Abiapuntu berri bat

2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Udaberria euskal hezkuntzaren aldeko jaiak ospatzeko garaia izaten da gurean. Beste hainbaten artean, Ibilaldia eta Euskal Eskola Publikoaren jaia ospatu dira berriki Lekeition eta Oreretan. Ez dira edozein leku egungo euskal hezkuntzaren panoraman: Hezkuntza, pauso bat haratzago jardunaldien lekuko izan da aurten lehena, eta esku-hartze komunitario berritzaile baten esperimentazio gunea izaten ari da bigarrena. Egoera korapilatsuan, bide berrien bila inertziak hausteko saiakerak biak, begirada sakontzera gonbidatzen gaituzten argi printzak.

Gaude gure gizarteen demokratizazioaren alde ari garenok hezkuntzak gure herrien garapenean duen garrantziaz oso kontziente garela, eta antzeko larritasunez bizi dugula garai hau. Hezkuntza kalitatean eman ditugun atzerapausoak zein gure herri eta auzoetan areagotzen ari diren segregazio egoerak ez baitira fenomeno azalekoak, ez eta modu partzialean atzeman daitezkeenak ere. Aitzitik, egiturazkoa den egoera baten sintomak dira, beste sintoma batzuekin kateatzen direnak: gurea bezalako gizarte konplexuetan pertsona kritikoak hezteko beharrezkoak diren baliabide metodologiko eta pedagogikoen gabezia, hezkuntza proiektuak heziguneetan finkatu eta egonkortzeko ezintasuna, hizkuntza ereduen sistemaren topeak, euskal kulturaren transmisiorako hutsuneak —Elkarrek egindako ikerketak behar besteko oihartzun soziala izan ez duelakoan gaude—, segregazioak —hizkuntzagatikoa edo generoagatikoa ere bai—, ezkutuko pribatizazio prozesuak eta abar.

Gure hezkuntza sistemen diagnosi zorrotz bat eginez gero, hasieran aipatu sintoma guztiak mahaiaren gainean jarrita, agorpen egoera bat marrazten da. Diagnosian ondo asmatzea da lehen lana, eta akats larria litzateke panorama hau modu partzialean irakurriko bagenu edota koiunturala izan daitekeela usteko bagenu. Prospekzioen arabera krisi egoera orokor honek Euskal Herrian sortzen dituen ondorioak larritu egingo dira datozen urteetan. Hezkuntza sistemei zuzenean eragiten dieten bi fenomeno konkretu aipatzearren —bi baino ez—, desoreka demografikoak eta migrazio fluxuek gora egingo dute datozen urteetan. Halaber, Espainia eta Frantziaren birzentralizazio prozesuak ez dira etengo, eta jo-puntuan izango dute hezkuntza. Ondorioz, egiturazkoa den agorpen egoera honen aitzinean, herri ikuspegi sendoko esku-hartze publikorik gabe, egoerak okerrera egingo du nabarmen.

Aurrerabideak pentsatzeko gogoetak sakona behar du beraz, esan bezala, diagnosi zorrotz batetik abiatzen dena. Bigarrenik, zein da Euskal Herriak behar duen hezkuntza eredua? Zein da berdintasuna, elkarkidetza eta kohesio soziala eraikitzen lagunduko duen eskola eredua? Eta zein hezkuntza sistema eskatzen du eskola eredu horrek? Hirugarrenik, zein da helburu horretara hurbilduko gaituen trantsizio-bidea? Zeintzuk berritu beharreko konpromisoak?

Susmoa dugu lehen eta bigarren ataletan herri adostasunak erdiestea ez litzatekeela hain zaila. Hezkuntza eragileekin, eragile politiko eta sindikalekin izan ditugun harremanetan, eztabaida gaiak badiren arren, sintonia topatu dugu batzuek eta besteok egiten dugun diagnosiaren eta gure herriarentzat desio dugun hezkuntza ereduaren inguruan. Adosbidea hirugarren atalean hasten da trakesten, publikotasunaren eztabaidara ailegatzen garen unean, hain zuzen. Azken 30 urteetan arrastaka dakarkigun korapilo nagusi hau askatu gabe, ezin aurrera segitu.

Eta bai, eztabaida honi heldu behar zaiolakoan gaude: zer den publikoa eta zer pribatua, nola ulertzen dugun publikotasuna. Zein da XXI. mende globalizatu honetan gure herriaren demokratizazio prozesuak eskatzen duen publikotasun eredua? Lehenik eta behin, esan behar da ez dela hezkuntzari soilik eragiten dion eztabaida bat, eztabaida honen interesa ez dela hezkuntzaren mundura mugatzen, alegia. Aitzitik, Euskal Herriaren instituzionalizazio prozesuaren nolakotasunaren muina ukitzen duen gaiaz ari gara: botere politikoa nola antolatu behar dugun, edo nahi bada, nolakoa behar duen euskal estatugintzak.

Demokraziaren pribatizazioaren garai historiko honetan publikotasunaren eztabaidak erabateko gaurkotasuna du: nola egin merkatuaren interes lukratiboak gure bizitzak eta lurraldeak suntsitu ez ditzan? Nola bermatu gaitasun politikoa pertsonen eskubideak babestu eta gizarte kohesioan aurrera egiteko? Nola indartu arazo eta erronka komunei erantzuteko gaitasun kolektiboa estatuen —instituzioen— erabakimena —norbere lurraldearen gainean erabakiak efektiboki hartzeko gaitasuna— husten ari den garaian? Nola lurraldetu boterea, nola antolatu botere politikoa autogobernu indibidual eta kolektiboa helburu duen demokratizazio prozesua ahalbidetzeko? Finean, zein estatugintza paradigma dabilkigu esku artean? Munduaren luze-zabaleko egitasmo emantzipatzaile orok mahai gainean duen eztabaida da honako hau, eta administrazioaren eta komunitatearen arteko hibridazio aukerak ari dira aztertzen gaitasun publikoa bermatu eta indartzeko helburuz: estatugintza (kon)federala.

Eraman dezagun, bada, paradigma hori hezkuntzaren esparrura, eta ohartu gaitezen baldintza objektibo onak izan ditzakegula, Europa iparraldeko hezkuntza sistema aurreratuenen erreferentziak baliatuz, gure herriaren beharrizanetara egokituko den hezkuntza sistema bat pentsatu eta bere garabidean urrats berritzaileak emateko; bi tradizioen onena batzeko gai bagara behintzat: ikastolen mugimenduak izan duen gaitasun autoeratzailea —komunitarioa— eta gure sistema instituzionalaren barnean garatu den eskola publikoaren sen berdinzalea. Azken 30 urteetan gure ahulgunea izan dena —zatiketa eta konfrontazio iturri— indargune bilakatu ote zaigun, Euskal Eskola Publiko burujabea pentsatu eta trantsizio-bidean konpromiso historiko berriak hartzeko baldintzetan ote gauden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.