Martxel Toledo Garmendia.

Adiorik ez, eskerrik asko baino ez

2014ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Hamazortzi urte luze pasatu badira ere, atzo izan balitz bezala gogoratzen dut guztia. 1996ko ekainaren 26a zen, asteartea, eta Donostiako Kirol Etxean, ETB, Euskadi Irratia, Herri Irratia, El Diario Vasco, El Mundo, Egin eta Euskaldunon Egunkaria-ko kirol kazetariak aritu ziren solasean. Honela aurkeztu zuen gure moderatzaileak mahai ingurua: «Euskaldunak izanik, geure selekzioarekiko euskal sentimenduak bultzatu gaitu horrelako talde bat osatzera. Gaurko mahai inguru hau antolatzen dugun lehenengoa da, eta espero dugu, guztion laguntzarekin, azkenekoa ez izatea. Euskal Herrian kirola jorratzen duten euskal kazetari batzuen iritzia kaleratzeak eduki dezakeen garrantzia ikusita, animatu gara, gure lehen urrats moduan, mahai inguru hau antolatzera. Mila esker eta ongi etorri». ESAITen sorrera publikoaz ari natzaizue. Begi bistakoa da ekitaldi hura hamazortzi hauetan egindako bidearen hasiera baino ez zela izan.

Lehen urteak, batik bat, iritzia sortzen ibili ginen herriz herri, hitzaldiak, mahai inguruak eta horrelakoak antolatuz. Tartean, 98ko ekainean hain zuzen, Euskadiko Kirol Legea onartu ahal izateko, EAJ, EA, Herri Batasuna eta Ezker Batua alderdiekin harremanetan egotea eta sukaldeko lana egitea egokitu zitzaigun. Oraindik buruan daukat kirol legea onartu ondoren aipatu alderdi horien ordezkariekin emandako prentsaurrekoa, eta elkarrekin gure kamisetak jantzita ateratako argazki bitxi hark Espainia aldean sortu zuen ezinegona. Lehen aldia zen PNVk eta HBk Gasteizko Parlamentuan elkartuta bozkatzen zutela. Honela zioen La Vanguardia egunkariak portadan: «PNV y HB se unen para votar la independencia deportiva vasca». Eta beste batek: «ETA entra en las instituciones vascas con la excusa del deporte». Espainiako beste egunkari batzuetan ere antzeko tratamendua eman zioten notiziari. Beste garai batzuk ziren.

Handik aurrera, ekimen sendoagoak eta indartsuagoak antolatzea erabaki genuen; besteak beste, euskal selekzioaren aldeko eguna, astebeteko mendi martxa, Bilboko herri lasterketa, Tourreko irteera, Iratiko zikloturista proba eta, azkeneko bi urte hauetan, Leitzako mendi lasterketa. Elkarte batzuen laguntzarekin eta batik bat kirol txikietan, Euskal Herriko txapelketa batzuk ere antolatu izan ditugu.

Nazioartean ere egon da ESAIT; besteak beste, Italian Giro Della Dolomit zikloturista proban parte hartzen, Londreseko euskal etxean hitzaldia ematen, Bartzelonan eta Venezuelan futboleko selekzioari babesa ematen, Vienan Europako futbol txapelketan aldarrikapena egiten, Madrilgo Kongresuan Katalunia eta Galiziako plataformekin batera antolatutako ekimenen agerraldian, eta San Frantziskon (AEB) 2007. urtean jokatu zen nazioarteko pilota txapelketan. Bestalde, hainbat urte ondoren Euskal Herrira Espainiako itzulia ekartzeak eta 2020ko Eurokopa Bilbon antolatzeak sortutako egonezinaren aurrean, instituzioetan zein kalean hainbat ekimen antolatu ditugu.

Horrez gain, ekimen propioak eta zeresan handikoak ere antolatu dira; besteak beste, 2008 eta 2009an Euskal Herria-Katalunia, Euskal Herria-Espainia eta Euskal Herria-Frantzia kick boxing selekzioen neurketak. Eta, futbolean, 2012an Anoetan EHKirolak eta Kontseiluarekin batera antolatutako nesken arteko Euskal Herria- Eslovakia selekzioen partidua. Mobilizazio arloan ere dozenaka antolatu ditugu.

Beraz, hamazortzi urte hauetan, aldarrikapena lau haizeetara zabaltzen saiatu garela esan dezakegu. Eta irudipena da egun euskal gizartearen gehiengo handi batek bat egiten duela euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldarrikapenarekin. Eta ez dut esan nah, soilik ESAITi esker izan denik, baina, neurri handi batean, ESAITek bultzatutako dinamikaren ondorio bai.

Baina, tamalez, egin dena ez da nahikoa izan ofizialtasuna lortzeko, eta, salbuespen gutxi batzuk kenduta —besteak beste, sokatira, sega, areto futbola, surf kaiak, body board, wushu kunfu eta borrokako beste modalitate txiki batzuk—, berdin jarraitzen dugu, alegia, nazio gisa ofizialki aritzeko Espainia edo Frantziarekin aritu beharrean dira euskal kirolariak. Horregatik, jarraitu beharra dago. Eta ez soilik nazioarteari begira, baita etxe barrura ere, zazpi herrialdeak kontuan hartuko dituen kirol egiturarik gabe gaudelako; beraz, alde horretatik, egitura nazionalak sortzea beharrezkoa da; alegia, zazpiak bat filosofiarekin, zatiketak alde batera utzita, elkarrekin aritzeko garaia da: denok osatzen dugu Euskal Herria.

«Baina hainbeste urte igaro ondoren, zertara dator orain azalpen luze hau?», galdetuko duzue. ESAITen apologia egiteko agian?Edo zertara bestela? Hamazortzi urteko ibilbide luze baten azalpen nostalgikoa egiteko izan daiteke eman daitekeen erantzun interesatua. Baina, auskalo, batek daki!

Jakin dudanez, herritarrek bultzatuta eta Jauzia izenarekin ekimen berri bat sortu da, eta dagoeneko lehen urratsak egiten hasiak dira, eta igandean euskal selekzioak San Mamesen jokatuko duen partiduaren harira hainbat ekimen antolatu dituzte. Ez dago zalantzarik bidea luzea eta neketsua izango dela, orain artekoa izan den bezala, baina ez dut zalantzarik aurrera egiteko ilusioa eta determinazioa dagoen bitartean bidea egitea badagoela, argi baitut euskal selekzioaren ofizialtasuna neurri handi batean gure esku dagoela, herriaren esku. Beraz, ongi etorri, eta zorte on! Hori bai, guztion babesa beharko dela uste dut, nazioartean eta batik bat Espainia eta Frantziako agintariek euskal selekzioaren ofizialtasuna onartzeko jarritako estrabea edo listoia oso goian dagoelako, alegia, lortzeko jauzi handia egin beharko delako. Ea ba 2007ko abenduan Euskal Herria-Katalunia partiduaren harira eman zen irudi jendetsu eta koloretsu hura berriro abenduaren 28an Bilboko karriketan errepikatzeko aukera izaten dugun. Ea ba hitz ponpoxo eta potolotik ekintzetara pasatzeko jauzia egiten dugun.Beraz, adiorik ez, eskerrik asko baino ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.