Psikologia modernoaren arabera, adimen emozionala zailtasunen aurrean aurrera joaten dakien pertsonak duen dohaina da, eta berorren bitartez, beldurra, antsietatea eta neurriaren gainetik kaltegarri suerta daitezkeen antzeko sentimenduak kontrola daitezke. Adimen mota hori harreman sozial eta afektiboetan ondo moldatzeko garatu beharreko konpetentzia da, halabeharrez. Eta ondo landua duen gizabanakoak, inguruan dituen harresiak gainditzeko eta mamutzar eta piztiei aurre egiteko arma gehiago izanik, zoriontsuago bizitzeko aukerak izango ditu.
Gure haurtzaroan (eta zeresanik ez gure gurasoen sasoietan) ez gaituzte emozioak kontrolatzeko hezi. Orain arteko heziketaren ikuspuntu arrazionalistak adimena ezagutza ugari izatearekin lotu izan du, hau da, gizabanako adimentsua liburuen artean irudikatu izan dugu. Eta hori gutxi balitz, giro politiko-sozialak ere ez digu batere lagundu, ehunka urtetako zapalkuntzaren gauean zapaltzaileek indarkeriaren erabilera ankerrarekin batera adimen arrazional hori irrazional bihurtuz, gure herriak bazterketa neurrigabea pairatu baitu: zenbat alditan ez digute, bada, esan euskal izaera eta kultura lau baserritar atzeratu, fanatiko eta ezjakinen emaitza direla. Hamaika aldiz jausi eta altxatu gara, eta saio nekagarri horiek une batzuetan gainditu egin gaituztelarik, frustrazioaren zurrunbiloak mendeku, gorroto, konplexu eta kulparen eremu idorretara bultzatu gaitu.
Alabaina, mendeetan eragindako orban eta malko guztiak gora behera, bizirik irauteko gogoak aurrerako bidea markatu digu, zapaltzaileen arrazoi autoritarioari askatasunean bizi guraren poza kontrajarriz, Espainiako edozein sasi-epaileren arrazoiak baino balio handiagoa duen balioa kontrajarriz. Helburu horren atzetik, gure herri txikiak hamaika asmo eta egitura jarri du abian, tamalez sarritan hamaika zigor eta jazarpen ekarri dizkigutenak. Jausi eta altxatu, altxatu eta jausi hurrenkerak aurrera eraman gaituela, denbora-garrenean gure eginkizun eta iritzien amaraun handiarenprozesu bihurgunetsuak —bere asmatze eta okertze guztiekin—sasoi berri batera ekarri gaitu, sasoi berri bat non gure historian lehen aldiz euskal herriko indar progresista, ezkertiar eta aurrerakoi guztiak proiektu komun baten inguruan batu diren. Giro horretan iragarri du ETAk behin betiko su-etena. Azkenean, euskal gizarteak kudeatuko du prozesua, eta frustrazio guztien gainetik adimen emozionalaren tren berrira sartzeko aukera izango dugu. Orain tren helmuga egokira eramaten jakitea falta zaigu.
Aurrerantzean dena samurragoa izan beharko luke, baina inguruari so, oraindik bidean bada oztopo ugari. Izan ere, Espainiako boterearen piztitzarrak lehengo tren zaharraren usainaren nostalgiaz bizi dira oraindik, Euskal Herriko tren berriaren abiadura handiari muzin eginik; dirudienez, abiadura handiko trena soilik poltsikoak betetzeko baliatzen dute. Euren piramide ustelak gure kontra jotzen du gupidarik gabe, goitik politikari, epaile eta oligarken tropa eta behetik kolore guztietako poliziek eta parapoliziek euren aginduak betez. Denak herriko seme-alaba adimentsuenen aurka, denak prozesu berria ur lohietan hondoratu guran, kale mailan euren adimen emozionalak zein izaera urria duen frogatzen digute behin eta berriz. Adibide gisa, horra hor orain dela aste batzuk Kukutzaren aurka erabilitako indarkeria, edo hauteskunde kanpaina berrian Amaiurko hautetsien aurka egindako eraso eta mehatxuak, euren beldur, haserre, gorroto, inbidia, frustrazio eta mendeku gosearen erakusgarri. Antza arrazoi autoritarioaren itzalak huts eginik, indarkeriaren arrazoia inposatuz beldurtu gura gaituzte, eta azken berrien arabera guretzako bala bana dute opari.
Handi-mandien txakur amorratuak lotu barik dabiltza, ezelako kate barik. Edozelan ere piztitzar mandatariak alferrik ari dira, denak mendiko ur garbiaren oldarrari presa egin guran baitabiltza, eta edonork daki ez dagoela ur-oldar hori geldi dezakeen borra, bala edo lege ustelik. Aurrean itxaropenez betetako eremua zabaltzen zaigu, eta gure heldutasunari eutsiz, bidean zehar adimen emozionalaren jabe izan gura genuke. Tartean ezingo dugu haserrea, beldurra, lotsa, gorrotoa, herra, tristura, interesa, frustrazioa eta hainbat emozioren presentzia ekidin, baina horiek guztiak heldutasunez kudeatuz, gure herriak pauso sendo eta eraginkorrak eman ditzake bidean landutako soro eta zelai oparoen gozamenean aspaldi desiratutako askatasuna lortu arte.
Dena euskal jendartearen onerako, dena espainiar egungo mandatarien lotsarako.
Adimen emozionalaren trena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu