Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa Garaiko administrazioek lankidetza egitasmoak hitzartu dituzte martxoan. Hedabideek gogotik jakinarazi digute hitzordua eta honen agenda, eta nola ez, beronen geografia. Bi aste aurretik, ordea, Etxegarai eta Urkullu gobernuburuek Herri Elkargoa eta Erkidego autonomoko administrazioen arteko lankidetza proiektuez lan bilera egin zuten. Azken hori gutariko askorentzat itxaropentsuagoa izan arren, bigarren hitzarmenak berehala ostendu zuen. Zer du, ordea, ezkutatzeko edo lotsatzeko euskal instituzio eta eragileen arteko lankidetzak? Inork agindu al zuen albistearen oihartzun apala, ala Euskal Herria aintzat hartzen dugunon eskarmentuak eraman gaitu proiektu kutunak zaratatik urrun gordetzera? Bi hitzorduon segidan, milaka eta milaka lagunek hartu dituzte errepideak Korrikari gorputza emateko eta ukatutako herri hau badela esateko; Espainiako indar politiko zenbait euskal egitasmo instituzionalaren kontra agertu dira, eta Ipar Euskal Herrian murgiltze ereduaren ezarpena zapuztu dute. Dena Aberri Egunaren bezperan.
Akitania Berriarekiko lankidetza urrats baikorra da, inondik ere, iraun dezala luzaroan eta etor bitez inguruko edo urrunagoko herriekin lankidetza egitasmo gehiago, are hobeto aurrez euskal herritargoari galdetzen bazaio zertan nahi duen lankidetza. Baina, nazioarteko lankidetza agenda guztiek batera, distirarik handiena isurita ere, ez dute oinarrizko ebidentzia ezkutatzen, hain da handia hutsunea… noizko Euskal Herriaren baitako lankidetza eta garapena sustatzeko egitasmo estrategikoa?
Jabetzen gara gure herriak bizi duen burujabetza ezak, eta eskura dugun autonomia mugatuarekin, ardura herrigilez jokatzeak lan gogorra eskatzen duela eragile sozial, politiko eta instituzionalentzat. Jabetzen gara halaber, ez direla nolanahikoak Paris eta Madrilen presioak euskal herritarrek eta organizazioek lankidetzarako orube komun bat eraiki ez dezaten.
Europan eta Munduko eremu akademiko eta politiko nagusietan irabazia du Euskal Herriak herri izatearen aitortza. Horra hor, azken asteotan Facebookek berak hartu berri duen erabakia euskal abertzaletasun eta subiranismoaren adierazpenen inguruan. Baina Europan herri garela aitortua izateak ez dakar, nonbait, bizikidetza eta lankidetza agenda normala. Urrun gaude Europako Batasunean muga administratiboak dauden auzo-eskualdeen arteko lankidetza dinamiketatik. Ez dugu gogoan, ordea, euskal herritargoak noiz erabaki zuen Europako mugarik hermetikoena bere horretan mantentzea. Gabezia honek, aldiz, zantzu zitalagoak ere baditu: gure herria desagerrarazteko mendeetako oldarraldiaren gaitzespenak oraindik ez du euskal instituzioetan edo eremu intelektualetan biderik egin, munduan zehar herri batek beste baten kontra egindako hainbat txarkeriak duten moduan.
Eman dezagun Euskadiko Autonomia Erkidegoko alderdi, legebiltzar, Gobernu eta gainerako instantzia instituzional eta administratiboetan, aurrez Eusko Ikaskuntza eta Unibertsitate zein erakunde sozial nagusiek sustatuta, gehiengoz bozkatu eta erabakitzen dutela adieraztea Euskal Herria, herri den aldetik, ukatu izan zaiola komunitate nazional moduan bere harremanak gorpuztea; asko, ugari eta gogorrak izan direla xede horrekin ezarri zaizkion erabakiak. Halaber, bere ezaugarriekin bat ez zetozen politika publikoak ezarri zaizkiola, eta politika horiek dibergenteak izan direla lurralde batetik bestera. Berariaz eragindako atomizazioak euskal herritargoak euskal bizikidetza espazio komuna eraikitzea eragotzi duela, horrek eragindako sufrimendua ez dagoela ukatzerik eta ez duela onartuko inork uka dezan.
Demagun hari horretatik tiraka, euskal instituzioei dagokien neurrian, erabakitzen hasten garela... 1) sustatzea euskal herritartasuna eragozteko dispositiboei buruzko ikerketa eta dibulgazioa, horretarako institutu bat sortuz; 2) salaketa publikoa egitea euskal herritartasuna eragozteko asmoz indarrean dauden araudiena, eta salaketa hori dokumentatuta eramatea Nazio Batuen Erakundera; 3) galdeketa prozesu bat burutzea Euskal Herriko eragile sozioekonomiko eta akademikoen artean, lankidetzarako nahikeriarik baduten eta horretarako zer behar duten galdetuz; 4) onartzen diren lege eta araudietan aurreikustea gainerako euskal lurraldeetako eragile sozial, kultural, ekonomiko, akademikoen arteko lankidetza, eta lankidetza hori errazteko neurriak hartzea; 5) politika publikoetan auzoko euskal herrialdeekin sinergiak eta sintonia eraikitze aldera lan konparatiboak sistematikoki egitea, horretarako, berariaz idazkaritza bat sortuz 6) euskal lankidetzaren legea onartzea, ezein arlotako eragileak, hala nahi badute saretu daitezen erraztasunak eta laguntzak eskainiz; 7) maila instituzional guztietako aurrekontuetan lankidetza jarduerak babestu eta sustatzeko baliabide ekonomikoak ezartzea. Eta horrela beste hamaika erabaki, euskal lankidetza eremua gorpuzten joateko, mendeetako jazarpenak ezarritako zatiketa eta alienazioa gainditzeko, lurralde honetan bizi diren pertsona guztiek, bere nazio identitatea edozein izanda ere, auzoko euskal herrialdeekin harreman normalizatuak eraikitzeko. Egia, aitortza eta erreparazioa euskal populuari.
Arestian esan dugu ulertzekoak direla gobernuan denaren zailtasunak autogobernua gure komunitate nazionalaren desagerpena nahi duten botere exekutiboekin adosteko. Baina onar dezagun, euskal komunitateak nekez berreraikiko dituela bere baitako loturak eta sinergiak sektore sozial eta instituzional nagusiak horretara jartzen ez badira. Komunitate nazionalaren berreraikuntza behetik gorakoa izango da. Ikasle, irakasle, sindikalista, baserritar eta txistulariek eraiki beharko dute korronte hori, baina onespen eta sustapenik gabe nekez iritsiko gara naturala dena egiazko bihurtzera atzera berriro, nekez aldarrikatuko dugu euskal populuari egindakoaren egia eta aitortza, are gutxiago erreparazioa. Intentsitate kontua ere bada.
Aberri Egun honetan, lagun artean har dezagun tarte bat euskal lankidetzaz baikorki hitz egiteko, egin dezakegunaz eta eginarazi behar dugunaz.
Agenda herrigilea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu