Aberri Egunaren antolatzaileak

Aberri Eguna: burujabetzaranzko korrontea azkartu

Ainize Butron, Mattin Etxeberri eta Mikel Irastorza
2025eko apirilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herriak, munduko herrialde gehienek bezala, agendan egun seinalatu bat du bere eguna ospatzeko: Aberri Eguna. Hizkuntza, kultura eta lurralde propioak dituen nazioa gara, baina gure ospakizuna ez da aitortuak diren edota Estatua duten herrialdeen gisakoa. Hots, gurean ezin daiteke egoera normalizatu bati buruz mintzatu. Izan ere, Espainiar eta Frantziar Estatuen artean aitortuak izan gabe eta territorialki zatiturik segitzen dugu.

Egoera horri egungo testuinguru konplexua gehitu behar zaio, non krisi anizkoitzak xoko eta eremu guziak inarrosten dituen eta eskuin muturrak mundu osoan bere agenda eta ideologia atzerakoia inposatu nahi duen. Euskal Herria ez da gisa honetako arriskuetatik salbu, eta, garai historiko honetan, herri gisa erantzun sendo eta ausartak emateko gai izan behar dugu.

Oldarraldi guzien gainetik, haatik, azpimarratzekoa da Euskal Herriak eta bere emantzipaziorako nahiak bizi-bizirik segitzen dutela. Hemen, indar harremanak bestelakoak dira, justuki, beste errealitate nazional eta sozial bat dugulako. Anitzek beren buruei galdegin beharko liekete euskal abertzaletasunak zergatik duen hainbesteko indarra gurean. Guk badakigu: identitate propioa duen komunitate batekiko pertenentzia sentimendu azkar bat dagoelako. Eta hori da gure indarguneetako bat, zabaltzen segitu behar duguna.

Iazko Aberri Egunetik honat Lapurdi, Baxenabarre eta ZUberoari begiratzen badiegu, ohartuko gara historian lehen aldikoz ezkerreko diputatu abertzale bat dagoela Parisen eta boz horietan osatu zen alternatiba baitezpadakoa izan zela eskuin muturrari gailentzeko eta Euskal Herriko gai nagusien agenda indartzeko. Antzekoa erran genezake laborantzan iragan diren bozen inguruan. Lurraldeari atxikiriko laborantza herrikoiaren aldeko eredua edota eskaintza abertzalea nagusi izan dira, Frantses Estatuko maparen gehiengoa bestelako koordenatuetan koloreztatu den bitartean.

Hobetzen ahal den guzia kontuan harturik ere, harro erraten ahal dugu gure herrian etorkizun hobe baten alde lanean ari den jendarte zibil engaiatu eta mobilizatu bat dugula, arlo ezberdinetan eraikuntza lanean edota alternatibak sortzen ari dena: euskalgintzan, kulturgintzan, etxebizitzaren arloan, klimaren aldeko borrokan, sindikalismoan, feminismoan, lurraren eta laborantza herrikoiaren defentsan, gazterian edo elkartasunezko dinamiketan, batzuk aipatzearren. Mugimendu zabalak baitezpadakoak dira burujabetza prozesuak behar duen bultzadarako.

Elkarlanerako bokazioa duen lurraldea garela uste dugu, azken urteetan jendarte zibil horren eta abertzaleen bultzadaz, instituzioekin hainbat sinergia lortu baitira gai garrantzitsuak aitzinarazteko xedez. Konbentzituta gaude eraldaketa gure errealitate propiotik eta herri gisa arituz lortuko dugula.

Aurtengo otsailean Euskal Elkargoak Baionan antolatu zituen mugaz gaindiko topaketen hirugarren edizioak ere gogoetarako tartea ematen digu. Bi ondorio nabarmendu daitezke: Euskal Herriak herri gisa elkarrekin aritzeko ez du aski tresnarik, baina geroa euskal lurralde guzien arteko lankidetzan eraikitzeko beharra dugu.

Azken hilabeteetan, halaber, Ipar Euskal Herriaren aitortzari buruzko bi urrats nagusitzen dira. Batetik, EH Baik autonomia proposamena mahai gaineratu du plaza publikoan, eta, bestetik, Batera plataforma berrabiatzeko urratsak ezagutzen ari gara. Ipar Euskal Herriak urrats garrantzitsua egin zuen Euskal Elkargoa plantan ezarri zenean, baina geroz eta agerikoagoa da erakunde horrek muga handiak dituela eta aitortza maila handiagoa emanen digun koadroa premiazkoa dugula. Horregatik, proposamen politikoak plazaratzea eta elkarrekin arituko garen dinamika berri baten abiatzea momentu onean heldu direla uste dugu. Frantses Estatuaren aitzinean indar harreman berri bat sortu behar dugu, Ipar Euskal Herriak erabakiak hartzeko ahalmen gehiago izan dezan. Parisen aitzinean ahots bakarrez mintzatu garelarik, emaitza garrantzitsuak lortu ditugu.

Egungo testuinguruan zatiketa bilatzen duten kontrako korronte erreakzionario eta atzerakoi guziei kontra egiteko manerarik eraginkorrena ez da aurka besterik gabe egitea, lurraldean sustraituriko korronte propio eta zabal bat guziaren gainetik pasaraztea baizik. Eta guretzat, Euskal Herria euskaldun, jasangarri, solidario, justu, feminista, demokratiko eta burujabe bat lortzea da korronte horrek segitu behar duen ubidea.

Elkartzeko eta mobilizatzeko garaia da. Izan ditugun lorpenak agerian emateko, eramaten ari garen borrokak partekatzeko eta epe labur zein luzeagoan ditugun desafioei itxaropenarekin eta proiektu sendo batekin erantzuteko. Apirilaren 20an, Euskal Herrian gaindi eta diasporan ere Aberri Eguna ospatzeko eta gure herriaren burujabetza aldarrikatzeko ekimenak izanen dira. Ipar Euskal Herrian Donibane Garazin biltzeko deia egiten dugu. Elkarrekin, herria, burujabetza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.