Gaur, martxoak 8, batik bat feministatzat autoidentifikatzen gara asko, gizonezko izanda ere. Gaur, maiatzak 1, batik bat langiletzat autoidentifikatzen gara asko, langabetu edo erretiratu izanda ere. Gaur, ekainak 28, batik bat gay, lesbiana, bisexual eta transexualtzat autoidentifikatzen gara asko, heterosexual konbentzional izanda ere. Gaur, abenduak 3, batik bat euskaldun edo euskaltzaletzat autoidentifikatzen gara asko, euskaraz jakitun ala ez. Gaur, abenduak 18, batik bat etorkin edota joandakotzat autoidentifikatzen gara asko (nor ez da etorkin edo joandako bere genealogia hurbil edo ez hain urrunean?).
Amaigabea izanen litzateke autodefinizioen zerrenda, eta ez litzateke sartuko urteko egutegian. Baina egunerokotasunean, identitate askok osatzen dute gure aurpegia, gure begirada, gure eskuen eta behatzen elkar gurutzatzea. Identitate ezaugarri askok, elkarrekiko hierarkiarik zertan izan gabe ere, marrazten du norbanakoon nortasuna, bai guk geuk zirriborratu eta geure eginda, bai bertzeek gu koloreztaturik. Horrela ezagutzen gaituzte bertzeek norbanakook, horrela ezagutzen du bere burua norbanakoak.
Horrela, eta etengabe aldakor. Zeren eta ez autoidentifikazioak ez identitateak ez baitira zurrun, finko, pieza bakarrekoak. Halako likido amniotiko bat dugu geure ingurukoa, geure gizartea, geure bizi esparrua, izaera bati bizitza ematerakoan, baina halako arnasa autonomo bat dugu era berean geure bizipen segida, horiei buruzko geure hausnarketak. Habitat batetik abiatu gara, bai eta bertze habitat anitzetara moldatu ere: denok gara nonbaitetik joandako, denok norabait etorkin.
Gure aniztasun pertsonalak aniztasun soziala eratzen du, eta gure aniztasun pertsonalak adinako aniztasun sozialak definitzen ditu guztion bizikidetzaren esparrua eta markoa: esparru multikulturala ez ezik, esparru interkulturala ere bai. Bizikidetza tolerantzia baino zerbait gehiago baita: elkar trukea, elkarrekiko sinergia aberasgarria, alegia. Eta bizikidetza horrek, gutxi-asko arauturik baina eguneroko usadioetan bermaturik, bere barneko diferentziak eta tentsioak ere tartean, ematen dizkio lurralde bakoitzeko gizarte bakoitzari subjektu kolektibo izateko nahi eta indarra. Eta eskubidea ere.
Horrelako gizarte aniztun, autoidentifikazio askotarikoa, baina esparru fisiko zein juridiko politiko bateko gizartea du buruan Geroa Baik bere sorreratik bertatik. Nafarroako gizarte aniztuna, autoidentifikazio aldakor askotakoa, zeinean hala identifikazio pertsonal nola kolektibo gisako anitz horiek bizikidetza aberasgarrian arnasa hartu nahi duten.
Askorentzat, Aberri Eguna da urteko egun berezi bat, non euren euskal identitate nazionala nabarmendu batik bat. Bertze askorentzat, bigarren edo hamaikagarren maila bateko kontua da euskal identitate horren naziotasuna. Bertze askok, bertzeen euskal autoidentifikazioarekin bat ez egin arren nafar esparrua sendotzeari begira, garbi dute bizikidetza posible eta aberasgarria dela, sinetsirik daude multi-autoidentifikaziotik interidentitate sinergiko bat sor daitekeela. Hauek guzti hauek dira Geroa Baik buruan duen oinarri soziopolitikoa, nafar gizartea subjektu politiko aldarrikatzerakoan. Autoidentifikazioak autoidentifikazio, autoidentifikazio nazional desberdinak barne, pluraltasuna bizikidetzan bideratzeko du xede, nafarrek beraiek euren etorkizunaren eratzaile izate aldera.
Aberri Eguna eta nafarrok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu