Aberri Egunaren harira

2017ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Aurtengo Aberri Eguna iristear den honetan, Euskal Herriarentzat esperantza eta ilusioz beteriko Aberri Eguna izango dela ziur gaude Udalbiltzan. Azken egun, aste eta hilabeteetan Euskal Herrian ezagutu ditugun gertaera eta ekimen ezberdinek gure herrian aurrerapausoak ematen ari garela ikusarazten digute, eta Euskal Herria eraikitzeko lanean bide onetik goazela sinetsarazten.

Mapa politiko-administratiboan izugarrizko aldaketak ezagutu ditugu azken hilabeteotan. Nafarroako Gobernuan, udaletan eta bestelako erakundeetan mugiezina zirudien erregimenari instituzioetako erabaki ahalmena murriztu diogu, alderdien arteko lanari eta adostasunari esker gure nortasuna, hizkuntza eta kultura aintzat hartzen dituzten instituzioak ditugu Nafarroan. Ondoren, Gasteizko legebiltzarrerako hauteskundeen ostean, legebiltzarraren osaera eta indar korrelazio berriak ditugu, erabakitze eskubidearen aldeko gehiengo batek osatzen duelarik. Eta azkenaldian Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako hautetsiek Hiri Elkargoa sortu berri dute, eta horrekin subjektu politiko propio bat eratu dute hiru herrialde horiek barnebiltzen dituena, eskuduntza berriak bereganatuko dituena, baliabide ekonomiko propioak izango dituena eta kudeaketarako aukera berriak sortzen dituena. Gure Aberria osatzen duten herrialdeetako gobernu organoetan, beraz, elkarlanerako eta elkarrekin aritzeko aukera berriak zabaldu dira; etorkizunean ere landu eta gorpuztu beharko den elkarlana, eta horretarako borondatea agerikoa da ordezkari politiko batzuek adierazi duten bezala.

Une historiko eta garrantzitsua bizi izan dugu gure herrian azken egunotan, armagabetzearen urrats garrantzitsuarekin. Bakearen artisauen gidaritzapean, jendarte zibila aktibatuz, inplikatuz eta emozionatuz, Herri honek bake prozesuan aurrera egin nahi duela argi adierazi zuen pasa den larunbatean, Baionan. Armagabetzearen ondoren, oraindik bestelako pausoak eman behar ditugu, bakea lortzeko bidean egun bizi ditugun sufrimendu eta giza eskubideen urraketa egoerei irtenbidea emateko; apirilaren 8 historiko honetan, Herri honek agerian utzi du bakearen bidean hurrengo korapiloak askatzeko eta lantzeko duen gogoa eta borondatea. Eta bide hori egiteko nazioarteko ordezkaritzaren babesa izan dugu eta izango dugu.

Bestetik, igandean, Korrikaren amaieran, Euskal Herriak euskaraz bizitzearen aldeko beste aldarria egin zuen Iruñean. Hor ere, ahaztuko ez ditugun irudiak ikusi genituen, eta Nafarroan inoiz ikusi gabeko babes eta parte hartzea izan zuen Korrikak eta euskarak, euskal herritar guztiak batzen gaituen hizkuntzaren defentsan. Herrialde guztietako herritar askotarikoak elkartu ziren bertan.

Gure inguru hurbilean ere egoera politikoa baikor eta esperantzagarri ageri da. Kataluniako herria aurrera eramaten ari den prozesua eta berriki Eskoziak galdeketa berri bat antolatzeko hartutako erabakia pozgarriak dira. Ariketa zinez interesgarria da Herri batek herritarren erabakitze eskubidea gauzatzea, ariketa demokratiko eta dinamiko baten bidez, non herritarrek modu askean beren egungo eta etorkizuneko erabakiak hartzen dituzten. Europan gertatzen ari den horren guztiaren testuinguruan kokatu behar dugu Euskal Herriaren etorkizuna, herritarrok erabakitzeko dugun eskubidearen egikaritzan, ariketa demokratiko hau gauzatzean.

Horregatik guztiagatik, Udalbiltzan gogoz eta ilusioz betetako garai batean gaudela uste dugu. Aurrera begira, instituzio publikoen arteko elkarlanerako aukera berriak ditugu; euskal herritar ahaldunduak ditugu, botere handia duten herritarrak eta gauza handiak egin eta lortzeko gaitasuna duten herritarrak. Pasa den larunbatean Baionan ikusi genuen bezala, euren biziaren eta herriaren etorkizunerako urratsak tinko egiteko prest direnak, eta aurrerantzean ere egingo dituztenak. Eta, inguruko herrialdeetan ere, nazio gisa erabakitzeko bidean lanean ari dirennazio / herriak ditugu, betiere, elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz aurrera egiteko bidean.

Horregatik, deialdi berezia egin nahi dizuegu Euskal Herriko hautetsi eta herritar guztiei, igandean, hilaren 16an, Aberri Egunaren inguruan egin diren deialdi eta ekimenetan parte har dezazuen. Bizi dugun garaiaren ilusio eta esperantza hori igandean Euskal Herriko txoko ezberdinetan antzeman dezagun eta indartu dezagun denon artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.