Funtsean, nazio subiranoetako festa nazionalek boterea dute ospakizun, hau da, nazioaren borondate kolektiboa edonoren gain gauzatzeko gaitasuna. Borondatearen gauzatzea estatuan haragitzen da. Bera da, teorian, burujabetza nazionalaren bermerik eraginkorrena gainerako botere antolatuen aurrean. Indar armatuen desfilea da ospatzen den horren adierazpenik gorena. Gudaroste, ibilgailu, hegazkin eta parafernalia guztiaren mobilizazioak mezu soil bat helaraztea besterik ez du xede: lur hauetan neu (Estatua) naiz jaun eta jabe, eta hauxe da nire jabetza bermatzen duen indar basa.
Festa nazional amaigabe baten antzera, COVID-19aren krisia parada aproposa bilakatu da estatu menperatzaileek paparra atera dezaten gurean: euskal lurraldeen zatiketa, itxiera eta militarizazioa; indar okupatzaileen kontrol eta jazarpena; debeku eta isunen bidezko hertsadura eta etxeratze-aginduak; komunitate-egarri denaren edo hurkoarekin elkartu nahi duenaren kriminalizazioa... Inperialismoen indar-erakustaldiak muga guztiak hautsi ditu eta oldarraldi honen aurrean aldez aurretik espero zitekeen jarrera erakutsi dute EAJ, EH Bildu eta EH Baiko burokraziek, «erakunde autonomikoek» eta komunikabideek, baina erasoaren neurri berekoa izan da indar abertzaleen ahuldadearen tamaina ere: herri-mugimenduak eta, oro har, euskal gizarte zibilak erakutsiriko morrontza, otzantasuna, ikuspegi nazionalik eza eta kritika eskasia nagusitu dira hitz eta ekintzetan. Tamalez, aberriaren aberrazioa ez da koiunturala, pandemiakpizgailu gisa jokatu besterik ez baitu egin jada aspalditik egosirikoa mahaigaineratuz.
Aberria norberaren sustraiak errotzen diren lurra bada etimologikoki, ukaezina da gurea antzutzear dagoela. Estatu inperialisten nagusitasuna geroz eta haragizkoagoa den heinean, geroz eta etereoago bilakatu da gure aberria. Garai batean erresuma subiranoa zena, gerora berezko lege eta antolakunde burujabeetan iraunez, orain ezin esan asmo kolektibo bat denik ere, are gutxiago politikoki antolaturiko herritargo bat. Batek daki ez ote den bakar batzuen desira edo amets antzu bilakatu.
Herri honek ez du Aberri Egunik ospatzeko, luzaz giltzaperaturiko preso zaharkitu etsituek ezer ospatzekorik ez duten bezala. Eta, ezer ospatzekorik ez bada, behinik behin ezer oroitzeko balioko al du egun honek?
Ez daitezela, behintzat, ahanzturan gera behinola bazela bere burua inperioetatik defendatzeko nahikoa kemen izan zuen aberri subirano bat; erreinua galduta ere, behin eta berriro matxinatu zena tirano arrotzak ohiltzeko; asaben lege eta usadioak errezeloz defendatzearren hiru gerra egin zituena; mendeetan zehar bere hizkuntza eta nortasuna harrotasunez gorde zituena; gudaroste eta itsas armadak antolatzeko adina indar bazuena; klandestinitatearen lazerian aberri-gogoa suspertzeko gai izan zena; askatasunaren alde herri oso bat mobilizatu eta ehunka gizon-emakume borrokara bideratu zituena...
Ez daitezela ahanzturan gera aberri honengatik mendeetan zehar isuri diren malkoak, odolustu diren gorpuak, hautsi diren bihotzak, eman diren bizitzak, egin diren doluak eta ziega urrun eta ilunetan ezerezean galdu diren urteak. Kontaezinak baitira gure aurrekoek aberriaren alde eginiko ahalegin eta sakrifizioak.
Ez dadila ahanzturan gera ere zergatik ginen abertzale. Abertzaleak ginen aberria maite genuelako. Gure aurrekoei leial iraun nahi genuelako. Gure nortasunarekin harro ginelako. Duguna baino askoz gehiago merezi dugula sinesten genuelako. Ez genuelako galtzaile izan nahi, ez eta gatibu ere, are gutxiago hilotz. Bizi nahi genuen, gure seme-alabei etorkizun bat segurtatuz denboran betiraunez.
Herri honek ez du ezer ospatzeko, aske izatea zer den ahantzi duten preso zaharkitu etsituek ezer ospatzekorik ez duten bezala. Ziegako gela estutuz doa, gelako airea agortuz, denbora ihesi doa eskuetatik eta ez gara gai etsipenaren lozorrotik irteteko. Akaso amesteari utzi, iratzarri eta kartzelatik ihes egiteko zinezko hautua egiten dugunean, hautu horren inguruan elkartu eta antolatzen hasten garenean, eta ihesaldia aurrera eramateko estrategia bat martxan jartzen dugun horretan, orduan izango dugu, preso izanik ere, zerbait ospatzeko.
Hau ez da ospakizunerako deialdia, azken ahalegin baterako garrasia baizik. Boterea biziraupenaren eta independentziaren aurrebaldintza dela jakitun, abertzaleon indarrak metatu eta artikulatzea helburu duen estrategia eta antolakuntza bat aurrera eramatera deitzen dugu, azken ahalegin batean, harik eta Euskal Herria iratzar dadin lozorroan betiko galdu baino lehen.
Aberri Eguna 2021
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu