Euskal Herriak garai politiko berri bat bizi du. Euskal herritar anitzi esker, gatazkaren behin betiko konponbidea erreala bihurtzen ari da. Apustu zintzo horren aitzinean, nazioarteko pertsonalitate ezagun franko agertu ziren Donostiako konferentzian, Euskal Herriak bizi duen gatazka, maila internazionalera pasaz. Urriaren 17ko egun hartan, Euskal Herriak behar duen bake iraunkor eta justua lortzeko bide orri bat proposatu zuten. 3 egun berantago, ETA erakunde armatuak, bide orriaren lehen puntuari baikorki erantzunez, jarduera armatua behin betiko gelditzen zuela adierazi zuen. Aieteko konferentziaren bigarren puntuak dioen bezala, frantziar eta espaniar estatuek zentzu berean doan urrats bat egin behar dute orain. Ausardi eskasaz seguraski, estatuek hitzak baizik ez dituzte bota, eta zer-nolako hitzak!
Aspalditik ezagutzen dugun politika errepresiboarekin segituko dutela. Txarrago oraindik, frantses estatuak espaniar agintarien manuei konformatuko zela erran zuen, betiere gatazkan duen parte hartze zuzena ukatzeko eta bere erantzunkizuna espainiar gobernuen gain uzteko. Baina, tematze horrek ezin du iraun. Denen ardura denez aterabide justu baten atzematea, argi da frantziar estatuak ere zuzenki parte hartu beharko duela desafio horretan. Horregatik, guri izanen da Frantzia mugiaraztea, orain arteko bere politika koldar hori alda dezan.
Parean dugun ariketa ez da erraza. Hala nola gaur aldarrikatzen dugun aterabide demokratikoa lelo bat baino gehiago da, horren emaitza delako biharko bakea izanen. Gaur eta hemen dugu hasi behar bake hori eraikitzen. Guri dagokigu, hurrengo belaunaldiei, demokrazia erreal bat transmititzea.
Prozesu luze horretan, gazteen parte hartzea ezinbestekoa da, sortzen den giro berrian gure hitza entzunarazteko. Guri dagokigu mugimendu indartsu bat ukaiteko aukerak sortzea, ez dezaten biharko Euskal Herriaz eztabaidatu gazteen hitza kontuan hartu gabe. Ezin dugu desafio hau bakarrik aditu batzuen esku utzi, zilegitasun osoa dugu gure iritzia plazaratzeko.
Azken urte hauetan gure belaunaldiak errepresio handia bizi izan du: gazteen atxiloketak, euroaginduak, laborari gazteen kriminalizazioa... Horiek guztiak frogatzen dute Euskal Herrian gatazka bat bizi dugula.
Holako egoerak ez ditugu gehiago bizi behar. Panorama politiko berri bat behar du egungo euskal gazteriak. Baina horretarako, arazoaren ondorioak baino gehiago, arazoaren jatorriari dugu denek aterabide bat atzeman behar. Aterabidearen gakoa hitza da, gazteena barne!
Abenduaren 10ean gazteak Baionara! Aterabide demokratikoa orain!
Abenduaren 10ean gazteak karrikara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu