Halaxe zuen izenburu Iñaki Izquierdok duela hilabete inguru El Diario Vasco egunkari gipuzkoarrean idatzi zuen artikulu batek: Absentismoa ideologia da. Bertan, absentismo kontzeptuaren erabileraz ziharduen, adieraziz orain absentismoa mentan jarri dutenak, eta 2008ko krisialdia hasi zenean austeritate kontzeptua jendarteratu zutenak, subjektu berberak direla. Arrazoi-izpirik ez zaio falta, horrexegatik errepikatu dut artikulu honen izenburuan berak adierazitakoa.
Gogoratuko dugu duela hamasei urte, burbuila ekonomikoa zapartatu zenean, austeritatea premiazkoa genuelako ideia sartu zigutela buruan. Antza, krisialdi latz hartatik jalgitzeko soluzio miragarria zen, gastu publikoaren murrizketan oinarritua. Ondorioak txit kaltegarriak izan ziren sektore publikorako: titulartasun publikoko hainbat enpresa desagertu edo pribatizatu ziren, kaleratze masiboak jazo ziren administrazioan, funtzionario eta langin publikoen lansariak ohargarriki murriztu ziren, eta, gainera, gastu publikoa gutxitzeak baliabide anitzen gabezia ekarri zuen. Austeritatea, bada, ez zen izan haren mantra etengabe errepikatzen zutenek baieztatu zuten bezain onuratsua.
Kapitalismoaren eta liberalismo basatiaren babesle eta sustatzaileek sinetsarazi nahi izan ziguten austeritatea ekonomiaren eta gizartearen enparagarri izango zela. Gezurra. Eta orain, hamarkada eta erdi geroago, berriro ere entseatzen ari dira herritarrok manipulatzen, absentismo terminoa arras aldrebestuz. Gure lurretako kapitalista kartsuek saldu nahi digute Euskal Autonomia Erkidegoan absentismoak nabarmen egin duela gora. Berez, terminoaren zentzu hertsia izan beharko litzateke «lanera ez joatea, justifikaziorik eta legezko oinarririk gabe». Hori kontuan harturik, ondoriozta genezake EAEn gero eta jende gehiagok egiten diola izkintxo behar egiteari, inolako arrazoi sendorik gabe.
Austeritatearekin egin zuten bezalaxe, oraingo honetan ere pegarrari ura bezala darie gezurra lotsagabe horiei. Langileok lantokira ez bertaratzeko arrazoiak askotarikoak dira, eta, ia kasu denetan, gure eskubide laboralak baliatuta falta gara lanera: oporrak, afera propioetarako egunak, gaixotasunengatiko bajak, amatasun- eta aitatasun-baimenak, ahaide hurkoen heriotzagatikoak... Errepikatzen dut, aski argi geratu ez bada: eskubideak dira. Langileok, hamarkaden poderioz, ororen despit, eta gure borrokari esker, erdietsitako eskubideak. Ez pribilegioak, kapitalista liberal horiek sinetsarazi nahi diguten bezala.
Alabaina, lana ororen gainetik (osasunaren, ongizatearen, bizitza pertsonalaren gainetik) dagoela uste duten horien mezuak ondorio nabariak ditu. Izan ere, langile askok errua eta beldurra sendi dute lan-arloko eskubideak egikaritzeko orduan. Zergatik beldurra, zergatik errua, legez eskubide horiez gozatzeko aukera ukaezina badugu? Bada, dagoeneko anitz aldiz aipatu ditudan kapitalista horiek, sentimendu horiek izan ditzagun, gu manipulatzen ibili direlako denbora luzez. Beren iritzira bildu nahi izan gaituzte, eta sarrakioa gorputzean sartu, gure lan-eskubideak egikaritzeak alfer edo nagi bihurtzen gaituelakoan.
Argi ikusten da orain nola konbentzitu nahi gaituzten gure eskubideak baliatzeak “pertsona okerragoak” bilakatzen gaituela? Eta hori guztia aintzat harturik ez dudala adierazi zenbat behargin agertzen diren gaixorik beren lantokietan, osterantzean kaleratu egingo dituztelako (edo beren kontratua luzatuko ez dutelako) beldurrak airean. Absentismoaren ipuina ideologia liberal eta kapitalistaren manipulazio-tresna hutsa baino ez da, goikoek behekook ikaratuta eta menderatuta edukitzeko. Eta, estrategiaren ideologoei bidea eta hegoak ebakitzen ez badizkiegu, egoerak dagoen-dagoenean jarraituko du luzaroan.