Aberriaren Eguna, aberriaren etorkizuna

Unai Ziarreta, Miren Aranoa, Pablo Isasi, Arantza Arranz, Eguzkiñe Agirre, Jesus Mari Agirrezabala, Begotxu Olaizola eta Peio Gurbindo (Eusko Alkartasunako militanteak)
2023ko apirilaren 6a
11:25
Entzun

Aberri Egunaren ospakizuna, urtero, Euskal Estatu independente baten eraikuntzarekin abertzale guztiok dugun konpromisoaren aldarrikapen publiko esanguratsuena bihurtzen da.
 
Aurten bereziki etxeak berotu edo elikagaiak erostearen artean aukeratu behar duten milaka familien zailtasunek gero eta argiago erakusten digute eragiten diguten gai guztiei buruz hemen eta orain erabakitzeko benetako premia dugula, osasun zerbitzu publikoetatik hasita pentsioetara, etxebizitzatik, hezkuntzara, kulturara eta hizkuntza-eskubideetara, ingurumenetik feminismoak espazio berriak konkistatzeraino. Gaur eta hemen ezin dugu erabaki eta ezin diegu aurre egin erronka horiei modu egokian eta herri-ikuspegiarekin, ez baitugu erabakitzeko ahalmen osorik gai gehienetan, eta are gutxiago hiru administraziotan eta bi estatutan banatuta gaudenean.

Horregatik, alderdi politiko abertzaleok, gaur inoiz baino gehiago, ekintza politikoa subiranotasunaren aurrerapenaren zerbitzura jarri behar dugu. Gure eguneroko jarduerak Euskal Estatu independenterantz hurbildu behar gaitu. Hori ez egiteak gure helburu nazionalak alde batera uztea dakar.

Eusko Alkartasuna sortu zen egunetik, alderdi honetako gizon-emakumeok argi asko definitu genuen EAren sorrera-helburua: autodeterminazioa demokratikoki gauzatuz,  Euskal Estatu justu, solidario eta independentea lortzea. Horregatik, kezka handiz ikusten dugu alderdi abertzaleen jardun politikoa Madrilen; Aberri Eguneko hitz sutsu eta txaloak aparte, Espainiako esparru instituzionalen legitimazioa dakarrelako egunerokoan.

Gaur-gaurkoz, Katalunian, gizarte zibila bigarren oldartze baterako prestatzen ari da, lehenaren huts egiteak eta asmatutakoak ondo gogoan hartuz, lawfare, errepresioa eta bertako gobernuaren eta alderdien egituren zati baten saldukeriaren gainetik. Euskal Herrian, ordea, ez dago ez bide-orririk, ez gatazka politikorik, ez estatuekiko konfrontaziorik, eta autodeterminazioa edo independentzia ez dago alderdi politiko abertzaleen agendetan, orain beste gai batzuk baitira euren lehentasunak. Baina estatuekiko konfrontazioaren bidea da fruituak ematen dituena. Arenys de Munt-en kontsulta bat egiteko ideia, askorentzat, xelebreak alderdiak deseroso sentiarazi zituen, ezarritako esparrua aldatu zuen eta gerora urriaren 1eko erreferenduma ekarri zuen. Estatu espainolari hizki larriz egindako konfrontazio demokratiko honen gainean, beste batzuk eraikiko dira, dudarik gabe.

Bat gatoz gizarte-mailako lorpenetan urratsak ematea ezinbestekoa dela. Zalantzarik gabe. Baina Madrilen orain arte adosten ari direnarekin funtsezko desadostasunak ditugu: aurrerapen sozial horien lorpenarekin batera, konfrontazio demokratikoaren aldeko apustu estrategikoa  eta autodeterminazio eskubidearen defentsaren inguruko indar-metaketa eman behar dira. Eta gaurdaino Madrilen eraman den estrategiak umezurtz senti arazten gaitu helburu hauei dagokienean.

Badakigu, publikoki gainera horrela adierazi delako, Madrilen burututako jarduera politikoa urruntze-politikaren amaiera lortzearen mende egon dela. Krudela izan den urruntze-politika eta EAko gizon-emakumeok irmo salatu duguna. Baina, jarduera politiko osoa mende egon den helburu nagusi honek zein aurrerapen nazional ekarri ditu? Bat ere ez.

Espainiako pentsio-sistemaren alorrean lortutako akordioak jende askorentzat izango dituen onurak inola ere zalantzan jarriz, Euskal Herrirako pentsio-sistema propioa aldarrikatzeari uko eginez, Espainiako pentsio-sistemaren arloan akordio bat pozarren erakustea, egiaz, ezkerreko espainiar nazionalismoarekin parekatzea eta herri gisa ditugun eskubideei uko egitea dira.

Jardun politikoaren eta akordioen foku nagusia Madrilen jartzeak estatu-erakundeen legitimazioa, eta aldi berean, azken ikerketa soziologikoek erakusten duten bezala, autodeterminazio eskubidea eta independentzia gauzatzearen alde dagoen biztanleriaren ehunekoa nabarmen jaistea dakarte Dagokigun eskubide demokratikoa gauzatzeko irrika eta kontzientzia nazionala galtzeak edozein abertzaleren alarma guztiak piztu beharko lituzke, eta jakina, Euskal Estatu baten, Euskal Errepublika baten, helburua partekatzen dugun alderdi politiko guztiena.

Izan ere, nazio kontzientzia berreskuratzea eta eraikitzea ezinbestekoa da Euskal Estatu baterantz egiteko: euskal nazio kontzientzia gure gizartean zabaldu ezean, Euskal Herriak nekez lortuko du erabateko burujabetza.

Gizartearen desmobilizazioa Hegoaldean alderdi politiko abertzaleen jarduerari zor zaio, marko estatalera egokitu baitira.

Ezin dugu denbora galdu! Eusko Alkartasunako gizon eta emakumeok oso argi daukagu: Gizarte euskaldunagoa, justuagoa, jasangarriagoa eta solidarioagoa eraikitzeko, burujabetzaren arloan aurrera egin behar da; gobernuei eustea eta haien instituzioetan parte hartzea, egungoa bezalako esparru agortuan, burujabetzan aurrera egiteko konpromiso garbiekin uztartu behar dira.

Konpromiso zehatzak, egin beharreko lanak eta bultzatu beharreko ardatz estrategikoak behar dira, bai eta herri gisa dagokigun autodeterminazio eskubidea gauzatzeko epeak ere, autodeterminazioa demokratikoki gauzatuz Euskal Estatu justu, solidario eta independentea lortzeko.

Gure lehentasunak beti izango dira sinergiak bilatzea eta herrialdeko adierazpen abertzale eta subiranistak koordinatzea eta artikulatzea, kontzientzia nazionala indartzeko eta autodeterminazio eskubidea bultzatzeko.

Esperientziaz dakigu borroka ideologikoak eta burujabetzarako bideak postulatuen eta jardueren arteko koherentzia handia eskatzen dutela. Eta koherentzia hori aldarrikatzen dugu berriro ere. Kontrakoak nazio kontzientzian eta subiranotasunaren aldeko jardueraren onuran atzerakada larria eragiten du, zoritxarrez gure gizartean dagoeneko ikusten ari garen moduan, baita ustez subiranistenak diren sektoreen artean ere.

Guk publikoki adierazten dugu prest gaudela herriaren autodeterminazio eskubidearen aldarrikapenaren buru izateko, eskubide hori lehentasuntzat hartzeko eta erakundeen jarduerak bide horretan jartzeko. Eta zeregin hori alderdi abertzale guztiekin batera burutuko dugu, harreman egonkorrak sustatuz, nazio gisa demokratikoki aurrera egiteko dauden aukeren inguruan elkar-ulertze giroa sortzeko asmoz, konfrontazio demokratikoa  (hizkuntzaren bidez ere bai) eta subiranotasun nazionalaren eraikuntza aldarrikatuz. Eta baita diasporarekin loturak sendotuz ere, zalantzarik gabe funtsezko elementu bihurtu behar baita nazioartean Euskal Herriko errealitate nazionala proiektatu eta Espainiako eta Frantziako estatuen jardun antidemokratikoak salatzeko orduan, gure kausarako babesa eta konplizitateak bilatuz atzerrian.

Helburua argi daukagu, bidea ere argi izan dezagun.

Ospatu dezagun Aberri Eguna urteko 365 egunetan, Iruñetik, hemen gaudenok edo diaspora urrun eta maitetik. Zorionak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.