Jon-Mirena Landa Gorostiza.

Adierazpen askatasuna: berri on bat Estrasburgotik

2021eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Pandemia garaiotan berri txarrez inguraturik bizi gara. Halako ezkortasun giroan. Burua ezin altxa batzuetan, berri onik existitzen ote den galdetzeko gogotan apika.

2021eko martxoaren 9an Europako Giza Eskubideen Auzitegiak (Benitez eta Fernandez v. Espainia 2021) epaia eman zuen, adierazpen-askatasunarekin zerikusi duen gai baten harira, hain zuzen ere, Espainiako Estatua aipatu eskubidea (Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren 10. artikulua) urratu duelakoan. Gaiak ez du komunikabideetan aparteko zalapartarik eragin baina, nire iritzi apalean, badakar halako berri ona, nabarmentzea merezi duena.

Egitateak Teruelgo halako herri txiki batean, 70 biztanletara ere iristen ez denean, gertatu ziren, Aguilar del Alfambra izenekoan. 2007an enpresa batek (Watts Blake Bearner España SA: WBB-k) aipatu herri udalarenaurrean meategi bat martxan jartzeko baimena eskatu zuen, eta, hasierabatean horri ekiteko lizentzia eman bazioten ere, geroxeago udalbatzak, lizentzia arrunta ez baizik eta inpaktu-ebaluazio sakonago bat behar zelakoan, erabaki berri baten bitartez aurreko lizentzia deuseza aldarrikatu egin zuen. Erabaki hori, meategia martxan jartzea galarazten zuena, izan zen enpresak auzitegietara, administrazioarekiko auzi-prozesu batera hain justu ere, eraman zuena.

Meategiak eztabaida publikoa eragin zuen Aguilar del Alfambran eta horretan modu eraginkorrean GKE gobernuz kanpoko erakunde batek parte hartu zuen, meatze-enpresaren aurka eta ingurumenaren defentsan: Plataforma Ciudadana Aguilar Natural zuen izena. GKE honek ez zuen formalki auzi-prozeduran parte hartu baina, noski, hura jarraitu zuen eta horren inguruko bere iritzia eman ere, tokiko egunkari batean gutuna argitaratzeraino. Eta hemen dator gatazka. Epaileak enpresaren aldeko lehenengo erabaki bat hartu zuen 2009an eta oraindik gora jotzeko errekurtsoa erabaki gabe zegoen bitartean, GKEak aipatu eskutitza bidali zuen prentsara, oso modu gordinean epailearen aurka joz. Besteak beste, leporatzen zion ez zuela konpetentzia teknikorik ez interesik auzia justiziaz erabakitzeko: ez zuela aintzakotzat hartu txosten teknikoen edukia; erabakia hartua zuela eta gero jantzi besterik ez zuela egiten. Bi hitzetan, partziala zela, guztiz. Gutunaren bukaeran, esaterako, zera esaten dio epaileari: «boterea (autoritatea) izango duzu, baina ez zara justiziaren ordezkaria».

Horren aurrean, bere ekimenez, Fiskaltzak kereila kriminala aurkeztu egin zuen Plataformako kideen aurka eta publizitatez egindako ohorearen aurkako delitua (Zigor Kodearen 208., 209. eta 211. artikuluetakoa) leporatu zien gutunaren egileei: irainak omen ziren epailearen aurka botatakoak. Epaile penalak Fiskaltzaren interpretazioa bere egin eta akusatuak kondenatu egin zituen isuna ordaintzera (2.400 euro), bai eta egunkari berberean eta haien kostura (beste 2.758 euro) epaia argitaratzera eta, azkenik, erantzun zibila ere (beste 3.000 euro) ordaintzera. Orotara 8.000 euro baino gehiago ordaindu behar zuten.

Akusatuek, Benitez eta Fernandez izenekoek, Estrasburgora jo zuten haien adierazpen askatasuna urratua zelakoan, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak arrazoia eman berri die, joan den martxoan. Arrazoia ematean ez ezik, arrazoibidean ere berri ona dago. Ikus dezagun.

Estrasburgok bere ohiko doktrinari ekiten dio, eta hasten da aldarrikatzen adierazpen askatasuna eskubide absoluturik ez dela eta, hortaz, mugatu daitekeela «demokraziarentzat beharrezkoa denean». Esamolde tekniko horrekin, atzeko interes-gatazka baloratu beharra dagoela esan nahi da: zeinek balio du gehiago? Espainiako Fiskaltza eta epaileentzat, epailearen ohoreak; Estrasburgorentzat, ordea, adierazpen askatasunak. Zergatik?

Lehenik eta behin, gaiak badu interes publikoa: ez da gatazka pribatu bat, baizik eta ingurumenaren gaineko kontua, modu publikoan eztabaidatzea merezi duena. Bigarrenik, epaileek badute ohorea, eta, gainera, askotan, beraien lanbidea dela-eta, ezin dute beraien burua defendatu; esaterako, norbaitek gutun publiko batean zeozertaz akusatzen badute. Dena dela, epaileak pertsona publikoak direnez gero, kritika jasotzeko prest egon behar dute, norbanakoek baino gehiago. Hau da, demokrazia batean pertsona publiko horiek, botere-ordezkariek ohore txikiagoa eduki behar dute, kritika publikoak lekua irabaz dezan. Azken honek demokrazia sendotzen duelako. Eta esandakoaz, aparte, baina ildo beretik, kritika egiten duena gobernuz kanpoko erakunde bat bada, azken honi prentsa-estatus berbera aitortzen zaio: alegia, watchdog edota atari-txakur modukoa, demokrazia-begirale, bermatzailea, izatearen estatusa. Gobernuz kanpoko erakundeak, gainera prozeduran parte formala ez denak, badu kritika publikoa egiteko esparru oso zabala, prentsak eduki behar duen bestekoa.

Kritika publikoa, gai publikoez egindakoa, zibilizatua eta edukatua izan daiteke; baina halaber, Estrasburgok dioenez, gogorra eta ia ofentsiboa, txunditzeko modukoa izateraino irits liteke. Horrek bermatzen du inork ez duela beldurrik izango boterea kritikatzen duenean. Horrez gainera, gutuna egunkari batean argitaratzeagatik ezarri zen zigorrak, isuna izan bazen ere, espetxe zigorra ekar zezakeen ordaindu ezean, eta hori ez da proportziozkoa: horrek aipatu beldurra zabal dezake ez bakarrik gutuna idatzi dutenengan, baizik eta edonorengan, bitan pentsatuko baitute boterea kritikatu aurretik. Funtsezko eskubideen chilling effect edo etsipen-ondorioa (badaezpadako isilik egotea) saihestu behar da demokrazia on eta bete-betekoan.

Estrasburgok Espainiako Estatua kondenatzen du, azken buruan, adierazpen-askatasuna urratzeagatik, eta 9.341 euro ordaindu beharko dizkie akusatuei. Ez al da, akusatuentzat ez ezik, gu guztiontzat eta oro har demokraziarentzat ere berri on bat?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.