«Nekearen nekez aterako diozu janaria [lurrari] zeure bizitzako egun guztietan» esanez madarikatu zuen Jainkoak gizateria fruitu debekatua dastatu ondoren. Modu horretan, bizirik irauteko lan egitera zigortu zuen gizakia.
Antzinako gizarteetan ohikoa zen lanaren ikuspegi negatiboa, eta liburu santuetan ere errealitate hori islatzen da. Antzinako Grezian, lana mespretxagarria zen, esklaboei zegokien zerbait, eta aisialdia zen jarduera egokia gizon osoarentzat. Gizartea bilakatu ahala, ikuspegi negatibo hori aldatuz joan zen, eta, Aro Modernoaren hasieran, lana abantaila moralak zituen jarduera duintzat jotzen hasi ziren.
Gaur egun, lana eskubidetzat ere jotzen da. Kaleratzea eta langabezia dira madarikazio modernoak, eta halako zerbait datorrela adierazten duen elementu oro inork nahi ez duen mamu bilakatzen da. Egun, teknologia zehatz baten atzean ikusten dugu mamu hori: adimen artifizialaz (AA) ari gara. Bolada teknologiko handi ororekin gertatzen den moduan, «makinek lana kenduko digute» esaldia berpiztu eta indarrez zabaltzen hasi da berriro.
Iraultza teknologiko berri honek badu berritasun handi bat: zeregin mentalak automatizatzeko potentziala. Hala, AAri esker, orain arte makinek egin ezin zituzten hainbat zeregin konputarizatzeko aukera dugu. Robotizazioaren ahalmenetik salbu zeudela uste zuten profesionalek bat-batean ikusi dute egiten dituzten zereginetako batzuk makinek egin ahal izango dituztela beharbada. Eta horrek mesfidantza eta nolabaiteko beldurra eragiten dizkie langileei. Merkatuak aztertzen dituen Ipsos multinazionalak 2023an egin zuen inkestaren arabera, partaideen %37k bakarrik uste zuten AAk beren lanpostuak hobetuko dituela; %34k bakarrik uste zuten ekonomia bultzatuko duela, eta soilik %32k uste zuten lan-merkatua hobetuko duela.
Ordezkatua izateko beldur horrek badu bere oinarria. Azken hilabeteetan argitaratutako zenbait txostenen arabera, AAk alda ditzakeen lanpostuen kopurua ez da txikia. Aipa dezagun haietako bat: FMIk aurtengo urtarrilean argitaratutako azterketa batean jasotzen denez, AAk lanpostuen %40ri eragingo lieke, erabat edo partzialki. Laneko zereginak automatizatzen dituzten beste prozesu batzuek ez bezala, AAk enplegu kualifikatuei eragingo lieke batez ere, lan intelektualak egiteko ahalmena baitu. Txosten horiek espekulatiboak dira neurri handi batean, baina adierazten duten joera orokorra kontuan hartzeko modukoa da.
Lanaren automatizazioaren mamua ez da berria. Eta ulergarria da zinez, gizakiaren eta lanaren eboluzioan etengabe erabili izan baitira tresnak. Industria-iraultzan, egiteko ugari mekanizatu ziren teknologiari esker, eta hasieran langile askori eragin zien. Makinek ordeztu zituzten lanbide eta zeregin asko, baina jarduera eta enplegu berriak ere sortu ziren, hala nola ingeniariak, makinistak, konpontzaileak eta administrariak. Garai hartan, Keynesek eta beste ekonomialari ospetsu batzuek iragarri zuten mekanizazioak langabezia areagotuko zuela halabeharrez, baina, ikusi dugunez, ez zen halakorik gertatu.
AAk beste aurrerapauso bat eman du, eta zeregin mentalen automatizazioa ahalbidetzen du. Baina inork ez daki horrek zeregin eta lanpostu berriak ekarriko dituen, aurretik izan diren mekanizazio-boladetan gertatu den moduan. Gainera, ikusi beharko litzateke ea lanbide eta zeregin berrien kopuruaren eta automatizatuko direnen arteko balantzea positiboa izango ote den.
Enpresa-munduak ikuspegi optimista du. IBM Institute for Business Value think tank-ak 2023an egin zuen txosten batean jasotzen denez, exekutiboen %83k uste dute AAk giza enplegua handituko duela, automatizatu beharrean. Lanaren mekanizazioaren aurreko boladek erakutsiko lukete, halaber, gaur egungo lanpostuak eraldatuko direla, beste ahalmen batzuez hornituta, edo lanbide berriak sortuko direla. Dena dela, ausartegia da gai horri buruzko iragarpenak egitea. Eta, lana funtsezkoa denez gizarteak garatzeko eta ongizatea lortzeko, eremu horretan gertatzen den edozein errotikako aldaketak eragin esanguratsua izango du aurrerapen sozialean. Beraz, ezinbestekoa da kontu handiz egitea urrats bakoitza.
AA ez da berehala nagusituko lan-ingurunean. Prozesu horretan, beharrezkoa da oraindik ezartze-kostuak asko jaistea; gainera, kasu batzuetan, teknologia ere hobetu behar da, zeregin kognitibo ugari eraginkortasunez egin ahal izateko. AAko gaur egungo sistemek oraindik mugak dituzte ahalmen batzuetan, hala nola arrazoiketan, munduaren ezagutzan, autoikaskuntzan eta plangintzan. Gainera, kasu askotan, sistema horiek ezartzea garestiagoa da langile bat edukitzea baino. Lan-munduan AA ezartzeak dituen muga horiek pentsarazten dutenez, prozesua mailakatua eta nahiko motela izango da. Hala, aukera izango dugu bilakaera soziala indartuko duen trantsizio ordenatu bat denboraz diseinatzeko eta gauzatzeko, AAren fruitu debekatua probatu osteko madarikazio bihurtu beharrean. Horretarako, esparru askotara (hezkuntzatik industriaraino) zabalduko diren irismen handiko politika proaktiboak beharko dira.