Naziogintza Taldea

Abiapuntuaren garrantzia analisi zuzenak egiteko

Edurne Alegria Aierdi eta Jose Inazio Lopez de Luzuriaga
2024ko azaroaren 26a
05:00
Entzun

BERRIA egunkarian idatzitako artikulu batean, Andoni Olariaga filosofoak migrazioaren eta kolonialismoaren arteko harremanaz jardun zuen. Bertan, besteak beste, hau aipatzen zuen: «Iparralde globalean bizi garen herri eta pertsona garen aldetik, Hego globalaren esplotazioan oinarritutako bizi-eredu batean oinarritzen garela jakitun, migrazioaren gaiari modu emantzipatzailean erantzuteko erantzukizuna dugu».

Bat gatoz Olariagarekin eskuin muturrak migrazioarekiko duen jarrera salatzeko. Giza eskubideen erabilera maltzurra egiten dute eskuin muturreko ideologoek, eta orain mespretxatu egiten dituzte historian zehar politika inperialisten bidez modu basatian zapaldu eta esplotatu zituzten herrialdeetako herritarrak.

Hala ere, migrazioen auziak ertz asko ditu. Olariagak bere artikuluan aipatzen duena egia izanik ere, ez da egia osoa. Migrazio-fenomenoaren azterketa integralaren falta sentitzen dugu, erantzukizunak banatzerakoan maila berean jartzen baititu estatuak eta gurea bezalako estaturik gabeko nazioak. Eta hori ez da bidezkoa.

Olariagari eta immigrazioaren gaia jorratzen duten beste aditu euskaldun batzuei gauza garrantzitsu bat ahazten zaie, analisi horretarako funtsezkoa dena: eztabaidaren abiapuntua. Ahaztu egiten zaie aipatzea Euskal Herria estaturik gabeko nazio zapaldua dela, nazio ukatua, zatitua eta kolonizatua. Ez dakigu Olariagak eta besteek abiapuntu hori onartuko duten, baina gure ustez funtsezkoa da hori gogoan hartzea migrazioari buruzko eztabaida behar den bezala kokatzeko. Gure egoera ez da Espainiakoa, Frantziakoa edo Alemaniakoa, hots, estatua duten lurraldeena. Horiek burujabetza osoa dute haien politika propioak egiteko, tresnak eta baliabideak dituzte migranteak integratzeko eta, batez ere, haien kulturak eta hizkuntzak ez daude egoera zaurgarrian, eta, horrenbestez, migrazioak ez ditu haien hizkuntza hegemonikoak higatzen. Gu, bistan da, ez gaude egoera berean.

Gure mendekotasun nazionala aintzakotzat hartu gabe, nekez egin daiteke migrazio-fenomenoaren eta bere ondorioen azterketa objektiborik.

Guk uste osoa dugu immigrazioaren eztabaida egokia eta zentzuzkoa egiteko ezinbestekoa dela abiapuntu horretatik hastea. Gure zapalkuntza nazionalaz abstrakzioa egiten badugu, eztabaida jatorritik kutsatuta dago. Izan ere, abiapuntu oker batetik ateratzen diren ondorioak ezin dira inoiz zuzenak izan.

Euskararen egoera eta estatusa Euskal Herrian, adibidez, ez dira espainierarena Salamancan edo Cuencan. Horregatik, immigrazioaren ondorioak ere ezberdinak dira bi kasuetan. Gurea bezalako babesik gabeko gutxiengo nazional batek immigrazioa jasotzen duenean, haren ondorioak askoz latzagoak dira immigrazio hori burujabea den gehiengo nazional batek (Frantziak edo Espainiak, esaterako) jasotzen duenaren aldean. Immigrazioa ez da berez kaltegarria, baina emaitza ezberdinak eragiten ditu testuinguruaren arabera. Gai honetaz idazten diren lan askotan ez da alderdi hori aipatzen, gure ustez oso garrantzitsua dena.

Dudarik gabe, gaur egungo Euskal Herria kultur-anitza da. Onar dezakegu aniztasun horrek gizarte aberatsagoa eta dinamikoagoa egiten duela. Baina ez dago zalantzarik aniztasun horrek arrisku bat ere badakarrela: euskal idiosinkrasia bera ahultzea, hau da, euskaldunok euskaldun bezala Euskal Herrian bizi ahal izateko zailtasun gehiago izatea. Zilegi da gure nortasun kolektiboaz kezkatzea mundu gero eta globalizatuago batean, are gehiago gure mendekotasun nazionala eta burujabetzarik eza kontuan hartuz gero.

Nabaria da euskalduntasuna Euskal Herrian ezin dela aniztasun horren atal bat gehiago izan beste askoren artean, baizik eta, gure identitate nazionalean oinarrituta, mundu globalizatu bati dagokion aniztasun guztien topagunea, autoktonoen eta etorri berrien artean eraiki behar duguna.

Lekutan gaude eskuin muturreko jarreretatik, gure Herrian beti anti-euskaldun eta unionista espainiar (edo frantses) izan direnetatik. Haatik, uste dugu premiazkoa dela Euskal Herrian demografiari buruzko eztabaida zuhur, lasai eta sakona burutzea, bateragarriak izan beharko liratekeen bi printzipio zuzen eta etikoak uztartzeko: etorkinek bizimodu hobe eta duin bat edukitzeko duten eskubidea, alde batetik, eta Euskal Herriak bere hizkuntzari, kulturari eta nortasun kolektiboari eusteko duen eskubidea, bestetik. Inork ez du galtzaile irten behar afera honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.