Komunikabideetan bolo-bolo ibili da azken egunotan Espainiako Senatua abortu eskubidearen kontrako VI. nazioarteko goi-bileraren agertoki izan dela, Vox eta PPren babesa bitarteko. Bileraren antolatzailea Network for Values (Balioen Aldeko Sarea) izeneko erakunde ultraeskuindarra izan da. Egunkari desberdinetan jasotako informazioaren arabera, munduko txoko desberdinetako ideologia ultrakontserbadoreko 200 politikari inguru biltzen ditu aipatutako antolakundeak. Haren helburua emakumezkoen eta LGTBIQ+ kolektiboaren oinarrizko eskubideak arriskuan jartzen dituen agenda bultzatzea da. Jakina, kolektibo feministak ez dira axolagabe agertu ekitaldi horren aurrean. Aktibista talde batek elkarretaratzera deitu zuen Senatu aurrean, ekitaldiaren egunean bertan, protesta gisa.
Gertakizunak askoren haserrea eta kezka eragin ditu. Ez da gutxiagorako. Burura datorkidan atariko galdera zera da: zilegia al da Senatua erabiltzea halako goi-bilera bat ospatzeko? Ezetz esango nuke. Senatua bezalako leku batek eztabaida publikorako foroa izan behar du eta beronek aniztasun politikoa aintzatetsi behar du. Ados. Baina ez ditzagun gauzak nahastu: Senatuan gauzatutako goi-bilera ez da eztabaida publiko anitza jasotzeko espazioa izan, talde ultrakontserbadore eta erreakzionarioen planfleto politikoen agertokia baizik. Interes erabat partzial eta partidisten erakusleihoa bilakatu dute Senatua, eta hori ez da onargarria.
Abortu eskubidearen auzia auzi demokratiko erabakigarria da. Eskubide sexual eta erreproduktiboek, amatasunaren inguruan erabakitzeko gaitasunak (amatasuna bai, ez, noiz, norekin, nola) zeharo zeharkatzen du emakumezkoon bizitza: osotasun fisiko eta psikikoa, hezkuntza maila, jarduera profesionala, soldaten eta erretiro pentsioen zenbatekoa... Emakumeen eskubide zibilei, emakumeen askatasunari eta gure bizi-proiektuei buruz erabakitzeko oinarrizko gaitasunaren inguruko auzia da. Hori gogoan izatea ezinbestekoa da.
Espainiako legediak aurrerapausoak eman ditu azken urteotan haurdunaldia eteteko eskubideari dagokionez. 2010az geroztik epeen araberako erregulazioa dago indarrean. Horren arabera, haurdunaldiaren 14. astera arte emakumea aske da egoki deritzon erabakia hartzeko (epe hori igarota ere posible litzateke osasun arrazoiak direla medio). 2010eko Lege Organikoaren aurretik, abortua bortxaketa kasuetan edota amaren zein fetuaren gaixotasun kasuetan baino ez zen posible (1985eko lege eraentza zen hori). Erreparatu datari: 2010. urtea ez dago horren urrun. Are gehiago, Konstituzio Auzitegiak 2023an ebatzi du epeen araberako erregulazioaren konstituzionaltasunaren alde.
Aurrerapenak nabarmenak izan dira, bai. Oraintsu, 2023ko erreformak ere eskubideak zabaldu ditu (besteak beste, 16 eta 17 urteko emakumeen kasuan gurasoen baimen beharra deuseztatu du, hiru eguneko hausnarketa epea ezabatu du, eta kontzientzia eragozpen eskubidea gauzatu nahi duten osasun profesionalen erregistroa sortzeko beharra ezarri du). Orain, ordea, haurdunaldia eteteko eskubidea bermatutzat jotzeko arriskua dugu. Horregatik, Senatuan jazotako gertakariek oroitarazi behar digute inboluzioa beti dela posible.
Horixe adierazten du nazioarteko panoramak ere. Azkenaldian oso sonatua izan da Estatu Batuetako Auzitegi Gorenaren Dobbs auzia, 2022koa. Ia mende erdiz Konstituzio estatubatuarrak abortu eskubidea babesten duela adierazi ondoren (1973ko Roe v Wadeepaia), Auzitegiak bere aurrekariak zuzendu ditu, estatuen esku utziz abortuaren legezkotasunari buruzko erabakia.
Gertura etorrita ere, Europar Batzordeak esan du abortu eskubideak arriskuan daudela EB Europar Batasuneko estatu kide askotan. Alabaina, EBko erakundeek ez diote irtenbide errazik ikusten arazoari: Tratatuek ez dute lege oinarri egokirik jasotzen Batasunak eremu hau erregulatu dezan. Egia da EBko Justizia Auzitegiak adierazi duenaren arabera Batasuneko arau ekonomikoek abortatzeko aukera babesten dutela mugaz gaindiko egoeretan. Hau da: abortua zerbitzu ekonomiko gisa sailkatu du Auzitegiak eta, beraz, zerbitzu ekonomikoak eman eta jasotzeko oinarrizko askatasunak abortatu ahal izateko bidaiatzeko eskubidea babesten du. Agerikoa den moduan, ordea, merkatu-ekonomiak zeharo baldintzatutako irizpidea da hori. Emakumeak kontsumitzaile huts gisan irudikatzen ditu eta horrek, noski, emakume prekarizatu, arrazializatu, migrante eta landa eremukoei egiten die bereziki kalte.
Asko dago borrokatzeko oraindik. Bi arrazoirengatik diot, bereziki: lehenik, beren eskubideak bermatuta ez dituzten emakumeak dauden bitartean (berdin du munduko zein txokotan) abortuaren aldeko borroka ezin delako agenda feministatik desagertu; eta bigarrenik, harrian grabatutako eskubiderik ez dagoelako. Eskubide guztiak dira hauskorrak.