Pilotazalea

Adinkeria

Adur Lizasoain
2024ko irailaren 20a
05:00
Entzun

18 urte besterik ez zituen nire lagun bati, bizarduna eta lodia bera, «señor» deitu zioten lehen aldian; nola ez, ez da itzuli berriz denda hartara. Udaberri dezente gehiago, bestetik, Anthony Hopkinsen pertsonaiak Conocerás al hombre de tus sueños komedia ederrean (Woody Allen, 2010) ero baten moduan pisuak altxatzen zebilenean, heriotzari beldurra diola eta bere zahartze prozesua atzeratu nahian. Adina zenbaki bat besterik ez dela, jarrera kontu bat, esan ohi dugu gurean amodio harremanetan edo gustatzen zaizkigun plan horiek egiterakoan, justifikazio gisa; pilotariek profesional zirkuituranzko jauzia egiterakoan, aldiz, ez dute iritzi bera izan azken urteotan Aspek eta Baikok.

Ander Muruak (Arrasate, 2000) debuta egin berri du. Azken bizpahiru urteotan bera izan da bere postuan onena afizionatuen zirkuituan, eta errendimendua eta meritokrazia ardatz, merezi zuen aukera hau zalantzarik gabe. Bejondeiola, eta disfruta dezala bideaz. Duela hilabete batzuk, bestalde, Joseba Aldaberen (Igantzi, 1996) txanda izan zen. 27 urterekin, jada trena pasatu zitzaiola onartua zuenean egokitu zitzaion aukera atzelari honi, elektrikaria ofizioz, afizionatuetan sekulako maila eman ostean —urte bat baino gehiago zihoan partidarik galdu gabe—. Zeresana eman zuen albisteak prentsan, debuta 18-21 urte bitartekoek egitearen tonika hautsi zuen eta. Hortik gorakoek, jada, jai. Eta normalizatua genuen.

Gogoan dut hain justu Muruaren debuteko pilotalekuan jokatu nuen aldi bakarra: 22-3 galdu nuen, 80 kilometroko bidaia egin ostean. Isil-isilik itzuli ginen autoan aita eta biok takoak kentzen nituen bitartean. Ni txarra nintzen —eta ez zenuten jokatzen ikusi egun hartako nire bikotekidea—, beraz ez da ezer gertatzen, baina badaude talentuaz gain zaletasun handia eta profesionala izateko ametsa duten pilotari gaztetxoak. Ez ditut sekula ahaztuko Iñigo Martínezen (Bera, 1997) eta Beñat Garmendiaren (Beasain, 1997) —afizionatuetan ederki dabil orain— kasuak, bi urteren buruan kontratua berritu gabe geratuak biak errendimendu txukuna eman eta potentzial pixka bat behintzat bazutela erakutsi ostean, edo Jon Erasunena (Zizurkil, 1996), hamalau egun lehenago eta gauez jakinarazia agurraz Whatsapp mezu hotz baten bidez. 2020an Baikon izandako greba zaratatsu hartaz nahiago dut ezer ez idatzi, nahikoak esan ziren-eta bere garaian. Pixka bat mingarria izan zen hura zaleontzat.

Gure herrietako pilotalekuak haurrez gero eta hutsago dauden eta Boliviatik bi mutil propio pilotan jokatzera etortzen diren garai honetan, paradoxikoa oso, uste dut gehiago zaindu behar direla pilotariak eta ez direla haien ametsak horren azkar hautsi behar. Ez du zentzurik talentu pixka bat baduen eta berez kantxan zer eskaini eta zer disfrutatu baduen 22 urteko mutil bat jada erretiratuta, agortuta, pilarik gabe geratu den panpina zahar bat bezala egotea. Ilusioa galtzea, pilotaz deus ez jakin nahi izateraino, beharbada, kasu batzuetan. Horrela ez ditugu erakarriko hurrengo belaunaldiak, eta horren errua ezingo diogu bota futbolari edo bideojokoei. Gehiago baloratu beharko genuke haien gurasoek urteetan eginiko sakrifizioa ere, kilometro mordo bat eginez Euskal Herrian barrena eta materiala erosiz, dena beren patrikatik eta denbora librean; gazteen amets hautsien frustrazioa haiek ere jango dute eta.

24 urte adin ona da pilotari profesionala izateko eta bertan ibilbide oparo bat egiten hasteko pixkanaka, eta 18, salbuespenak salbuespen, gazteegia; kirolari baten ontze mentaleko prozesua eta punttu fisiko onena —atzelarietan, batez ere—, normalean, beranduago hasten baita. Urte tarte hori afizionatuetan ematea esperientzia ona da, asko ikasi ohi dute-eta jende zaharragoaren aurka jokatzen.

Espero dut Muruaren eta Aldaberen kasuek jarraipena izatea, eta ez begiratzea hainbeste adinari alde horretatik. Orokorrean enpresak lan oso ona ari dira egiten eta eskertu ere egin behar zaizkie gauzak, eta badakigu liga pribatu bat dela hau, non onenek jokatu behar duten, eta zaleok hala exijitu behar diegu beti, baina pazientzia pixka bat ere eduki dezatela. Pisuak altxatzen aritzeko ez da inoiz berandu, begiratu bestela Anthony Hopkinsi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.