Hamabi lankide euskaldunen aurkako polizia operazioaren oihartzunak amaitu ez diren egun honetan, Mehatxaturiko Abokatuen Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur. Nazioarteko hainbat abokatu elkarte aurrerakoik herri askotan lankideek pairatzen duten egoera azalarazteko eguna, hain zuzen. Ekimen hori 2010ean jarri zen martxan Europako Abokatu Demokraten elkartearen eskutik, 1977ko urtarrilaren 24an Madrileko Atotxa kalean eraildako lau abokatuen urteurrena Mehatxaturiko Abokatuen Nazioarteko Eguna bihurtuaz, eta lehen urte horretan Iraneko abokatuek pairatzen duten jazarpena salatu zen Europako hainbat hiritan.
2013. urteko protestaldietan abokatu euskaldunekiko elkartasuna zabaldu zen bezala, aurten Filipinetako abokatu aurrerakoiek bizi duten egoera salatzea dagokigu. Lurralde urruna izanik, sendoa izan du lotura gure herriarekin, eta hori dela-eta bada beti konplizitate bat gu eta beraien artean, zorretan gara gainera, hemen bertan, pairatzen dugun egoerarekiko jasotako nazioarteko elkartasuna dela eta. Gaur Ankaran, Atenasen, Bartzelonan, Berlinen, Bernan, Bruselan, Dusseldorfen, Hagan, Istanbulen, Londresen, Parisen, Milanen, Erroman, Manilan edo Vienan, munduko abokatu aurrerakoiok gure ahotsa entzunarazi nahi dugu txiroen eskubideen alde eta giza eskubideen bortxaketen aurka etengabean borrokatzen diren eta horregatik erailak, espetxeratuak edo mehatxatuak diren abokatu filipinarren alde.
Hainbat informazioren arabera, 41 dira 2001etik hona eraildako abokatuak Filipinetan, horietatik bederatzi giza eskubideen defentsan ari zirela. Rudolfo Felicio, Noel Archival, John Mark Espera, Ian Vela, Julian Achas, Sulpicio Landicho, Lazaro Gayo, Christobal Fernandez dira besteak beste giza eskubideen defentsan eroritako lankideak. Rodolfo Felicio, adibidez, 2014eko abuztuan erail zuten, Herritarren Abokatuen Sindikatu Nazionaleko kidea eta urteetan giza eskubideen defendatzaile sutsua. Bere bezero txiroen etxean zela tirokatu zuten motorretan zihoazen lau pertsonak. Bere hilketa eta bere jardun profesionala ezin dira banatu. Nahiz eta hiltzaileak ez izan atxilotuak, nabaria da hilketa honek Feliciok zeramatzan lur eskubide edo preso politikoen giza eskubide kasuekin duen harremana. 57 abokatu izan dira mehatxatuak eta jazarriak, eta 18 epaile ere erail dituzte. Argitutako kasuen %65etan militarrak zeuden tartean, eta beste %20etan polizia. Mehatxatuen artean Edre U. Olaila lankidea dugu, NUPLeko idazkari nagusia. Nabaria da bere aurkako polizia jazarpena, nazioarte mailako kasu asko baitaramatza legez kanpoko erailketa, desagerpen edo tortura salaketak barne.
Gertaera horiek guztiak argitzeko, zigortzeko eta berriro gerta ez daitezen neurriak hartzeko presioa gutxitu egin da azken urteotan. Ez, ordea, mehatxu eta heriotzak. Eta gutxi, oso gutxi dira aztertu eta argitzen diren kasuak. Onartezina da Filipinetako gobernuak jarrera tinkoagoa ez hartzea eta nazioarteko legediaren arabera dagozkion giza eskubideen arloko betebehar, legezko zein etikoak, ez betetzea. 2010. urtean Benigno Aquino III.ak hitzeman zuen ez zituela onartuko legez kanpoko erailketak edo desagerpenak, eta sistema judizialaren erreforma agindu zuen. Bost urte beranduago hori guztia hitz hutsetan geratu da, azken urteotako gertaerak ikusita. Polizia eta politikarien ikerketak aurrera zaramatzan Reynerio Estacio epailearen erailketaren kasuan soilik egon da ikerketa bat.
Hori dela eta, Eskubideak elkarteak Demokraziaren eta Giza Eskubideen aldeko Europako Abokatuen Elkarteko, Europako Abokatu Demokratikoen Elkarteko eta Abokatu Demokratikoen Nazioarteko Elkarteko kide gisa, Filipinetako abokatuek pairatzen duten jazarpena salatu nahi du, eta Filipinetako gobernuari honako eskaera egin nahi diogu: onar dezan publikoki giza eskubideen defendatzaileek, abokatuek barne, egiten duten lan legitimoa; Estatuak baimentzen duen inpunitateari amaiera jar diezaion, neurriak eta zigorrak ezarri ditzan abokatu eta giza eskubideen defendatzaileak estigmatizatzen dituztenen aurka, bai eta beren jardun profesionalagatik atxilotuak, ikertuak eta espetxeratuak diren abokatuak aska ditzala. Era berean, nazioarteko ikerketa independente bat ireki dadin galdatzen dugu, giza eskubideen bortxaketa horiek guztiak ikertzeko asmoz. Amaitzeko, Eskubideak elkartetik gure elkartasun osoa helarazi nahi diegu gure lankide filipinarrei eta batik bat NUPLeko kideei. Herritarren eskubideen defentsan beti lagun.
Abokatu mehatxatuen egunean elkartasuna lankide filipinarrekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu