Aberri Eguna, egunero

2016ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Zapaldua dagoen herri batek egunero erakutsi behar dio munduari independentzia bila dabilela. Hori erakusten ari al gatzaizkio munduari? Hori ikusten ari al da mundua? Aski izanen dugu azken hiru-lau urteak aztertzea hori horrela ote den baieztatu edo ezeztatzeko.

2013an, PNVren arabera, nazioa izan behar genuen Europan, eta estatu klasikoak galga bat ziren Europaren batasunerako. Independentzia kontzeptu erlatibo samarra zela ere esan zuen, «Espainia independentea al da?» galdetuz.

Hartuko genuke guk ere Espainiak eta Frantziak daukaten independentzia erlatiboa. Baina ez gara ari erakusten hori nahi dugula.

Urte hartan, Sortuk adierazi zuen erabakia herriari zegokiola baina euren proiektu politikoa indarrez ezartzen diguten bi estatu aurrez aurre dauzkagula. Horren ondorioz, indarrak elkartzeko deia egin zuen, erabakitzeko eskubidea aitor diezaguten.

Aldameneko bi estatuek inposatzen digutena ez da proiektu politiko bat. Herri bat zapaltzea delitu bat da. Ezin ditugu xahutu gure indar guztiak estatu delinkuente baten baimenaren bila; independentzia antolatzen erabili behar ditugu. Inork ez digu aitortu behar erabakitzeko berezkoa dugun eskubidea.

Ez da hori, ordea, Europak gugan ikusten duen asmoa.

Urte bat geroago, 2014an, harrigarria bada ere, PNVk esan zuen estatu propio bat nahi zuela Euskadirentzat Europan, Nafarroa eta Iparraldearekin batera. Bidea ez zela, ordea, ez PSOEren federalismoa ezta katalanen independentismoa ere. Ez zuela, oraingoz, ezker abertzaleak proposatzen zuen aldebakarreko adierazpenik egingo. Nahiago zuela beste estatus bat Espainiarekin pausoz pauso negoziatu, hitzartu eta berretsi. Guztion txundigarri, beste hau erantsi zuen: Espainiak arazo bat daukala, ezetz bakarrik esaten dakiela.

Kanpotik inposatu ziguten zatiketa onartzea eta abiapuntutzat hartzea inposizioari amore ematea eta independentziaren aurka aritzea da. Gure herria bat da, ez hiru, eta Espainiarekin ez da ezer negoziatu behar: Espainiari agur!

Aldiz, kontrakoa ari gara erakusten.

Independentistak Sarekoek horrela hitz egin zuten: «Madrilek eta Parisek bizkarra ematen diote herri bezala dagokigun erabakitzeko eskubidearen debateari. Hala ere, erabakitzeko eskubidearen bidez, hiru eremuko nazio gisa onartuko gaituzten prozesu bat aldarrikatzen dugu. Etorkizuna ezin da eredu zaharkituekin eta gizartearen borondatearen aurka eraiki».

Berriro ari gara erakusten munduari Madril eta Parisera begira gaudela. Berriro ari gara marrazten herri zatitu baten irudia.

Edozeinek esaten du edozer gauza: kontua da Madrilek eta Parisek ez digutela bizkarra eman; gainean ditugu. Guk gurea antolatuz kendu behar ditugu gainetik. Independentziarako pausoak antolatuko dituen erakunde bat behar dugu lehenbailehen, independentziaren gaia egunero-egunero agendan jarriko duena, herria bere osotasunetik abiatuta askatuko duena. Osotasuna ez da eredu zaharkitua, eredu egokia eta naturala baizik.

2015ean, PNVk jada ahaztua du estatu hitza. Gutxi iraun dio. Zergatik? Alderdi politikoen aldaketa semantikoak izugarriak dira urtetik urtera.

Independentziaren bila ote gabiltza munduaren aurrean? Zaila da egiten ari ez garen zerbait erakustea.

Aurten, aldiz, Independentistak Sarekoak dira aldebakarreko bideari ekin behar zaiola, mugarria izan behar duela diotenak. «Bai» izango da aurtengo leloaren hitz gakoa. «Demokraziari, justizia sozialari, euskarari, etorkizunari, Euskal Estatu burujabeari, Euskal Errepublikari… bai!». Baina Espainiako hauteskundeei ere, «bai».

Egungo «dependentziaren kalteak» oso ezagunak direla azaldu dute.

Argi dago: hain ezagunak badira dependentziaren kalteak, eta horien eragileak oso ezagunak badira, estatu espainol zein frantsesaren barruan ez badago «inolako burujabetza aukerarik», zertan ari gara erabakitzeko baimenaren eske? Erabaki dezagun behingoz alde egitea: agur, Espainia! Agur, Frantzia!

Zoritxarrez, aurten ere Aberri Eguneko deialdia zatiketatik abiatuko da, eta guztiz ahulduta iritsiko da kalera. Egunero errepikatzen ari gara gure akats nagusia: zapaltzen gaituzten estatuen legedia propio bihurtzea, gurea balitz bezala onartzea, erraietaraino barneratua baitaukagu hiru herri garela bat izan ordez.

Horrela ez dugu inolako sinesgarritasunik sortzen nazioartean.

Independentzia antolatu egin behar dugu. Etsipena alde batean utzi, eta independentzian benetan sinesten dugunon artean herriarentzat erreferentzia izango den erakunde, talde, lidergo bat antolatu. Ahal den neurrian baina modu erraz eta eraginkorrean egungo legediari «ez» esango diona, aurre egingo diona. Inoiz batasunaren kontzientzia ahaztu gabe egingo duena: herria, euskal herria, indarrez ezarri dizkiguten muga guztien gainetik bat delako, Usansolon, Erriberrin edo Uztaritzen bizi.

Herri bat utzi behar diegu hurrengo belaunaldiei, herri osoa, ez herriaren zati bat, ez behintzat gure borondatez onartuz aldameneko estatu genozidek diseinatu diguten zatiketa.

Pako Aristik esana da: «Independentzia da gure ondorengoei utzi behar geniekeen herentzia». Hori da geure buruan blindatua eduki behar dugun printzipioa. Horrek lagunduko digu independentziaren alde egunero lan egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.