Aberri Egunean, etorkizunari heldu

Nekane Garmendia, Ana Irastorza eta Patxi Azparren
2013ko martxoaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gasteizen ospatu zen 1934ko Aberri Eguna: antolatzaileen esanetan, 50.000 lagun elkartu ziren; prentsa espainiarraren hitzetan, 30.000. Iragan den mendeko hirugarren hamarkadan Euskal Herriak egungo biztanle kopuru erdia zeukan, eta, jakina denez, Euskal Herriko beste bazterretatik Gasteizera joateko bideak, abentura txiki bat.

Egungo biztanle kopurua eta komunikabideek eskaintzen dizkiguten erraztasunak direla medio, Gasteizko Aberri Egun hark elkartzea lortu zuen jendetzaren pareko ekitaldi bat lortzeko 200.000 bat lagun elkartu beharko genituzke. Albaina, azkeneko hamarkada honetan ezagutu ditugun Aberri Egun jendetsuenetan nekez 20.000 lagunen kopurua lortu izan da.

Hainbat eta hainbat faktore aipa genitzake, baina bistan da abertzale mugimenduak halako ekitaldietan jendartearen grina pizteko gaitasuna galdu duela. Bai noski, beste inork Euskal Herrian ez du abertzale mugimenduak duen herritarrak higitzeko gaitasunik. PSOEk, PP-UPNk nekez betetzen dute ekitaldi batean saski-baloi areto bat; aldiz, horrek ez gaitu sobera lasaitzen.

Bidegurutze historiko erabakigarri baten aitzinean gaude. Faktore estruktural batzuk ikusita, Euskal Herriak bere arazo nazionalari begira bor-borrean egon beharko zuela pentsa genezake; ez da horrelakorik ikusten, ordea.

Kapitalismoaren krisi sistemikoa jendartearen esparru zabal anitz pobreziaren eta menpekotasunaren mugara eramaten ari da. Langile mugimenduak azkeneko bi mendeetan lortutako hainbat garaipen galtzear daude. Euskararen iraupena bermatuko duen plangintzarik ez dago, eta autonomia egoeran dauden euskal lurraldeetan menpekotasun juridiko-politikoa erabatekoa da. Indar armatu eta polizial espainiar eta frantsesek ez dute alde egin...

Errieta egingo diegu Aberri Egunera etorri beharrean oporretara edo egun pasara joango diren herritar independentistei? Gehienei, alegia. Kargua hartuko diegu langabezian daudenei eta Iruñera joateko esfortzu berezia egin behar dutenei Aberri Eguneko festara ez hurbiltzeagatik? Edo autokritika eta zuzenketak egiteko garaia heldu zaigu? Agian, jendeak egungo eta azken urteetako Aberri egunei «Euskal Jai» baten itxura hartzen die ukatzen diguten aberriaren aldeko mobilizazio izan beharrean.

Testuinguru soziopolitikoak ezkerreko abertzaletasunari aukera historikoa ematen dio, abagunea eta erantzukizuna, euskal jendarteak eskatzen duena bideratzeko tresnak eskaini behar dituelako.

Egun eta orain gertatzen ari diren arazo eta erronkei egun eta gaur erantzun behar diegu. Beraien parte-hartzea eskatzen diegun herrikideei jardun soziopolitikorako tresnak eskaini behar dizkiegu, eta aldaketa eskura egon daitekeela lehendabiziko guk sinistu behar dugu, eta gero herritarrak horretaz konbentzitu. Geuk sinistu lehendabizi, egitura politikoetan aritzea erabaki dugun ekintzaileok, modu horretan soilik berpiztu ahal izango baita garai baten euskal abertzaletasunak izan zuen grina eta erakargarritasuna. Halako egoera animikoak eramango gaitu garai bateko aberri egun masibo eta erreibindikatiboetara.

Ezkerreko euskal abertzaletasuna ezkerreko jarduna egiteko gogoa duen militante-gai guztientzat lehengo erreferentzia izan dadin gure programa osoa berritu eta egokitu behar dugu. Halere, berrikuntza horrek ez ditu oinarrizko aldarrikapenak zalantzak jartzen; aitzitik, errepublika burujabea eta konstituzio sozialista bat edukitzea aldarrikapen guztien motorra izan daitekeela uste dugu. Hauek izan behar dira, gure ustez, Aberri Egun baten leloak jendartea erakartzeko.

Independentzia eskuragarria da, jauzi bat posible da; beste arlo batzuetarako erabili berri den aldebakartasunaren metodologiak jauzi eraldatzailea eta subiranista emateko ere baliagarria da. Aberri Egunak estrategia honen isla izan beharko luke orduan.

Aberri Egunaren atarian, Eskoziari so egiten diogu,Kataluniari, Hego Ameriketako zenbait mugimendu politikori eta etorkizunari. Ziur aski historia garaikidean, lehenengo aldiz, independentzia nahi dugun euskal herritarron eskutan egon baitaiteke Estatuen agenda politiko osoa aldatzeko adina indar elkartzeko aukera.

Estatuek ez digute ezer oparituko, ezta ezer emango ere; gure artean bizi diren Espainia eta Frantziako alderdi nazionalisten kideengandik ezin dugu akordio estrategikorik espero. Autonomia babestu duten eta horren kudeaketaz oparo bizi diren jeltzaleengandik ezin dugu ezer espero; kasta politikoengandik ezin dugu ezer espero. Jendartearekin zuzenean mintzatzeko bideak zabaldu behar ditugu, eta solasaldi horretatik sortuko dira lerrotze-politiko berriak. Herritarren laguntzaz, parte-hartzeaz eta zuzendaritzaz independentziara eraman gaitzakeen uholdea posible da. Orduan, agian, hurrengo urteko Aberri Eguna uholde independentistaren aurrenetariko olatua bilaka daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.