Gure errealitatearen adierazle bat ekarri nahi nuke lerro hauetara. Batetik, irudika Urnietako kiroldegia eta 18 euroko sarrera. Kantaria: Benito Lertxundi. Bestetik, ordea, Kursaal Kongresu Jauregia eta 45 euroko sarrera. Kantaria: David Bisbal (OT).
Bata gure herriko kantari nabarmenetakoa da, hainbat hamarkadatako lan eskergaren egilea, euskal kantagintza berriaren ordezkari ezaguna, gure balioen transmisioa egin duena, gure hizkuntzan kantatzen duena. Bigarrena, espainiar telebistak abian jarritako negozio batetik garaile gertatutako etorri handiko gaztea.
Egunkari bateko orrialde berean agertu zen bi kontzertu hauen berri; bata erabat ageriko eta neurriz eskuzabal, eta bestea, oso bigarren planoan, txiki eta xume (bihoa, edozein kasutan, Urnietako herriak eginiko ahaleginari ene txalorik zintzoena).
Euskal musika isildua da etengabe. Eta bi kontzertuen adibide hau bazterketa subliminalaren eredua da. Euskal artistak (euskaraz) aritzeko ez du, berez eta izatez, lehen mailako tokirik (merezimenduak behar dira), eta ez du kanpokoek adinako diru saria jasotzen. Zinez arduratzekoa da gaia.
Gure musika, modu ofizialean, ez da inon existitzen. Kultur programazio sendoetan batetik, baina baita autobideetako gasolindegi eta kafetegietan, hortz-kliniketan, optiketan, dendetan, aerobiceko eskoletan, irrati gehienetan, gizarte etxeetan, kutxa edo bankuetan, autobusetan, telefono-operadoreen sistemetan... Horietan denetan atzerriko musika da jaun eta jabe. Askok hari musikala jartzen dute (espainiarra, noski, euskal hari musikalik ez dagoelako), eta beste askok irrati komertzialak, edo pop-ero entzutetsuenaren azken singleak. Denak, baina, kanpotarrak.
Eta txikikeriak dira, baina oso eraginkorrak, oso adierazgarriak. Kultura deitzen dena zorrozki eta estrategikoki kudeatzen da. Bi munduren artean dago harrapatuta; batetik, merkatua, sakonean, helburu nagusia negozioa baita, eta merkatuan baliorik ez duen hura isildu eta baztertzen da. Irizpideak espresuki komertzialak dira. Bestetik, administrazioa, nazio proiektu bat bultzatzen baitu, hain justu gurea ez dena sustatzen delarik.
Batek berriki galdetzen zidan zergatik bertako musikaren defentsan halako obsesioa; kanpoko musikak aditzea ere polita izaki, aberasgarria, eta ez duela zertan esan nahi bertakoa baloratzen ez denik. Bai, ados. Baina gure musikaren ardura ez badugu guk hartzen, zeinek hartuko du?
Mundu osoko tokiz tokiko musika bildumetan biltzen al da inoiz euskal musikaren sailik? Etnikoa eta lokala etiketak aski ongi jantzi zaizkiolarik, kanpokoen maila izan dezan ez dugu galdegiten ere guk geuk. Lehengoaren ildotik, masarentzat baliagarri ez dena, etnikoa da, eta beraz, ez da promozionatzen.
Musikaren fenomenoak ez gaitu kultura den aldetik bakarrik axola behar; pertsonaren bizitza sozialean parte hartzen duen elementu dinamiko gisa ere baloratu behar da (Martí, 2000:50). Musika artea da, baina manifestazio musikalak baldintza kulturalekin lotuta doaz; alegia, gizarte bakoitzaren baldintza kultural, ekonomiko sozial eta historikoekin.
Ez daukagu Irlandan bezala, esaterako, bertako musika sustatzen eta zabaltzen duen sintonia mordoa. Han hizkuntzak egoera kaxkarra bizi du, eta aldiz, musika nortasun ikur ezeztaezina dute irlandarrek, baita munduari zabalik den leiho sinbolikoan ere. Eta oso adibide indartsua da Irlandakoa.
Ohartzen ez garen arren, gauza hauek (ere) osatzen dute herri bat. Nazio eraikuntzan hizkuntz politika erabakigarria den gisara, hezkuntza curriculuma, ondarearen zaintza edo azpiegituren sistema, gure kulturaren gaineko babesa eta ardura ezin ahaztu ditugu. Denek josten dute herri baten egonkortasunaren eta biziraupenaren ehuna (giltza nagusiaren faltan).
Hautu orok bere ondorioa du, eta hartara, euskal gizarteak eskumen handia du gai honetan ere. Gure hautuen bidetik etorriko da etorkizuna. Gure etorkizuna OT ote?
Abeslariak eta otelariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu