren gozotasuna islatzen duen hori, Mendebaldeko Sahara aske eta baketsuaren hondartzetan hartuko dugu.

Sahara askatu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.