Adierazpen eskubidea, horren urraketak, barrikadak eta polizia

2021eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Kontserbadore zintzoenak (ez da PPren edo Voxen kasua, jakina) defendatuko duen eskubide bakar bat ere ez dago barrikaden ketan lortu ez dena. Kataluniako tsunami demokratikoaren inguruan sarean jasotako iritzia.

Indarkeriarako kondenak. Artifizio bat besterik ez dira (...) beste eszenatoki batzuetan indarkeriaren erabilera defendatzen dutenek zabaldu ohi duten esparru politiko batean. Antonio Maestre. ElDiario.es egunkarian asteotako istiluei buruzko iritzia.

Ados nago bi iritzi horiekin. Zergatik hainbeste espantu barrikada batzuen aurrean, beste tokietan, Txilen edo Frantzian, esaterako, gertatzen direnean ontzat hartzen ditugunean? Eta zer nolako biolentzia motaz ari gara? Ahaztu egin al dugu non dagoen egungo biolentziaren iturburua? Ahaztu al zaigu Eskubide Zibiletan, garrantzitsuenetako bat adierazpen askatasuna dela?; hain zuzen Haselen atxiloketarekin urratu dena... Zurikeria hutsa da alde bateko biolentzia gaindimentsionatzea, bestea, sistemikoa dena, estali edo gutxietsi egiten den artean; batez ere, Espainiar Parlamentuan Mozal legea ezabatzeko dagoen ezintasuna kontuan izanik, gehiengo formal bat egon arren eztabaida horren alde, eta Kataluniako eskaerei nola erantzun zaion ikusita.

Horrez gain, ahaztu egiten zaizkigu manifestazio horietan parte hartzen duten gazte amorratuen ezaugarriak. Zati handi bat 16 eta 25 urte bitarteko gazteek osatzen dute. Horien %40 lanik gabe daude; bidegabekeriak eta arbitrariotasunak pilatzen dituen eta iraunkortzat jotzen den ezegonkortasunean murgilduta. Harritzekoa zera da, egoerak oraindik nola ez duen eztandarik egin.

Egoera horretan, normala iruditzen zait partidu sistemikoek harriduraz eta espantuz erantzutea kale istiluen aurrean, ura beren errotara eramaten ahaleginduz.

Izan ere, jazarpenik gabe eta errepresiorik gabe ez litzateke kale istilurik izango; are argiago, polizia agertuko ez balitz, barrikadarik ez legoke. Ahaztu gabe manifestarien artean infiltratzen diren polizia xaxatzaileak.

Eta anabasaren erdian, betiko kontua; zein ote da poliziaren zeregina egungo egoeran eta gizartean? Jakina, polizia —eta gobernu— mota asko dago kapitalismoa zaintzeko, eta denak ez dira berdinak; esate baterako, garai bateko bobby-ak manifestazio eta istiluen kontentzioan oinarritzen ziren, ez oldartzean edo jipoitzean. Horrek badu bere garrantzia. Alabaina, Espainiar Estatuko zein Frantziako polizia erakunde guztiek, izan jendarme, guardia zibil, polizia nazional, mosso edo Ertzaintza, eraso bortitzarekin erantzun ohi dute.

Estatuaren bortizkeriaren aurrean, nik uste dut autodefentsa legitimoa dela. Zer-nolako autodefentsa, hori ondorengo eztabaida da. Beti dago marra fin bat zapalduen haserrearen defentsaren, fetitxismo estetikoaren eta ezintasun politikoaren artean.Manifen osteko sute asko mugimenduaren ahuldadearen eta ezintasunaren adierazle izan litezke, indar erakusle baino gehiago; baina hori mugimenduak berak eztabaidatu beharko du, alegia zein ote den borroka mota eraginkorrena. Desobedientzia zibil baketsua askotan, politikoki zein teknikoki, askoz eraginkorragoa da, bestelako moldeak baino. Baina horretarako ezker eraldatzailea presente egon behar da manifestazio horietan; ezin du gazteria umezurtz utzi, eta gero kexu egin borroka mota batzuek arazoa desitxuratzen dutelako. Kezkagarriak dira benetan, egoera honi erantzuteko ezkerraren ahulezia etagazteriari borrokatzeko esparru eraginkorragoak eskaintzeko ezintasuna.

Autoantolaketak, denboraren kontrol eta plangintza gehiago eskatzen ditu. Norberaren mugak zabaltzean eta funtsezko gaia ez ahaztean oinarritzen da. Eta ezkerrak hori beharko luke abiapuntu. Instituzioetan aritzeaz gain, kalean eta herri antolaketan murgildu.

Globalizazioaren aurkako manifestazio erraldoietan ere beti egoten ziren ildo edo estrategia desberdinak; gehiengo baketsu batena, tutti bianchi edo bere gorputza desobedientziaren borroka gune bihurtzen zutenak, eta black gune bat zeina istilu artean bukatzen ez bazuen ez zen kontent geratzen; baina horrek ez zituen desitxuratzen gehiengoaren aldarrikapenak.

Pablo Haselen askatasunaren alde mobilizatzen jarraitu beharra dago, mobilizatzen, poliziaren basakeria salatzen eta oligarkiaren lekaideen hipokrisiari aurre egiten. Eta polizia oldartzen bazaigu, autodefentsa neurtua, beti hiritarrak kontuan hartzen dituena. Horretan bihurtu da Kataluniako independentismoa indartsu. Ez al dugu gogoratzen garai bateko manifetan beti bukatzen zutela, egun bezala, Ranbletako eskaparateak apurtzen? Eta, nola, ondoren dena aldatu zela?

Alabaina, independentismo horren buruzagitzaren egungo gaitasunik ezaren eta bere inkoherentzien ondorio dira, hein handi batean, mugimendu horren zartatzea eta aglutinatzeko gaitasunaren galera. Batez ere kontuan izanik, independentismoaren buruan dauden zenbait alderdik, poliziaburu jartzen direnean, ahaztu egiten dutela poliziaren logika zein den.

Generalitatearen ordenaren zaintza guztiz eskizofrenikoa da. Lege antidemokratikoengatik preso dauzka kontseler ohiak, eta aldi berean lege horiek aplikatu behar ditu protestan ari direnen aurka.

Gurean, berriz, ezin izan nuen ulertu nola Nafarroako Gobernu progresistaren agindupeko polizia foralak oldar zitzakeen Azkoieneko langileak, LABeko ordezkariak zigortuz. Erkidegoan, ez dut uste Ertzaintzaren egungo joera desbideratze baten ondorio denik; aldiz, uste dut bere zeregina ondo betetzen duela, horretarako egituratu baitzen EAJren eskutik, Berroziko taldea zenetik hasi, Garaikotxeari egin zizkioten entzuketekin jarraitu, eta Kukutza, AHT zein mobilizazio guztietan izan duen jarrerarekin.

Beste polizia mota bat posible ote da, kapitalismoren baitan? Berriro diot: gaitz erdi, hala bada. Baina horretarako beste Jaurlaritza bat eta beste polizia eredu bat beharko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.