Kazetaria

Adimen artifizialari ez

2025eko martxoaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Adimen artifiziala hementxetan, adimen artifiziala hortxetan, adimen artifiziala hantxetan, alde guzietarik ez da besterik aipu, AA, AA eta AA. Behin ere ikusi ez ditugun mirariak hitzematen dizkigute. Baina nire zaharrean, badut besterik entzunik... eta ikusirik!

Joan den mendeko lehen partean Heleta nire herrian, ez zen ez ur, ez argindar, ez bide plantakorik, ez beribil, ez irrati, ez telebista, ez eta telefonorik ere, etxe gehienetan. Mendi medikuak, heldu zelarik auzoalderat, beribila gure extean uzten zuen eta gure behorraren gainean joaten zen harat, zaldiz. Gu, oinez, ez bada zaldi karrosak bazituzten dozena erdi bat etxe. Ahanztear nuen! Asto bat ere bazen. Bat bakarra! Lau haurrak lerroan eramaten baitzituen eskola ala elizarat. Beste guziak oinez bai.

Orain bada kasik jende bezainbat beribil; hiruzpalau, etxe bakoitzean. Argindarrarekin sartu dira irratia, telebista, mikrouhina, berogailua, hozkailua eta bakoitzak gehi dezake argindarrari esker dauzkan guziak. Telefono bakar bat zen. Orain jende baino telefono gehiago, sakelako eta etxeko.

Beribilak aipatu ditut. Nor ez da ibili hegazkinez? Nire adineko gazteak itsasontziz joaten ziren Nevadarat, baina urte laburrik barne, ez zen gehiago itsasontzirik izan. Denak hegazkinez.

Oporrak ere agertu baitzaizkigu, edozein herritan aurkituko dituzu Asian, Afrikan, Ameriketan gaindi ibli direnak. Ez uste izan. Lehenago ere izan dira eskolatuak, jakintsuak, teknikariak, ingeniariak, ikerlariak, eskola handienetan formatu (ala formatatu?) gizonak; emazte guti haatik. Bihi bati ez zaio gogoan pasatu ere, aitzinerat eginarazi dizkiguten urrats miresgarri horiek, ametsetako lukainak baizik ez zirela. Begietako errautsa. Zenbaiti bizia errazteko. Baina besteak? Besteak ez dira beren hartarik kantitu. Gibelka joan dira, behin ere ez baita orain bezainbat droga saldu! Bost axola! Baina begi kliskaño bat emanen diet halere.

Gaurko egunean, delako jende jakintsu horiei esker herrialde bakoitzaren aberastasuna izartzen da BPG delakoarekin. Hona zenbait, per capita, Nazioarteko Diru Funtsaren arabera: orori nagusi Luxenburgo (135.000 $), 17. Alemania (50.000 $), 23. Frantzia (45.000 $), 178. Ruanda (790 $), 181. Liberia (700 $). Horra gure jakintsuen uzta! Liberian, Frantzian baino 60 aldiz pobreago! Eta lehentasuna: frantsesak oraino gehiago aberastea.

Batzuk asean eta betean bizi eta 800 milioi jendek pairatzen gosetea, guk, aberatsek, mila milioi tona janari botatzen dugularik. Frantzian, mila haurretarik 35 hiltzen dira 5 urteak aitzin, baina milatik 121 Afrikan. Desoreka izigarri hori zuzendu aitzin, gure miliarrak geuretzat behar ditugu baitezpada, adimen artifizialean ez badugu herrestan egon nahi.

Gure aberastasunari begira, ezpainak milika daudelarik, badira beren herria uzten duten giza gaizoak, gure paradisutik jastatzeko. Milaka itsasoan itotzen dira edo Saharan egarriz hiltzen. Akomea daitezela! Guk AA behar dugu baitezpada aitzinatu.

Nire haur denboran osagarri hoberenean zen lur hau hilzorian emana dugu mende bakar batez, jakintsuek erakutsi eta inposatu bideari jarraikiz. Hor nonbait irakurria dut lurra egin eta Jainkoak ikusi zuela biziki ona zela. Mende bat aski izan zaigu hilzorian emateko, urteak milioika ongi bizi izan den lur hau.
Hobeki! Lurrarekin, jendeak berak usteltzen ari ditugu. Gizakiak (populu aberatsenak ditut gogoan) bere historioan ez du behin ere orain bezainbat aberastasun izan, orain bezalako erraztasunik gozatu, eta behin ere ez da orain bezainbat barnea ments sentitu, behin ere ez da orain bezainbat droga saldu. Urtean 12.000 jendek beren buruaz beste egiten dute Frantzian, bide istripuek eragindakoak baino lau aldiz hil gehiago. Gaztetxo batek beste bat hiltzen du ganibet ukaldika smartphonea lapurtzeko.

Ba ote liteke zerbait nonbait joan ez dena, gure buruhandiek egiten diguten mundu honetan?

Honetaratu gaituzten jende berek izanen dituzte giderrak eskuetan AA famatuarekin. Ez dut duda izpirik hondamendirako bidean eramanen gaituztela orain arte bezala, baina biziki zaluago, horrela formatatuak baitira. Beti eta lasterrago da haien leloa. Bai! Gauza miresgarriak eginen dituzte, baina orain arteko bide berak hartuz, gero eta makur gehiago eginen dute, eta lasai. Haientzat Marseillan finkatuko den Data Center bakarrak Japonia osoak bezainbat argindar beharko du. Horra nolako bidean sartu gaituzten eta eramanen oraino lasterrago, urrunago, delako AA baliosarekin.

Esperantza bat. Gaurko gazteak gero eta gutiago ari direla lanean, ohartu baitira, AAri esker bost minutuko lana aski zaiela, AA gabe bost oren beharko lituzkeena egiteko. Zergatik buru hausteak?

Duela bi mila urte izan zen gizon bat aski mentsa sinesten baitzuen lur honetan zoriona gozatuko genuela ez gero eta gehiago erosiz, gero eta gehiago kontsumituz, gero eta gehiago botaz, baina gero eta gehiago elkar maitatuz, elkar lagunduz, bat bestearen axola izanez; orain ez da gehiago ments haren beharrik. AA hor daukagu munduaren salbatzaleko.

Otsozelaiko gizonek etsaiak bederazka hiltzen zituzten, bai eta nire aitak 14ko gerlan eskuetan zeukan Lebel arma zaharrarekin!, nire haur denboran, aldiz, 100.000 jende hil zituzten Hiroshiman zenbait segundoz, jakintsu handiei esker. Geroztik izan ditugu Three Miles Island, Txernobyl, Fukushima eta… Oraingo jakintsuak, oraino jakintsuagoak izanez, ez aipa ere zer ez duten egiten ahalko AA famatuarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.