Antropologia sozial eta kulturalean litzentziaduna

Aberri Eguna 24 eta Aro-Ziklo Berria

2024ko martxoaren 29a
05:00
Entzun

Frankismo aurreko Aberri Egunak oso jendetsuak izan ziren. Gasteizko 1934an eta Iruñeko 1935ean 30.000na lagun baino gehiago elkartu omen ziren auto pribaturik ez zegoen garaian. Diktadorea hildakoan, Aberri Egunek berpizkunde handia izan zuten Hego Euskal Herrian. Etxe askotan bazkari berezia egiten zen, eta gazteak ginela, Aste Santuko oporralditxoa Euskal Herrian bertan egiten genuenez, igandeetan beti zerbait egiten genuen egun hori ospatzeko.

Etxeko erreferentzia abertzaletasun historikoa izan arren, beste gai batzuetan bezala, abertzaletasunean ere nahiko heterodoxoa izan naiz. Hala ere, Aberri Egunarekin beti ukan dut atxikimendu berezia. Hori dela eta, Aberri Egun bateratua egiteko egin izan ziren saiakera askotan lagundu nuen: ABK eta Euskariarekin, Udalbiltzak egindakoetan, Nazio Eztabaida Guneak egindako saiakeretan, eraitsi zuten Independentistak mugimendu antolatuetan. Sarritan Ipar Euskal Herriko deialdietan parte hartu izan dut, erosoago sentitu naiz eta.

Azkeneko urteetan, ordea, ez nabil batere gogotsu horrelakoetara joateko, eta ez da adin kontua. Jakin badakit, aspalditik «Bazko-igandea» aldarrikapen eguna baino, gehienentzat oporralditxoaren egun arrunta besterik ez dela. Haatik, ez da hori nire kasua, ezta kide izan ditudan hamaika lagunena ere. Nolabaiteko apatiak jota gaudela esango nuke: aporiak jota. Grezieraz Aporia izenaz definitzen den egoeran, alegia: ondoeza, gogoeza, kontraesanak kudeatzeko gaitasunik eza.

Aurtengo Aberri Eguna, nire ustez, Aro Politiko berriaren lehenengoa izango da. Aro diot, ziklo hitza erabiltzen ari bada ere, azkeneko urteotan bizkortu diren aldaketek amaitutzat ematen baitute XX. mendea. Horrek geurean eragin nabarmenagoa du eta zalantzarik gabe «aporia» sentsazio horren isla izan dezake.

XXI. mendeko politikaren garaia da, eta hortaz, pertsona berriak irten dira plazara. Imanol Padralesek ez dit interesa batere piztu, berdin-berdin PSEko ala PPko hautagai jator bat (balego) izan liteke. Izan ere, PPren boto-emaileak lortzea ere badu helburu. EAJren sektore teknokratena ordezkatzen duen Repsol, Iberdrola, Armagintza eta bestelako lobbyen esanetara arituko den beste pertsona bat. Hau da, Aberri Egun batean mendiko botak jantziko balitu ere, Bilboko Plaza Berrian bilduko diren ehunka jarraitzaileen grina pizteko gaitasunik ez duen hautagai bat.

Arreta gehiago jarri dut, ordea, Pello Otxandianorengan. Argitaratu berri duen liburua plazaratu aurretik egin zuen aurkezpena entzun nuen sarean. Ordubeteko saioa, eszenografia zainduta, pedagogikoa bere taldekide ezagunen aurrean. Otxandianok Aro Berrirako egokitutako politikari profila du: intelektualki ondo jantzia, bere taldearen zerbitzuan, hizketan lasaia, sinesgarria. Bere izenez aurkeztu duten hausnarketa ere sendoa da, eta nire ustez, Euskal Herriaren etorkizunerako gako eta erronka handienak ederki identifikatu ditu. Hala ere, tamalez, ez dut uste jarraitzaileen grina pizteko askoz aukera gehiago izango dituenik Padralesek baino. Eta bistan da, ez naiz karismaz ari. Sarritan, gabezia intelektual, etiko eta estrategikoak dituen buruzagi politikoak karismaz mozorrotzen ditu. Pello ez da horrelakoa, eduki lezakeen karisma falta, jarreraz eta prestakuntzaz ordezkatzen du. Nire ustez, arazoa beste toki batean dago.

Sortuk EH Bilduren bidez oso anitza zen (eta den) eremu soziologikoaren hegemonia lortu du. EH Bildu osatu zuten beste alderdien ekintzamena desaktibatu du. Izan ere, paradoxikoki, EH Bilduk Sortu bera ere jan du. EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetan emaitza onak izango ditu. Beste eragileek utzi duten eremua oso handia da eta desaktibazio soziopolitikoak abstentzioa handituko duen arren, ordezkaritza handia izango du, agian bozkatuena ere izango da. Baina garaipen horrek badu bere ordaina. EH Bilduk eremu soziopolitiko anitzetako bozkak lortuko ditu, haatik, eremu soziopolitiko zabal horren gaitasun eraldatzailea estrategia bakarrera eramango du. Hortaz, de facto aniztasun ideologikoa zorroztasun estrategikoaren bidez murriztuko du. Eremu soziopolitiko horren hegemonia eskuratze aldera erabili dituen bideak elbarri utzi ditu beste estrategia posible, bideragarri eta beharrezko batzuk. Politikari profesionalen neurrian egindako tresna eraginkorra sortu du EH Bilduk, baina boteregune batzuetara iristeko baliagarria izan daitezkeen tresna horiek kaltegarriak dira beste eragile askorentzat, eta batik bat, ezinbestekoak diren beste borroka-lerroetarako.

Otxandianok ondo esan zuen bere bataio publikoan: etorkizunaren nondik norakoak ez ditugu ezagutzen, asmatu behar da bidaiatzen ziurgabetasunaren munduan. Horregatik, estrategia malguak behar ditugu. Iraganeko estrategiei eusteak porrota ekarriko du epe ertainean, epe laburreko garaipena lortzeko «itsasontzi batzuk» erre izanak konponezinak izan daitezkeen kalteak ekar litzake. Autonomismoa berrasmatzea ez da bideragarria ezta komenigarria ere, estatu espainiarraren balizko birsortze prozesua ez da euskal herritar independentiston ardura. Pazientzia aholkulari ona omen da, baina aldaketak bizkortzen direnean, eta aldaketa horiek etorkizun posible batzuk ukatzen dituztenean, pazientziarako astirik ez dago.

EH Bilduk Iruñerrian eta Gasteizko Legebiltzarrean eremu Ezker Subiranistak inoiz lortu dituen hauteskunde emaitzarik hoberenak, inoizko hautetsi eta liberatu kopuru handiena, baina bide batez, inoizko boluntario talde txikiena izango du koalizioak. Politikarien eta herritarron arteko arrakala handitu da, baita hemen ere.

Aro Berriak duela hogei urte ezinezkoak ziren eraldaketak egiteko ateak zabaltzen ditu: Euskal Errepublikaren eraketa-prozesua; Udalbiltza erakunde-prozesuaren erdigunean jarri; euskal herritar aske gisa ahaldundu; demokrazia erradikalerantz urratsak egin. Ez gaitezen galdu arerioak eraikitako labirintoetan, ez diezaiegun lagundu 78ko erregimenaren sustatzaileei, irtenbiderik gabeko zulora eramango baikaituzte.

Aurten, berriz ere, ez dago inolako aukerarik Aberri Egun bateratua egiteko, eta ziurki ere ez luke zentzu handirik izango. Aldiz, egun horren atarian, gogoeta bat egin dezagun XXI. mendearen erdialdera iritsi aurretik, ea bideragarria ote den jauzi subiranista Euskal Herrian. Estatu batek dituen tresna juridiko guztiak eskuratzen ez baditugu etorkizun hurbileko erronkei ezin izango diegu heldu eta menpeko egoera betikotuko da: kulturalki, geopolitikoki, sozioekonomikoki. Ezinezkoa izango dugu herri gisa egokitzea horren konplexu eta aldakorra den mundu berrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.