Afrika 2012: etorkizuna bere esku

Urri Urizar
2012ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Efemerideak, pertsonalak nahiz kolektiboak, gure identitatearen kontzientzia berreskuratzeko eta sakontzeko une bereziak izan behar dira, egindako ibilbidea aztertu eta etorkizuneko konpromisoak berresteko.

Espiritu horrekin, bada, Afrikaren Aldeko Taldea osatzen dugun erakundeok, kontinente horrekin senidetuta, Afrikaren Eguna ospatzeko elkartu gara gaur, 2012ko maiatzaren 25ean, eta bertako herriei laguntzeko dugun borondatea berretsi nahi dugu, politikan, kulturan, ekonomian eta nekazaritzan subiranotasun osoa lor dezaten.

Baina, horretarako, beren ibilbidea egin behar dute, beren erritmoan, beraiek hartutako erabaki eta apustu burujabeen bidez, eta ez haien izenean baina haien errealitatetik kanpo dauden botere ekonomiko eta politikoek agindutako estrategien arabera, sarritan gertatzen den bezala.

Beharbada, Afrikako errealitaterik dramatikoena elikagaien egoera larria izango da. Gosete handia baitago Afrikako Adarrean eta Sahel eskualdean, milioika pertsonaren bizia arriskuan jartzen duena nutrizio eskasagatik. Bestalde, milioika hektarea saltzen edo lagatzen ari zaizkie atzerriko gobernuei eta multinazionalei.

Herrialde askotan zapuztuta gelditu da nekazaritzaren garapena —eta, ondorioz, garapen integrala—, diruz lagundutako elikagaiak inportatu direlako eta Familia Nekazaritza alde batera utzi delako, kanpotik etorritako formulen mesedetan. Formula horien oinarrian hauxe baitago: elikagaien ekoizpena kanpotik etorritako finantzaketaren mende uztea, bertako Familia Nekazaritzan oinarritu ordez. Hala ere, gauza jakina da Familia Nekazaritzak lana ematen diela biztanleen erdiei, eta, bertan behera utzita badago ere, kontsumitzen diren elikagaien %70 ekoizten dira bide horretatik.

Afrikako nekazari-erakundeak gero eta gehiago ari zaizkie eskatzen beren gobernuei bertako aurrekontu-baliabideak erabil ditzatela —eta ez bestelako interesak dituzten atzerriko diruak— nekazaritza politika nazionalak finantzatzeko orduan, horrela, bertako nekazariak sendotu eta elikagaien Segurtasuna eta Subiranotasuna benetan lortu ahal izateko. Afrikako esaera zahar batek dioenez, «beren janaria ekoizten ez duten herriak ez dira herri libreak».

Oinarrizko helburu hori lortzeko bidean, garrantzi handiko aurrerapausoa izan da FAOren Elikagaien Segurtasun Batzordeak 2012ko maiatzaren 11n onartu dituen Gobernagarritasun Arduratsurako Borondatezko Zuzentarauak, Lurra, Arrantza-tokiak eta Basoak edukitzeari dagozkionak.

Zuzentarau horiek, ahalik eta lasterren legeria nazional bihurtu behar dutenak, lehentasuna ematen diote Familia Nekazaritzak lurra, itsasoa eta beste baliabide natural batzuk eskuratzeari, eta bitarteko legalak eta teknikoak zehazten dituzte baliabide horien zertarako lehenetsia bermatzeko eta babesteko.

Afrikak bere etorkizuna eta garapena bere gain hartzeko duen eskubidea aitortzea guztiz bateragarria da egiazko elkartasunarekin, eta bat dator bere helburuak, baliabideak eta emaitzak lortzeko hezkuntza, osasun, nekazaritza prozesuekin.

Herrien Europatik ahalik eta baliabiderik gehien jarriko dugu, Afrika bere etorkizunaren jabe izango den eguna lehenbailehen irits dadin. Ordua baita.

Afrikaren Aldeko Taldea osatzen dugun 20 erakundeok laguntzen ari gara gurekin lankidetzan ari diren Afrikako elkarte eta erakundeei; lankidetza hori hezkuntza eta osasuna hobetzeko proiektuetan eta Gizarte Zibileko erakundeak sendotzen, genero-berdintasuna defendatzen, nekazaritza eta artisau-lana garatzen ematen dugu.

Afrikako Eguna 2012 honetan, Afrikako gizon eta emakumeekin dugun elkartasun konpromisoa berretsi nahi dugu, garapen solidarioan elkarrekin aurrera egiteko, pertsona bakoitzaren giza eskubideak eta askatasuna errespeta daitezen, bai Afrikan, bai beste kontinente guztietan, oinarrizko beharrizanak barne: janari osasungarria eta nahikoa, kalitatezko osasuna eta hezkuntza, etxebizitza eta azpiegitura duinak.

Testu hau honako talde hauek sinatu dute: Alboan, Behar Bidasoa, Bilboko Elizbarrutiko Caritas, Fundeso Euskadi, Izan, Haurralde Gundazioa, Mundukide Fundazioa, Nazioarteko Elkartasuna eta beste 15 elkartek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.