Agintzen duenak agintzen duela, pentsio publikoen defentsan

2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Pentsioen etorkizunerako une erabakigarrian gaude. Alde batetik, Europa eta, bestetik, finantza-sektorea eta enpresaburuen zirkulua, besteak beste, gobernua presionatzen ari dira, gaur egun pentsiodun garenon lanari eta mobilizazioari esker hamarkadetan zehar eskuratu ditugun eskubideak murriztu daitezen. Haiek ez dituzte pribilegioak galdu nahi, ezta soldata eta kalte-ordain bikainak ere, baina arlo publikoarekin amaitzea interesatzen zaie (osasun arloan, hezkuntzan edo pentsioetan), gero beraiek kudeatuko dituzten pentsio pribatuei atea zabaltzeko. Hori ez da kontu txikia; ez dugu ahaztu behar publikoa, arrunta, dela, hain zuzen ere, bizitzan aukera-berdintasuna hobekien bermatzen duena, zein tokitan jaio zaren alde batera utzita.

Mezu aztoragarriekin beteko gaituzte, jaiotza-tasa baxuaz hitz egingo digute, bizi-itxaropena handitzeaz (hori zerbait txarra balitz bezala), pandemiak eragindako krisiaz hitz egingo digute, haien murrizketak isilean onar ditzagun. Hala ere, ez dugu onartuko, pandemian zehar bazterturik egon den sektorea izanik, gaixotasun eta heriotza gehien jasan duena, orain gure eskubideen aurka egitea.

Bidegurutze batean gaude, beraz: murrizketen bidea hartzea, jada aberatsak direnak are gehiago aberasten dituzten erabakien bidea; edo eskubide sozialen, justiziaren eta berdintasunaren bidea. Guk bigarrenaren alde egiten dugu. Ez dugu ezinezkorik eskatzen. Plazetara atera gintuena aldarrikatzen jarraitzen dugu:

— Gure pentsioen erosteko ahalmena legez bermatzea, duintasunez bizitzeko aukera emango digun KPIaren arabera.

— Gure eskubideak mugatzen dituzten erabakiak indargabetzea, hala nola jasangarritasun-faktorea eta errebalorizazio-faktorea, pentsioak gure bizi-denboraren edo Gizarte Segurantzaren kutxan ustez dagoen diruaren mende jartzen baitituzte.

— Gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea: gaur egun, 950 euro.

— Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, baita pentsioetan ere, egungo desberdintasunekin amaituz.

Ez da diru arazoa, dagoena nola banatzen den baizik. Ildo horretan, ezinbestekoa da fiskalitatea aldatzea, gehien dutenek gehiago ordain dezaten. Horregatik guztiagatik, maiatzaren 29rako deitutako mobilizazioetara deitzen dugu, bai Donostian, bai herri bakoitzean, betiereosasun segurtasunaren protokoloa gordez.

Gaur, atzo esaten genuen bezala, agintzen duenak agindu, pentsio publikoak defendatzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.