Adimen artifizial sortzailea (AAS) arautu beharrarekin bat datoz aditu gehien-gehienak. AASko tresnak gai dira testu luzeak, galderentzako erantzun egituratuak eta irudiak sortzeko, eskura izan dituzten testuetatik eta irudietatik ikasi ondoren. Programa hauek duten ezaugarri nagusietako bat naturaltasuna da, eta horregatik oso zaila da, edo ezinezkoa, jakitea testua edo irudia makina batek edo pertsona batek sortua den. Testuetan oinarritutako programek duten beste ezaugarri garrantzitsua da erroreak egiten dituztela, detektatzeko zailak direnak, errore horiei haluzinazioak deitu arren.
Arautzeko beharra tresnok dakartzaten arriskuetatik dator. Gehien aipatzen diren arriskuak hauek dira: eduki faltsuen sorrera (nahita edo nahi gabe), iruzurra egiteko gaitasuna, edukietan ager daitezkeen alborapenak (sexismoa, arrazismoa...), egile eskubideen eta jabego intelektualaren urraketa, eta lan-merkatuan kaltea sortzeko ahalmena. Eztabaidagarriago da aditu eta enpresari batzuek aipatzen duten kontrola galtzeko arriskua, hau da, eduki dezaketen balizko autonomia gizakia gainditzeko edo ordezkatzeko. Eta gutxiago aipatzen da teknologiaren oligopolioen (Google, Microsoft, Facebook...) boterea handitzeko (administrazio publikoen eta enpresa txikien kaltean), aberastasuna kontzentratzeko eta energia xahutzeko duten joera.
Beraz, funtsezko kontua ez da ea AASa arautu behar den, baizik eta nola eta nork arautu. Berandu gabiltza eta aurrekariek ez dute optimismorako aukera handirik ematen. Hor dauzkagu arautu eta zigortu gabe, oraindik, Facebook eta Cambridge Analytica enpresek hauteskundeen emaitzak baldintzatzeko izan zuten eragina, edo kriptotxanponekin sortutako iruzurrak.
Hartzen ari diren lehen neurriak, eta proposatzen ari direnak, ez dira oso koherenteak. Italiak ChatGPT debekatu zuen Europako datuen babesa arautzen duen legedian oinarrituta; erantzunen egiazkotasuna ez ziurtatzea aipatuz debekatzeko arrazoien artean. Gasteizko Legebiltzarrean AAko tresnen errolda baten beharra aipatu da, alborapenen kontrola burutu ahal izateko. Europako Batzordea enpresa handiekin negoziatzen ari da «jardunbide egokien kode» bat, makinek sortutako edukia identifika dezaten; baina zalantzazkoa da horren egingarritasuna, sortutako testuak edo irudiak moldagarriak baitira. Estatu Batuetan eragin handia izango dute egile-eskubideen gainean artista grafikoek jarritako auziek.
Aurreikusten diren arriskuak oso larriak direnez, nire ustez egiturazko neurriak hartu beharko lirateke,Europak eta merkatuaren jabe diren oligopolioek proposatzen duten bide kontinuista baztertuz. Balizko arautegi sendo baten inguruan printzipio interesgarri batzuk proposatu dira:
• Nazioarteko agentzia publiko ahaltsu baten beharra. Energia nuklearraren kontrolerako edo Interneteko funtzionamendu egokirako daudenak adibide adierazgarriak dira aurrekari gisa. Agentziaren zeregina litzateke programa hauek erroldatzea, jardunbideak arautzea eta kontrolatzea, eta erabilpen okerrak zigortzea. Agentziak enpresa handietatik ondo bereizita egon beharko luke.
• AAS bakoitza trebatzeko erabilitako testuen eta irudien zerrenda publikoa izatea. Are gehiago, tresnak software irekikoak izatea, herrialdeka zein nazioartean egin beharreko monitorizazioa errazteko. Testuak eta irudiak jabego pribatukoak zein publikokoak izan ohi dira, eta bi kasuetarako aztertu beharko dira erabiltzeko modua eta baldintzak.
• Ondorio okerren erantzukizuna zerbitzua ematen duten enpresena izatea, eta ez erabiltzaileena. Sare sozialetan eztabaida hori egon zen, baina praktikan erantzukizuna erabiltzailearen gainean ezarri da gertatutako auzi gehienetan. Farmakologian, adibidez, onartzen da ondorio kaltegarrien ardura enpresena dela. Tabakoaren kasuan aldaketa bat gertatu zen AEBetan eta enpresek kalteen ardura partziala hartu behar izan zuten. Horixe aplikatzeak arlo honetan erabilpen kaltegarriak murriztuko lituzkeela iruditzen zait. Gidaririk gabeko autoen bideragarritasuna istripuen aurreko erantzukizunean dago neurri handi batean, eta ez teknologian.
• Monopolioen aurkako legedia modu zorrotzean aplikatzea. Eskaintzen dituzten zerbitzu nagusietan Google, Microsoft, Facebook eta Amazon monopoliotzat har daitezke, baina jardunbidea mugatu beharrean utzi egiten zaie gero eta handiagoa egiten. Garai batean hori ez zen onargarria izango. Adibidez, 1982an AT&T enpresa zatitzeko agindu zuten telefonian zuen monopolioa mugatzeko.
• Larrialdi klimatikoan gaudela onartuta, Informazio eta Komunikazioaren gainontzeko teknologia (IKT) guztiekin batera, nola edo hala mugatu beharko da arlo horretan egiten den gehiegizko energia kontsumoa. Energiaren eta garraioaren merkatuetan arautzen ari da, IKTenean zergatik ez?
Aditu eta enpresari batzuek moratoria bat proposatu dute aipatutako kontrol-galeraren arriskuari sinesgarritasuna emanez. Azpimarratu behar da arautzea eskatzen duten enpresariek, askotan, tresna hauek beste batzuek garatzea murriztu nahi dutela haien interes ekonomikoen mesederako, eta ez, dioten moduan, ongizate orokorrerako. Batzuen ustez ahalmenak eta arriskuak puztu egiten dituzte hype efektua eraginez, katastrofismoa eragiteko eta egun aurrera daramaten agintekeria ezkutatzeko. Ildo horretan haien produktuen alternatiba izan daitezkeen kode irekiko eta software libreaz garatutako tresnak arriskutsutzat hartzen dituzte. Baina AASa enpresa nagusi batzuen eskuetan uzteak ez du arriskua murrizten, batez ere datuen babesaren ikuspuntutik. Aurrekoa kontuan hartuta ulergarriagoa da enpresa handiek teknologia honen merkatua arautzeko duten interesa, politikariekin egindako bileretan islatuta ikusi duguna. Horregatik oso garrantzitsua da arautegia gizartetik eta botere publikoetatik abiatzea eta gidatzea, eta ez enpresa nagusi horien eskuetan uztea.
Adimen artifiziala arautzeko moduez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu