Abiadura handiko ihesa

2018ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Europako Kontu Auzitegiak Europako abiadura handiari buruz txosten suntsigarria egin du. Ondorioetan, goitik behera zalantzan jartzen da trenbide sare mota hori. Hauek dira ondorioetako batzuk:

—Gaizki konektatutako linea nazionalez osatutako mosaiko bat sortu da, eta hori ez da efizientea.

—Abiadura handiko lineak eraikitzeko erabakiaren oinarriak maiz politikoak dira, eta oro har ez da kostu-etekin analisia egiten hartzen diren erabakiak errentagarriak izan daitezkeen edo ez ebazteko.

—Abiadura handiko trenbideak garestiak dira: ikuskatu diren lineen kostua batez beste kilometroko 25 milioi eurokoa da. Aurrez badiren linea konbentzionalak zaharberritzea aintzat hartuz gero milaka milioi euro aurreztu litezke.

—Gainkostuak eta atzerapenak ohiko kontua izan dira, ez salbuespenak.

—Ikuskatu diren linea eta mugaz gaindiko lotura gehienek ez zuten gutxieneko bidaiari kopuru nahikoa beren inguruan (linea bat errentagarria izan dadin gutxienik bederatzi milioi bidaiari behar dira).

Txostenak berariaz aipatzen du Euskal Y-a, eta kritika orokorrak erabat egokitzen zaizkio (garestia da, gainkostuak, ez da errentagarria, konexio txarrak...). Baina Tapia sailburuak, bere ohiko etorri errazarekin, hitzez hitz esan du txosten hark berretsi egin duela betidanik izan duten posizioa. Haatik, txostenak esaten badu abiadura handiak Europan ez duela justifikaziorik, nekez izan dezakeela EAE mailan; baina noski, antza hemen desberdinak gara, baita honetan ere.

Arantxa Tapiak arazo horri ihes egin nahi dio; abiadura handian, gainera. Bost axola kritikak europar auzitegitik etortzea; mugimendu sindikal eta sozialak antzeko argudioak adierazi izan dituenean, erantzuterakoan beti taktika bera baliatu dute: errealitatea baztertzea.

Horretarako, sailburuak Legebiltzarreko bere agerraldian egiazkoak ez diren datuak bota ditu. Besteak beste, Euskal Y-a urtean zortzi milioi bidaiarik erabiliko dutela, eta lanen gainkostua «soilik» %8koa izan dela. Azken hari horri helduta, jo dezagun Eusko Jaurlaritzaren txosten batera: analizatzen duenean AHTaren Gipuzkoako tartea (Gasteizko gobernuaren esku dagoena), esaten du orain arte bukatutako lanak esleitu ziren prezioa %20,91an gainditu dutela (kostu erreala 1.099,88 milioi eurokoa izan da, eta esleipen balioa 909,38 milioi izan zen). Sailburuak aipatutako %8 baino askoz gehiago, beraz.

Aldiz, bidaiari kopuruari buruz, Eusko Jaurlaritzaren La Y Vasca: Un proyecto de País, una conexión internacional propaganda liburuan esaten da (234. or.), Euskal Y-aren barne trafiko aurreikuspenen arabera, urtean 2,49 eta 2,71 milioi bidaia egingo direla. Horri distantzia ertaina eta luzea gehituz gero, urteko bidaiak 4,2 eta 4,9 milioien artean leudeke. Berdin da 4,8, nahiz 88...

Sailburuaren jokabidea larria da, baina baita hedabide publikoek eta pribatu gehienek AHTari ematen dioten baldintzarik gabeko babesa ere. Hark emandako datu faltsuak errepikatu dituzte, kontrasterik egin gabe. Tapia horretara ohituta dago, eta horregatik jarraitzen du horretan. Bide batez, EITBren kanpaina batek dio bere informazioak benetakoak direla, eta adi egon behar dugula albiste faltsuen aurrean; etxean bertan badago zer zuzendua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.