Joan den astean, Batzar Nagusietan agertzeko aukera izan nuen; Jaiki Hadi-ko ordezkari gisa joan nintzen, eta han jakinarazi nien gure elkartean zer gogoeta egin dugun kartzelaz eta kartzelak osasunean duen eraginaz.
Nire agerraldia baino lehentxeago, PPko ordezkariak alde egin zuen. Lastima izan zen, hain zuzen ere, kartzelak eta kartzela politikak definitzen eta diseinatzen dituztenez aritu bainintzen, alegia, haren alderdiaren gobernuaz.
Egun batzuk lehenago, doi-doi, orduan Eusko Legebiltzarrean, oso bestelako jarrera agertu zuten —antza denez, erakundearen mailaren araberakoa da, nolabait, esku hartze maila—, eta, hala ere, ez zuen balio izan ideiak eztabaidatzeko eta aurrez aurre jartzeko; edo, behintzat, hala interpretatu zuen presidente andreak, ganberako tirabira gehiegizkotzat hartu baitzuen. Parlamentu bitxia da, nolanahi ere, hitz egiteko biderik ematen ez duena; eta ordezkaritza politiko bitxia, harekin bat ez datorrena legez kanpo uztearekin mehatxatzen duena.
Euskal preso politikoen osasunaz kezkaturiko profesionalen elkarte bat garenez, ez dagokigu alderdi politikoen ordezkarien arteko eztabaidan parte hartzerik; alabaina, funtsean, guztioi dagokigu gizarteko arlo guztietan behin eta berriro sortzen den eztabaida hori.
Jaiki Hadikoon ustez, urte hauetan guztietan bi ebidentzia geratu dira agerian: bata, zigorra betearazteko erakundeak direla Espainiako eta Frantziako kartzelak—horiexek ezagutzen baititugu sakon—, eta horietan, berez, hainbat gaixotasun eragiten zaizkiela presoei, egunerokoan ezartzen dizkieten bizi-baldintzak direla eta. Bestea, berriz, euskal presoei salbuespeneko kartzela politika aplikatu izanak are gehiago larritu duela haietan gaixo dauden batzuen egoera, beharrezko osasun laguntza izatea eragozteraino, eta horrek gaiztotu egiten du presoen gaur egungo eta etorkizuneko bizi-kalitatea.
Hala ari zaie gertatzen Arabako hainbat presori, hala nola Gotzoneri, Jose Angeli eta Jose Ramoni, eta, zoritxarrez, hala gertatu zitzaion Anjel Figueroa presoari ere, kartzelaldi arinduan zegoela zendu zen hari. Luzaroan dirau egoera honek, gizarteko jende gehienari ulergaitz gertatzeraino, eta hainbat erakundetako instantzietan ere eztabaida inkoherente eta zentzugabea bihurtua da.
Izan ere, gaixo dauden gure presoak pertsona zigortuak badira, besterik gabe, ez diezaietela ezar bestelako neurri salbuespenekorik, eta, inolako taldetako kide ez badira, tratamendu banakakoa aplika diezaietela, kartzelako araudiak ezarritakoaren arabera. Ordea, kartzela politikako arduradunek berek egiten dute bereizketa, eta trukerako txanpon gisa erabiltzen dituzte presoak, zigorra betearazteaz oso bestelako helburuak lortzeko asmoz.
Baina, zorionez, beste bide batetik doa gizarte eztabaida. Euskal Herriko gizarteko jende gehienak nahi baitu amai dadila sufrimendua behingoz, inolako xantaiarik eta mendekurik gabe, eta horren zantzuak egunez egun sumatzen hasiak dira gure gizartean.
II. Mundu Gerraren ostean, Europa suntsitu hartan, elkarbizitzarako gutxieneko batzuk ezarri nahi izan zituzten borrokan bizirik irautea lortu zutenen artean, eta Genevako Konbentzioa sinatu zuten. Haren bidez, lehenbizikoz, gizartea jabetu zen «arerioari» oinarrizko eskubideak ukatuz gero gatazkari luzaroan iraunaraziko ziotela eta bakea urrunaraziko zutela. Konbenio hartan ezarri zuten, esaterako, betearazi egingo zirela «gizateriaren printzipioa eta kontzientzia publikoaren aginduak»; sarritan ekarri izan dugu hori hizpidera Jaiki Hadikook.
Gogoan izan dezagun konbenio hori oraindik indarrean dagoela eta, besteak beste, Espainiako eta Frantziako estatuek sinatu zutela. Konbenio horretan ezartzen da badela azken arrazoi bat erabakitzeko praktika edo egintza bat gomendagarria den eta, are, halakorik galdegin behar zaion botere publikoari: alegia, hura ez aplikatzeak pertsona bati bere baliorik gorena, hau da, bizia ebatziko liokeela, babestu beharrean.
Aspergarrenez esango dugu printzipio hori aplikatzeak, batetik, justiziaren zentzua urratzen duela, eta, bestetik, gizatiartu, baina ez da inolaz ere Estatuaren ahultasunaren erakusgarri, baizik eta bakearen eta elkarbizitzaren aldeko apustu ausarta.
Eta, hala eta guztiz ere, apenas ezer aurreratzen dugun! Giza gatazka politiko eta sozial batean murgilduta gaude, eta, bien bitartean, jendea bizia galtzen ari da eta sufrimenduak bere hartan dirau.
Gaixo «salbuespeneko» horien mediku eta psikologo garenez, inpotentzia sentitzen dugu maiz, eta etsipena, ezin baitugu ezer egin haiei beren egunerokoa apur bat arintzeko, bizi-kalitate hobexeagoa eskaintzeko, haiek familiakoengana eta lagunengana ekartzeko... eta gizarte osoarekin partekatu nahiko genuke atsekabe hau, eta egoera honen ardura daukatenei erantzukizun handiagoa galdegin nahi diegu, halakorik ezin onartu baita bakean bizi nahi duen herrialde batean.
Anjelen eta kartzelan bizia eta osasuna galdu duten beste guztien oroimenez. Euskal presoak etxera!!
(Erredakzioan itzulia)
Absentziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu