Adierazpen askatasuna eta aktoreen arriskuak

Aitor Merino
2017ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Uste ohi da adierazpen askatasunak ez duela mugarik, baina uste okerra da. Iraintzea, kalumniatzea, inoren ohorearen kontra jotzea edo gorroto eragitea, esate baterako, muga horietatik kanpo daude. Lege eremutik kanpo, adierazpen askatasunak baditu bestelako muga batzuk, askoz ere arbitrarioagoak: boterearen ezpata zorrotzak ezartzen dituenak. AEBetan, zinema gremioak inolako erreparorik gabe kritikatzen du presidente berria, modan balego bezala. Baina ez gaitezen engaina. Han ere badira marra gorriak. Galdetu diezaiotela, bestela, Penelope Cruzi, zeinak burua makurtu eta atzera egin behar izan baitzuen, Gazaren kontrako politika sionista kritikatu eta gero. Mugak, hemen —Erresuma ezarri honetan, non botereak trikornio bat baitarabil koroatzat—, askoz ere estuagoak dira. Ez du merezi ni hemen ezer gainbegiratzen hasterik. Euskal Herrian, ondotxo dakigu zertaz ari naizen.

EITBren Euskalduna naiz, eta zu? Programaren edukia, norberaren irizpideen arabera, jo daiteke gustu txarrekotzat edo graziarik gabekotzat. Izan daiteke iraingarria, minberenen ustez. Ados. Beharbada, baita arduragabea ere, kontuan izanik kate publiko bat dela. Baliteke. Baina, nire iritzi apalean —eta, nago, baita edozein jurista seriorenean ere—, ez zituen urrutitik ere gainditu legearen mugak. Hala ere, prentsa jakin batean hainbat artikulu kalumniazko irakurri ditut, programa horri buruz eta programan parte hartu zutenei buruz. Sare sozialetan, berriz, instinturik beherenak zirikatzen zituzten esaldiak, eta denetariko irainak eta laidoak, nire lankide Miren Gaztañaga ardatz zutenak batez ere. Ez dut zalantza izpirik, Fiskaltzak bere hartan utziko du kontua. Eta hori guztia, paradoxaz, falta berberez akusatuak egoteagatik hainbat pertsona deklaratzera deituak zituzten egun berberetan; baina, jakina, boterea kritikatzen zuten txio batzuk idazteagatik.

Gogoan ditut lankide euskaldun batzuen beste kasu mingarri batzuk ere, zeintzuei eraso egina baitie nazionalismo espainolak bere Damoklesen ezpataz, eta modu kaltegarrian eragin haien karrerei: Gotzon Sanchezen kasua, Dignidad eta Justiciakoek Coca-Cola estutu baitzuten haren iragarkia ken zezan, jendaurrean salatu zuelako presoen espetxe egora; Unax Ugalderena, Lasa eta Zabala filmean ezker abertzaleko abokatu baten rola interpretatu zuelako —oi, bekatu!—; eta, hizpide dugun kasua, hainbat topiko esan dituztelako —oi, bekatu!—, Gaztañaga aktoreak bere agirian azaldu duenez, umorezko programa baten testuinguruan ulertzekoak, ez inondik inora ere beren usterik sendoenen adierazgarri. Hutsegitetzat jo dezakegu, dorpekeriatzat; baina erokeria galanta iruditzen zait herrialde oso baten kontrako iraintzat hartzea. Badut beste lankide bat ere, ezin hobeto dakiena zer basa den jendaurreko lintxamendu bat: Willy Toledo; halabeharrez, euskalduna ez den bakarra. Hala ere, denek ere ezaugarri komun bat dute, jomuga bat eta bera izatea beren irain bekatuzkoek: nazionalismo espainola. Boterea.

EITBren programaren kasua hutsegitez jositako telenobela bat izan da, jukutria zikinez eta burugabekeriaz egina, hasi eta buka. Ez naiz hemen denak aipatzen hasiko, baina bai atalik zentzugabekoena: zenbait hedabideek Miren seinalatu izana, El guardián invisible (Zaindari ikusezina) filma estreinatu berri dela aprobetxatuta. Zehaztu nahi dut tramaren parte horretan atal gehigarri bat sartu zela: haitzulo mediatikoaren desira, zinema espainolari eraso egitekoa oro har; izan ere, oraindik ez digute barkatu No a la Guerra (Gerrari ez) haren alde egin izana. Dramaren parte horretan, pertsonaiarik krudelenak esku hartu zuen: Twitterrek. Ehunka, milaka mezu, pelikulari boikot egiteko eskean, Mirenek film horretan parte hartu zuelako. Irainak, amorru ankerra, gizatasunik ez erabatekoa. Eta, hortik aurrera, askoz ere patetikoago bihurtuz joan zen vaudeville-a: filmaren arduradunen agiria, lankideaz aldendurik, hura are eta gehiago seinalatuz —izen eta deitura eta guzti— eta otso talde bati boteaz haragi pusketa baten moduan; horixe izan zen trama pozoidun honen gailurra. Mirenek filmari kalte egiteko asmoz esan izan balitu bezala hitz horiek —berak ere zoritxarrekotzat jo ditu gerora—; Miren izango balitz bezala boikotaren sortzailea, erruduna, eta ez boikot egileak berak! Gure gremioan beti izan da trepa goranahi eskrupulu gabekorik, baina normalena da elkartasuna sortzea antzezlan, telesaio edo film bereko langileen artean, baita dena delako langileak hutsegite bat eginez gero ere —berriro diot, hutsegite bat!, dorpekeria bat!—, azkenean talde osoari kalte egiteraino zoritxarrez. Nire karrera osoan gutxitan ikusi izan dut elkartasun gabezia halakorik lankide babesgabe batekiko. Niri Madrilen bizi izatea egokitu zaidanaren arabera, hainbestekoa izan da Mirenen lintxamendua, non arrisku bat baitzen jendaurrean haren aldeko adierazpenik egitea bera ere. Aitortzen dut niri neuri ere kostatu egin zitzaidala ausartzea. Eta bitxikeria bat kontatuko dizuet, honako artikulu honekin zerikusia duena: BERRIA egunkaria nire ordezkariaren bidez jarri zen harremanetan nirekin. Eta, hark, hizpide izan behar nuen gairen berri izandakoan, hartaz idazteko proposamena baztertzeko aholkatu zidan, ustezko ondorioen beldur. Ez diot ezer aurpegiratu nahi, nire karrerarako onena dena opa baitit, ziur nago; bere lana egiten ari zen, besterik gabe.

Eta hortxe ageri da auzi honetako hitz giltzarria: beldurra. Errepresalien beldurra. Baztertua izateko beldurra. Berriro lanik ez egitekoa. Beldurra: botereak duen erremintarik baliagarriena eta eraginkorrena.

Hitzak, sare sozialen bidez, bolboraren pare arinki dabiltzan garai honetan, baliteke hemendik aurrera zinemako eta telebistako ekoizpen etxeek lupaz begiratzea nor kontratatzen duten, dena delako aktorearen irristada ideologiko batek beste boikoten bat eragingo baldin balie ere. Pentsatze hutsak hotzikara eragiten dit, baina ez da burugabekeria bat. Eta, aitortu beharra daukat, horren beldur naiz neu ere.

Askatasunez adierazteak ordain bat dakar, ezbairik gabe. Espero dut beste ezein lankideri —edo niri neuri— ez ordainaraztea halakorik. Hala ere, bihotz-bihotzez uste dut merezi duela arriskatzea.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.