Adegi eta Pasaiako portua

Jose Luis Sansinea
2011ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Ia 64 urte betetzear nago, ingeniaria naiz eta nire zeregin profesional guztia ontzigintzan eman dut (eta jarraitzen dut ematen).

Abiaburu horiekin, gauza gutxitan aditua konsideratu naiteke. Baina, hala ere, eztabaidetako garai hauetan nire iritzi xumea adierazi nahiko nuke joan den azteazkenean Adegiko lehendakariak hurrengo Foru Aldundiko gobernuari buruz egindako adierazpenaz. Adierazpen horietan martxan dauden egitasmo estrategiko batzuen alde agertu da, Pasaiako kanpoko portua barru.

Oraingo Pasaiako portuak4-5 milioi tona mugitzen ditu urtero gutxi gorabehera. Bere historiako urterik onenean (2003) gutxigatik 6 milioi tonara ez zen iritsi. Horko trafikotik % 30-40 altzairuzko produktuak dira (kanporatuak zein barneratuak), eta beste horrenbeste, gutxi gorabehera, burdin hondakin edo txatarra. Txatar hori neurri handi batean kanporatutako altzairuzko produktuei lotuta dago. Bestaldetik, trafikoaren% 15 ikatza da, Donibaneko zentral termikoari guztiz lotuta. Zentral horren produkzio baimena 2022. urtean bukatuko da, eta orduan itxiko da. Garbi dago, beraz. Trafikoaren zatirik handiena produktu gutxi batzuetan onarritzen da, eta produktu horietatik batzuk epe finko batean desagertuko dira (ikatza), eta beste batzuk (altzairua) poliki-poliki joango dira desagertzen beste herri batzuetan (herri emergenteetan, hain zuzen) ekoitzi ahal izateko. Kasualitatez ikatza eta txatarrak zabaltzen duten hautsa, eta horiek sortzen duen benetako eragozpenak, kanpoko kaia eraikitzeko arrazoi nagusi moduan aipatzen dira.

Alde horretatik, zaila gertatzen da 765 milioi euroko inbertsioa justifikatzea. Kopuru hori 2010eko ekainean Pasaiako Portuko Agintearen lehendakariak planteatu zuen behin kanpoko kaiaren neurriak dexente gutxitu eta gero (orain urtero 12 milioi tona «bakarrik» mugituko lituzke). Aipatutako inbertsio horri trenetako, errepideetako eta beste azpiegituren (plataforma logistikoak, etab.) kostuak batu beharko zaizkio. Azpiegitura horien kostuei buruz ez daukat informaziorik.

Espainiako Ingurumen Ministerioak berak (egun hauetan antisistemak aipatzen diren horiek «kutsatuta» egongo ote ere?) orain dela juxtu hilabete bat esan du: «El puerto exterior es económicamente insostenible además de que alteraría significativa e irreversiblemente el ecosistema protegido del monte Jaizkibel».

Nire lanagatik Santurtzi-Zierbana portura tokatzen zait joatea noizean behin. Orain dela gutxi benetako portu erraldoi bat eraiki dute han. Irakurleei (kanpoko portuaren alde zein kontra daudenei) portu hori bisitatzea proposatuko nieke zer inpresio ematen duen holako portu erraldoi batek guztiz hutsik konprobatu dezaten.

Orain dela gutxi telebistako eztabaida batean parte hartzaile bati honako esaera hau entzun nion: «Azpiegitura erraldoiak egiteko inoiz ez da dirurik faltatzen, baina alokairu sozialeko etxebizitzak egiteko inoiz ez dago dirurik». Hortxe dago gakoa. Pasaiako kanpoko portua izugarrizko negozioa izan daiteke enpresa eraikitzaileentzat, hiritarren diruarekin noski (nahiz eta ni pertsonalki konbenzituta egon ez dela eraikiko), eta, kontsekuenteki, benetako zigor ekonomikoa hiritar horientzat izango da, hain zuzen.

Azken finean, orain dela urte batzuk botere faktiko batzuek (bankuak, monopolio elektrikoak, etb.) politikari batzuen laguntza estimagarriarekin inposatu nahi zizkiguten lau zentral nuklearren historia berbera da. Benetako zentralen negozioa horiek eraikitzea zen, horien ustiaketan baino gehiago. Noski, ez garai haietan eta ez orain ez zaie okurritzen hiritarrei galdetzea zertan nahi dugun gure dirua erabilia izatea. Eta ez du balio esatea, zentralen kasuan, hura inbertsio pribatua izan behar zuela, zeren dirua lapurtzen ziguten (orain bezala) argiaren erreziboetan beraiek nahi zuten (eta orain nahi duten) prezioa ordainarazten.

Faborez, ez jarraitu hiritarrak mareatzen kanpoko portuko historiarekin. Nahikoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.