Abuztuak 15, egun seinalatua. Zergatik, ordea?

2018ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Gau luzea, gau latza, gau izar gabea, nekez gendun ikusi haren azkentzea». Jaiegun handia da abuztuaren 15a Euskal Herrian. Herri askotan, gainera! Hala nola Agoitzen, Amurrion, Aretxabaletan, Gernika-Lumon, Azkoitian, Burlatan, Zarautzen, Etxalarren, Larrabetzun, Goizuetan, Azkainen, Faltzesen, Bardozen, Mallabian, Bidarten, Baliarrainen, Ondarroan, Laudion... Bai, Bilbon ere bai! Whatsapp bidez planak egiteko garaia da, egin bezain bizkor ahazten direnak berriak egiteko.

Sarri askotan itzalpean geratu den jaieguna da, oporraldi betean harrapatzen gaituelako. Eta, egun, oporretan egotea ez da nahikoa: oporretara joan egin behar da; urrutira, gainera; bestela, ez dira, antza, oporrak.

Jaien eta oporren beroaldian, anabasa betean, eta desiozko gortinetatik harago ikusi ezinda, ahanzturan geratzen dira jazoera inportanteak.

Inportanteak izaki, agintariek eta politikariek bederen lehen lerrora ekarri beharko lituzkete. Gogoratu sikiera! Baina, haiek ere oporretan egoten direnez, ahaztu egiten zaie euskaldunontzat gertakizun garrantzitsuak izan zirela abuztuaren 15ean. Hala ere, ez da harritzekoa politikariek aspaldikoa ahaztea, atzo bertan ozenki ziotena ere ahazten zaie eta!

Era berean ahantzi egiten zaie hemen Euskal Herrian bertakoak ez diren bi estaturen meneko garela, nahiz eta geure estatu propioa badugun; historiaren tempo adagio horretan duela gutxi bi estatu horien kontra borroka betean ari ginela; bortxaz, odolez, militarki eraman zutela ia ezerezera Nafarroako erresuma, euskaldunon eskubideen babesa eta heldulekua zena. Harrezkero, euskaldunon eskubideak gero eta murritzagoak dira, zapalkuntzaren higadura etengabean... eta ahanzturaren lan etengabean.

Gau luzea, gau latza, gau izar gabea, nekeza eta mingarria da horrelakoak oroitzea. Errazagoa omen da autodeterminazioa existitzen ez dela —hitzez eta ekintzez— diotenek 1979ko Gernikako Estatutuaren erreforma era baketsuan onartzea. Eta posible izan omen liteke independentziarik gabe ere demokrazian bizitzea, edo begiak itxi eta haizeak eraman gaitzan uztea.

«Gure sukalde zaharra, etxe pizgarria, bart lagunarte goxo, gaur bakar gorria».

Bada, gaur, ospakizun handien artean, gogorarazi nahi dugu Orreagako garaipenaren urtemuga dela abuztuaren 15a. Orreagan, 778. urteko abuztuaren 15ean, euskaldunek frankoei irabazi egin zieten. Karlomagnoren gudarostea Zaragozaraino joana zen, frankoen inperioa Ebrorantz zabaltzeko asmotan. Eta handik bueltan, Frantziara bidean, Iruñea suntsitua zuen frankoen gudarosteak; su eman zion Iruñeari. Ibañetako gainean, ordea, euskaldunak, frankoei eraso egin, eta garaile atera ziren.

Asko izan dira nafar herriaren gaitasuna gutxietsi nahi izan dutenak: gauez, harriak pilaturik mendi kaskoetan, armada baten atzeko aldeari edo atzeguardiari eraso egin eta gero arineketan ihes egin zutela esanda. Orreagako balentria artzain eta basati setati batzuena izan balitz bezala.

Europako gudaroste boteretsuenetakoari aurre egiteko, ordea, oso ondo antolatutako herri bat behar zuen izan, garai hartako teknologia militarra ondo ezagutzen zuena eta estrategia argia zeukana.

«Orduan belaunikatu nintzan hauts gainera. Hark gordetako sua, zu ere hil ote zera? Sua bizirik dago, galduak ez gera».

Historiako pasarte bat ez ezik, irakasgai garrantzitsu bat ere bada Orreagako gudua. Nafar erresumako arbasoek euskaldunak nor ziren erakutsi zuten: herri bat, indarraren eta estrategiaren jabe; subjektu politiko zirela erakutsi zuten.

Ez dakargu gogora harriak botatzen hasteko, subjektu politiko izan gaitezkeela gogoratzeko baizik. Eragile izan gaitezke eta ez pairatzaile soilak. Euskal Herriaren gainbehera azpimarratzeko gogoz ere ez gatoz, sua bizirik baitago.

Halaxe ikus dezakegu egunez egun ekimen txiki-handi askotan: Euskal Herriaren benetako historia argitara dakarten ekimenak; euskal hizkuntza ezpainetatik harago daramatenak; komunikabideetan errealitateari benetako neurria hartzen dietenak; euskal dantza-kantuak eguneroko bizimoduaren parte bihurtuz zaharberritzen dituztenak; irria euskaraz sorrarazten digutenak; euskal hiztunak ez ezik euskaldunak ere hezten dituztenak; eta abar.

«Egizute nerekin aberri bidea. Bildu dezagun nunahi asaben lorea. Ta gaurdanik goritu gure sukaldea».

Beraz, oraindik ere gaurkotasun izugarria duen Orreagako gudu historikoak utzitako irakaspenak baliatuz eta ahanzturan eror ez daitezen, Orreaga taldeak ospakizuna antolatu du Pasai Donibanen, abuztuaren 15erako. Noski, ospakizun-deialdia irekia da parte hartu nahi duen euskaldun ororentzat, aberrigintza hauspotzeko eta arnasberritzeko guztiok beharrezko garelako, jaietan zein oporretan egon.

Aurtengo gonbidapenak (Herriak bizi behar du: egin dezagun aberri bidea) Lizardiren hitzak ekar diezazkiguke gogora, Orreagako sentipenak bezala denboraren joanean higatuko ez direnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.